Mondragon Taldeko teknologiako abangoardian dagoen kooperatiba batek beste urrats bat egingo du, luze gabe, automatizazioaren eta eguzki energiaren sektoreetan munduko erreferente gisa sendotzeko. 3,5 milioi euroko inbertsioari esker, lantegi berria zabalduko du Txinan Mondragon Assemblyk. Merkatu estrategikoa da Aretxabaletako (Gipuzkoa) enpresarentzat, eta han hazteko duten premiari erantzuteko emango du inbertsioaren pausoa. Izan ere, 2014an Txinan jarduera garatzen hasi ondoren, eskaerak iristen ari zaizkio enpresari Asiako merkatu erraldoian.
Mondragon Assemblyk 12.000 metro koadroko lursail bat erosi du Qiandengeko industria parke berrian (Kunshan), eta 7.000 metro koadro inguruko lantegi bat eraikiko du han. Eraikinak 6.000 metro dauzka ekoizpen gunerako eta 1.000 metro koadro bulegoetarako. Espero da eraikitze lanak 2019aren erdialdean hastea, eta 2020aren lehen lauhilekoan jardueran egotea dagoeneko.
"Urtetik urtera sendotzen ari gara merkatuan, eduki teknologiko handiko proiektuetako erreferente gisa", esan du Mondragon Assembly Txinako zuzendari Mikel Gantxegik. "Lantegi berriak hazten jarraitzea ahalbidetuko digu, baita erronka berriei heltzea ere Txinaren moduko merkatu lehiakor batean, gure bezeroek eskatu diguten moduan”.
Hornitzaile globala
Txinako fabrika berriak soluzio automatizatuen hornitzaile global gisa sendotzea ahalbidetuko dio Mondragon Assembly Taldeari, enpresak dioenez. "Bezeroek behar duten lekuan, herrialde bezero bakoitzaren premietara egokitutako balio teknologiko handiko soluzioak" eskaini nahi ditu Aretxabaletako kooperatibak. “Mondragon Assemblyren "ingeniaritza globala" lortzen da ekoizpen lantegi sare sendo bati esker. Alemanian, Frantzian, Mexikon, Brasilen, Txinan eta Aretxabaletan ditu ekoizpen zentroak enpresak; "haien arteko ezagutza eta teknologia transferentziari esker lortzen dugu hori”, dio Automatizazio negozioko zuzendari Iñigo Velezek.
Mondragon Assembly Txinak 8 miloi euroren salmentekin eta 85 langilerekin (enplegu zuzena) itxi zuen 2018ko ekitaldia, eta 2019rako, berriz, 12 miloi euroren salmentetara iristea espero da, 100 behargineko lantaldearekin.