Mondragon: «Ez du zentzurik Fagorren ekarpenak guri eskatzeak»

Eskuratu-ri eta Ordaindu-ri gogorarazi die «hartzekodun handiena» korporazioa bera dela

Aurreko larunbatean Arrasaten egindako martxa. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
xabier martin
2014ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Mondragonek kolpe bat jo du mahai gainean. Fagor Etxetresnen auziaren prozesuan sarritan erakutsitako jarrera iheskorra eta isiltasuna hautsi du Eskuratu eta Ordaindu elkarteei erantzuteko. «Ez du zentzurik Mondragon taldearen barruan arduradun bat bilatzeak kooperatibaren jarraipenaren inguruan hartutako erabakien inguruan. Ardura horiek erabakiak hartu dituenarenak izan daitezke bakarrik». Argi eta ozen. Korporazioa ez da gertatutakoaren erantzule, eta, beraz, «ez du zentzurik bere kooperatibari bazkide-banakoek egindako ekarpenen itzulera Mondragoni eskatzeak».

Fagor Etxetresnen porrotean bazkideek galdutako aurrezkiak —borondatezko ekarpenak, merkataritzako maileguak eta ekarpen bereziak— itzultzea nahi dute Eskuratu eta Ordaindu elkarteek, aurrezki horien zati baten jabeen taldeek. Mondragonek, ordea, erabaki «irmoa eta behin betikoa» hartu du auzi horri buruz. «Taldearen errealitatetik at dago eskaera hori»; hala, Mondragonek ez du onartuko, «inola ere».

Aurreko larunbatean, manifestazioa egin zuten Arrasaten Eskuratu-k eta Ordaindu-k, 50 milioi euro itzultzea eskatzeko, eta mobilizazioak areagotu egingo dituztela esan zuten atzo, Mondragonek aurreko asteko batzorde iraunkorrean onartutako agirian zer esaten den jakin ondoren. Agiri hori TUlankide korporazioaren argitalpenean kaleratu da.

Gehiago jartzea, ezinezkoa

«Apaltasuna eta zuhurtzia» eskatu dio Ordaindu plataformak Arrasateko industria taldeari. «Akats larria» egiten ari dela ere esan dio, eta «kooperatibista ez den jarrera» hartu duela. Mondragonek, ordea, oso argi dauka auzia: «Fagor Etxetresnen hartzekodun handiena Mondragon taldea da». Horiek horrela, bazkideek dituzten arriskuak eta onurak gogoratzen ditu agiriak. «Bazkide guztiok dakigu, kooperatibaren jabe izanik, arriskuak eta onurak ditugula».

Arrasateko talde kooperatiboak azarorako deituko du kongresura, BERRIAk aurreratu zuen moduan. Ordurako taldearen presidente berriaren izena ezagutzea espero da. Orain egun batzuk, batzorde iraunkorrak batzarra izan zuen, eta deialdia egitea espero bazen ere, hura ez da jakinarazi oraindik. Organo horrek, ordea, Ordaindu eta Eskuratu-ri erantzun argia eman dion agiri bat onartu zuen, eta lerro horietan Fagor Etxetresnen auziaren iritzia eman du Mondragonek, ardurak norenak diren eta taldeak nola diharduen azalduz.

«Mondragonen erakundeak eta beste kooperatiba batzuek elkartasun ahalegin oso garrantzitsua egin dute Fagor Etxetresnen eta Edesaren alde», diote agirian. «Maximo historikoetara eraman dira kooperatiben arteko mekanismoak, egingarriaren mugara iritsiz». Arrasatek gogorarazten du taldearen ohiko funtsak, funts bereziak eta beste hainbat tresna erabili direla kooperatiba ikurraren alde, «enplegu soberakinak arintzeko, era berean». Funts horiek martxan egon ziren, «funts gehiago jartzea ezinezkoa izan zen arte». Edonola, Fagorren krisiaren hasieratik garbi esandakoa errepikatu dute agirian enpleguari dagokionez, hau da, taldeko kooperatiba guztien «borondatea eta lehentasuna» enpleguari «soluzioak» ematea dela.

Baina galdutako bazkideen aurrezkien itzultzeari dagokionez, Mondragonek garbi dio zein den korporazioaren oinarria: «Kooperatiba autonomo eta subiranoen elkartzea»; helburuak, balioak eta oinarrizko printzipioak partekatzen dituzten enpresa autonomoek osatzen dute Mondragon, finean, eta hark ez luke «eskuduntzarik ere» horrelako itzulketarik egiteko. «Kooperatiba bakoitza bere kudeaketaren eta etorkizunaren jabe eta arduradun da. Ardura hori ezin zaio beste bati egotzi».

Cataren sinadura, bihar

Hamaikagarren atzerapenaren ondoren, bihar da sinatzekoa Cataren aldeko Fagor Etxetresnen aktibo gehienen adjudikazioa. CNA Kataluniako taldeak Pedro Malagon epaileak udan hartutako erabakia gauzatuko du, eta lantegi eta beste hainbat aktiboren jabe bihurtuko da. Ezinbesteko urratsa da hori Fagor Etxetresnak kooperatiba zenaren hainbat jarduerarekin hasteko. Muga non dagoen garbi azaldu du taldeak.

Datorren hasterako 155 izango dira Catak egindako kontratazioak Arrasateko bere enpresa berria martxan jartzeko. Garagartzan (Arrasate) eta Eskoriatzan lanak oso aurreratuak daude industria jarduerari bi aste barru ekiteko, egosketa eta etxetresna txikien atalean. Bihar adjudikazioa sinatzea ezinbestekoa da, edonola ere,kontratu berri horiek eta beste hainbat egin daitezen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.