Mitxel Lakuntza berriz aurkeztu dute ELAko idazkari nagusi izateko, beste lau urtez

Ekainaren 2an eta 3an egingo dute ELAren XVI. Kongresua. Sindikatuak iragarri du konfrontazio ereduan eta greba erabiltzearen aldeko apustuan sakonduko duela.

Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusia, gaur, Bilbon. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusia, gaur, Bilbon. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2025eko martxoaren 24a
13:50
Entzun 00:00:0000:00:00

Mitxel Lakuntza beste lau urtez izango da ELA sindikatuko idazkari nagusi. Nazio Batzordeak sindikatuko batzorde eragilea osatzeko proposaturiko zerrendaren buruan dago, eta ordezkariek ekainaren 2an eta 3an bozkatuko dute zerrenda hori berretsi ala ez, Bilbon, ELAren XVI. Kongresu Konfederalean. Ezusteko handirik ezean, batzarkideek ontzat joko dute proposamena, eta Lakuntzak gidatuko du sindikatua hurrengo lau urteetan ere. Haren albokoa izateko hautagaitzan ere ez dago aldaketarik, Amaia Muñoa proposatu baitute.

Lakuntzak 2019an hartu zuen lehenengoz ELAko idazkari nagusiaren kargua. Ezohiko kongresu batean izan zen hori, eta Adolfo Muñoz Txiki-ren lekukoa hartu zuen. Karguan dagoenetik egindako bigarren kongresua izango da ekainekoa, eta haren aurkezpenean esan du berarengan jarritako konfiantza eskertzen duela, baina nabarmendu du sindikalismoa talde lan gisa ulertzen duela. Gaur egun 49 urte ditu, eta, berez, erretiroa hartu bitartean aukera izango luke postuan jarraitzeko, ELAren estatutuetan ez baita inongo mugarik zehazten agintaldi kopurua dela eta.

«Gure nortasunaren ezaugarrietan sakonduko dugu kongresuan. Eredu autonomoaren eta konfrontazioaren alde egiten dugu sindikatu gisa, horrela bakarrik lortzen baita lan baldintza kaskarrak iraultzea»MITXEL LAKUNTZAELAko idazkari nagusia

Batzorde eragilea da ELAko aginte talde gorena, eta hamabi kidek osatzen dute. Ekainerako hiru izen berri proposatu dituzte: Luis Fernandez sindikalizazio eta militantzia arduradun izango da, Ane Bilbao zerbitzu juridikoetako buru, eta Unai Oñederra prestakuntzaz, Iparraldeaz eta estrategia subiranistaz arduratuko da. Duela lau urteko zerrendarekin alderatuta, sindikatuan bide luzea eginiko izenak falta dira: besteak beste Mikel Noval ikerketen arloko buru ohia —erretiroa hartu du—, eta Joseba Villarreal hauteskunde sindikaletako arduradun ohia —beste eginkizun batzuetan aritzeko eskatu du—.

Langileak antolatu, gizartea eraldatu lelopean egingo du kongresua ELAk. Txosten nagusia oraindik eztabaidatzen ari diren arren, sindikatuaren «nortasunaren ezaugarrietan» sakonduko dutela aurreratu du Lakuntzak: «Eredu autonomoaren eta konfrontazioaren alde egiten dugu sindikatu gisa, horrela bakarrik lortzen baita lan baldintza kaskarrak iraultzea».

Mitxel Lakuntza.
ELAren kongresuaren aurkezpena. Ezkerretik eskuinera: Leire Txakartegi antolakuntza arduraduna, Mitxel Lakuntza idazkari nagusia, Amaia Muñoa idazkari nagusiaren ondokoa, eta Ivan Gimenez komunikazio arduraduna. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU

Idazkari nagusiak azaldu du azken urteetan greba baliatzea izan dela konfrontazio eredu horren ardatzetako bat, eta emaitza onek erakusten dutela borroka molde hori eraginkorra dela. «Ikusi dugu grebak direla lan hitzarmen hobeak lortzeko erremintarik aproposena, eta bide horretan sakondu nahi dugu», nabarmendu du Lakuntzak: «Patronalek eta administrazioek ezkutatu egin nahi dute errealitate hori, baina ez diot nik: estatistikek erakusten dute arrazoia dugula».

