Mondragon Taldeak elkarlanerako akordioa sinatu du Grifolsekin

Osasungintzarekin lotutako proiektu zehatzak garatzea da hitzarmenaren helburu nagusia

Kiro Oncology robota, artxiboko irudi batean. ANDONI CANELADA / FOKU.
Paulo Ostolaza.
2019ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Aspaldidanik dabil Mondragon Taldea osasungintzaren alorrean proiektuak garatzen; Mondragon Health unitate estrategikoaren bidez, esate baterako. Kooperatibak atzo iragarri zuen sektorean aurrera egiteko hurrengo pausoa: Grifolsekin akordioa egin du, taldeak dituen robotika eta instrumentazio teknologiak osasungintzaren alorrera aplikatu eta zenbait proiektu garatzeko. Hitzarmenak formakuntza eta talentuaren alorrean ere eragingo du, Mondragon Unibertsitatearekin elkarlana sustatuko baita.

Elkarlanaren ondorioz sor daitezkeen proiektuak ebaluatu eta lehentasunak ezartzeko, datozen hilabeteetan ekintza bateratuak egiteko batzorde bat osatuko dute; bi konpainietako kideek hartuko dute parte.

Iñigo Uzin Mondragon Taldeko presidenteak adierazi duenez, «oso pozgarria da urte askotako lankidetzaren ostean Grifolsekin akordioa sinatzea. Osasungintzan eta antzeko sektore estrategikoetan garapena eta negozio berriak bilatzea da hitzarmen horren helburua».

Albistea emateko orduan, bide beretik jo dute Grifols taldeko ugazabek, Victor Grifols Deu eta Raimon Grifolsek. Adierazi dutenez, Mondragon Taldeak «ibilbide esanguratsua du», teknologiaren munduan liderra da eta, eurentzat, «osasungintzaren eta farmazia sektoreetan berrikuntza teknologikoak garatu eta lortzeko aukera bikaina da» ezagutarazi berri duten akordioa.

Ez da bi enpresa horiek harremanetan dabiltzan lehen aldia. 2010ean sortu zuen Mondragon Kooperatibak Kiro Robotics, ospitaleetako makineria espezializatutako enpresa. 2014an erosi zuen Grifolsek enpresa horren %50 —Kiro Grifols izena du orduztik— eta 2017an beste %40. Mondragonek jarraitzen du gainerako %10aren jabe izaten.

Grifols 1909an Bartzelonan sortutako konpainia da, osasungintzan espezializatua. Transfusioarekin lotutako medikuntzan du ospe handia. Ibex-35 indizean dago enpresa, 22.000 langile baino gehiago ditu 30 herrialdetan, eta bere produktuak 100 herrialde baino gehiagotan saltzen dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.