Mondragon Industriak ondo eutsi dio Ulmaren eta Oronaren irteerari

Industria alorraren aurtengo fakturazioa 2022koa baino pixka bat handiagoa izango dela iragarri du taldeak, eta esan du ez duela espero enpresa gehiago irtetea.

Mondragon Taldea
Mondragon Taldearen egoitza nagusia. JUAN HERRERO / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2023ko abenduaren 15a
12:15
Entzun

Mondragon Taldearen industria alorrak 5.000 milioi euro inguruko salmentekin bukatuko du 2023a. Urtebete da Ulma eta Orona talde kooperatibotik irten zirela, eta datu horrek adierazten erabaki hark ez duela eraginik izan taldeko beste enpresetan. Izan ere, alor horretako 2022ko salmentak 4.848 milioi eurokoak izan ziren —Ulma eta Orona kontuan hartu gabe—, aurtengorako espero dituenak baino pixka bat txikiagoak.

«Ziurgabetasun handiak egon arren, industria jardunaren bilakaera ona da», azaldu du Mondragonek berak. Abenduaren 16an urtebete beteko da Ulmak eta Oronak taldea utzi zutenetik, eta kooperatibak lasaitasun mezu bat bidali nahi izan du, zabaldu baitu ez duela espero «beste irteerarik». Alor horretan daude, besteak beste, Fagorren atalak, Orbea, Batz, Domusa eta Danobat. Irizar eta Ampo, berriz, 2008an irten ziren.

Ulmaren eta Oronaren artean 11.300 langile irten ziren arren, Mondragon Taldeak 70.000 langile ditu oraindik.

Bi kooperatibek alde egitea kolpe gogorra izan zen taldearentzat, bien artean mozkinen %28 lortzen baitzituzten. Zenbaki orokorrei dagokienez, 2.000 milioi euroren fakturazioa zuten, eta 11.300 langile. Haiek gabe, egun 70.000 langile daude Mondragon korporazioko 83 kooperatibetan, eta 2022an 10.607 milioi euroren salmentak egin zituzten. Hortaz, arduradunek aurreratu dute 2023ko bilakaera «positiboa» izan dela.

Ulma eta Orona irtetea taldeak izan duen krisi handienetako bat izan da, Fagor Etxetresnen porrotarekin batera. Hori dena Iñigo Uzinek kudeatu zuen presidente karguan; orain berri jakinarazi dutenez, Pello Rodriguezi pasatuko dio lekukoa. Uzinek erretiroa hartuko duelako utziko du kargua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.