Mondragon Industria %15 handitu da, Ulma eta Orona kontuan hartu gabe

Taldetik irteteko prozesua bi kooperatibek kudeatu beharreko zerbait dela esan du Iñigo Uzinek, eta ez dutela zertan Lagun Aro utzi behar

Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2023ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Mondragon taldea hasia da Ulmaren eta Oronaren irteeraren osteko aroan pentsatzen. Are gehiago, dagoeneko badaki iaz zer emaitza izan zituen bi enpresa horiek kontuan hartu gabe: «Industria taldea %15 hazi zen iaz. 2021. urtearekin alderatuta, eta Ulmaren eta Oronaren zenbakiak kontuan hartu gabe eginiko kalkuluen emaitza da», zehaztu zuen atzo Iñigo Uzinek, Mondragon taldeko presidenteak. Industria taldeak 4.800 milioi euroko fakturazioa izan zuen, eta azpisektore guztiak hazi ziren.

«Taldea ondo dago, baita multzo industriala ere, eta salmenta zorroaren egoera ona da. Urte ona izan zen, oro har», laburbildu zuen. Hilabete da Ulmak eta Oronak Mondragon taldea utzi zutela, eta presidenteak lasaitasun mezua bidali nahi izan zuen. «Gertakari aipaezina albo batera utzita ere, hazten jarraitu dugu». Lehengaien eta energiaren garestitzea nozitu zuten, baina Uzin pozik dago emaitzekin. Era berean, nabarmendu zuen industria ekipamenduen eta makina-erremintaren azpisektoreak direla hobekien ibili zirenak.

Orain, Ulmaren eta Oronaren irteera gauzatzeko garaia da, eta Uzinek argi utzi zuen prozesu hori bi enpresen ardura dela: «Guk ez dugu ia ezer kudeatu behar». Era berean, azaldu zuen enpresek ez dutela zertan Lagun Arotik irten: «Guk ez dugu inor botatzeko ez asmorik, ezta ahalmenik ere». Gogoratu zuen Irizarrek eta Ampok Mondragon utzi ostean ere Lagun Aron jarraitu dutela.

Laboral Kutxa, ondo

Taldeko beste enpresei dagokienez, Laboral Kutxak urte «ona» izan zuen, Eroskik «bilakaera positiboa», eta unibertsitateek beren eskaintza zabaldu zuten. Uzinek Bihar adinekoentzako zaintza zerbitzu integrala eskaintzen duen kooperatibaren aurkezpenean egin zuen errepasoa.

Aurtengoari begira, «ziurgabetasun» giroa aipatu zuen, egoera oso aldakorra baita. «Udazkenean hondamendia etorriko zela zirudien, sekulako atzeraldia, eta begira, ez da halakorik gertatu». Pandemiak ez zien asko eragin Mondragon taldeko hainbat enpresari; oraingo krisian, berriz, eragina ez da hain uniformea: «Interes tasen igoera da eredu onena. Laboral Kutxari mesede egiten dio, baina agian autoa edo etxea erosteko gogoak uxatu ditzake, eta horrek beste sektore batzuei eragin diezaieke».

Inbertsioak ere aipatu zituen, eta esan zuen «enpresa interesgarriak» erosteko bidean daudela. Aurki proiektu berriak aurkeztuko dituztela aurreratu zuen, besteak beste, auto elektrikoarekin harremana izango dutenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.