Halaber, gaineratu du Elkarrizketa Sozialeko Mahaia arbuiatuko dutela aurrerantzean ere; besteak beste, langileentzat oso garrantzitsuak diren eztabaidak blokeatzeko erabiltzen duelako patronalak.

Aliantzen beharra

Ainhoa Muñoak, kongresurako deia egitearekin batera, gaur egungo testuingurua hartu du hizpide, batzorde txostengilean jorratzen ari diren hainbat puntu azaltzeko. Alde horretatik, hiru aldagai nabarmendu ditu: militarismoaren gorakada, autogobernuaren krisia eta «ezkerraren beharra». Militarismoaz hitz egitean, «olatu belizista» aipatu du, eta nabarmendu langileak olatu horren aurkako eragile aktiboa izan daitezen nahi dutela.

Ezkerreko politiken beharra aipatzean, kritika zuzena egin die Elkarrekin Podemos eta EH Bildu alderdiei. Aurrenekoari leporatu dio zerga erreforma «hutsal bat» babestu izana Araba, Bizkai eta Gipuzkoan; eta bigarrenari, berriz, EAJrekin «akordio zabalak» lortu nahi izatea.

«Ontzat jotzen dugu LABekin gutxieneko soldataren alde egiten ari garen bidea, baina urruntzen gaituzten elementu estruktural asko daude»

AMAIA MUÑOA ELAko idazkari nagusiaren albokoa

Autogobernuari dagokionez, nabarmendu du EAEz eta Nafarroaz ari direla auzi hori aipatzean, eta euskararen aurkako erasoak ere gai horrekin lotu ditu Muñoak. Salatu du instituzioen erantzuna «ahula baino ahulagoa» dela, eta onartu erakunde abertzaleak ez direla gai izan estrategia egokiak diseinatzeko. Horren harira, bi gako aipatu ditu: «eztabaida gizarteratzea» eta «aliantzak» sortzea.

Nolako aliantzak, ordea? LABekin batera gutxieneko soldataren alde eginiko plataforma hor sartu behar da? Muñoak esan du lan esparru propioa autogobernua sakontzeko nahi horrekin lotu behar dela, baina, oraingoz, LABekin abiatutako elkarlan hori borroka jakinetarako baino ez dela: «Urruntzen gaituzten elementu estrukturalak ditugu: negoziazio kolektiboa, eztabaida mahai jakin batzuk... Azkenaldian hori ez da hobetu. Ontzat jotzen dugu gutxieneko soldatarekin egiten ari garen bide hori, baina ez dugu nahi horrek nahasmena elikatzea. Zoritxarrez, ez dago aukerarik aliantzaz hitz egiteko, hala nahiko genukeen arren, baina kapazak gara ekinbide jakin batzuk elkarrekin gauzatzeko».

Emakumeak gehiengo izango dira kongresuan: %53,2

Urtez urte, emakumeak gero eta gehiago dira ELAn, hala afiliatuen nola ordezkarien artean. Horiek horrela, ekaineko kongresuan aurreneko aldiz emakumeak gehiengo izango dira boza emateko aukera dutenen artean. Izan ere, botoa emateko eskubidea duten ELAko 736 ordezkari bilduko dira kongresuan, eta horietatik 392 emakumeak izango dira (%53,2). 2021eko bileran %47,2 izan ziren; 2017koan, %42,8, eta 2013koan, %33,4. ELAk 104.159 afiliatu ditu, eta horietatik %47,7 emakumeak dira, 49.699. Duela lau urteko kongresuan, afiliatuak 100.925 ziren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.