Eta hemen ez da ezer gertatu. Caixabankek Banca Civica eta, harekin, Nafarroako Kutxa beretu egin du, eta, hala ere, «aliantza bat» dela iritzi dio Alvaro Miranda Nafarroako Ekonomia kontseilariak. Urte guztiotan Nafarroako Kutxako erabaki organoetan izan da eta diru sari oparoak poltsikoratu ditu Mirandak, eta orain garrantzia kendu nahi izan dio erabaki guneak Nafarroatik kanpo uzteari, eta zerga bidez diru gutxiago biltzeari: «Ez du inongo eraginik izango». Kutxako agintari politikoen deiari erantzunez, burtsan Banca Civicako akzioak hasieratik erosi zituzten 26.000 aurrezle nafarrek inbertsioaren %27 galdu badute ere, horiek «merkatuaren arauak» direla gogorarazi die orain Mirandak. Haren ustez, «Espainiako finantza talde handiena eta sendoena da» eta hobe bertan izatea «finantza ahalmen txikiagoko beste batean egotea baino». Hiru hitzetan: «Konponbide onena da».
Bere erantzukizuna zuritu nahian, Mirandak arrazoitu du Nafarroako Kutxak Banca Civicaren barruan egin duen bideak «epa bat» zuela. Haren hitzetan, 45 aurrezki kutxa izatetik «dozena erdi bat finantza erakunde» handi izatera igaro da finantza sistema. Hala,«pentsaezina» zen Nafarroako Kutxa sei erakunde horietako bat izatea. «Ez zegokigun halako ardurarik, ez tamainagatik, ez kokapenagatik».Nafarroako Kutxaren truke 157 milioi euro inguru pagatu ditu Caixak, baina beste behin erantzukizun oro saihestu du: «Finantza erakundeak dira, eta botere publikoek oso gutxi edo ezer ez dugu esateko».
Ezker abertzaleak, Aralarrek eta EAk Nafarroako Kutxako egoitzaren aurrean erantzukizun politikoak hartzeko exijitu zieten atzo goizean UPNko eta PSNko agintariei. Txelui Moreno ezker abertzaleko eledunaren ustez, Yolanda Barcina Nafarroako lehendakariak eta Roberto Jimenez presidenteordeak dimisioa eman beharko lukete.«Joan daitezela eta utz ditzatela beren karguak, foru erkidegoaren hobe beharrez». Haren esanetan, «logikoena eta naturalena» zen euskal kutxen arteko federazioa eratzea. «Haien obsesio horrek dena espainiartzera eramaten ditu».
Deskapitalizazio itzela jasan du Nafarroako Kutxak. 2009ko irailean bat-egite prozesuekin hasi aurretik, kontu liburuetan 1.300 milioi eurokobalorazioa zuen kapitalak. Iazko uztailean, burtsaratzerakoan, 216 milioi euroko balioa zuen CANek, eta Caixak, berriz, 157,6 milioi euroren truke erosi du azkenean. Morenoren ustez, «eskandalu bat da».
Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaile nagusia irmo mintzatu da operazioaren aurka, «mota askotako ondorio txarrak» izango dituelako. Alde batetik, «nafar askoren lanpostuak galtzera doaz. Nafarroak bitarteko ekonomiko garrantzitsu bat galdu du eta hori guztia gauzatu da kontrol politikorik gabe. Parlamentuari ebatsi egin zaio esku hartzea». Zabaletaren arabera, Caixaren erosketa «azken atala besterik ez da» izan, eta kutxako egungo batzorde guztietako ordezkariei «duintasun izpi bat geratuko balitzaie» jada dimisioa emanda eduki beharko zuketen.
Haren ustez, arduradun politiko nagusia «Miguel Sanz da eta Yolanda Barcina bere jarraitzaile» izan da; PSNk, berriz, «erraztu egin du haren jokabidea». Bi alderdi horiek euskal kutxekin bat egin baino «beste edozein gauza nahiago zuten, nahiz eta Nafarroaren kaltetan jokatu».
Hurrengo egunetan,hainbat ekimen aurkeztuko ditu Nafarroa Baik Parlamentuan. Bilduk «Nafarroako Kutxa desagerrarazi dutenen aurkako mozioa» aurkeztu du Parlamentuan. «Nafarroako Kutxako arduradun politikoek jendartearitresna ekonomiko inportatea kendu egin diote».
Kudeaketa «ezin txarragoa»
ELAren ikuspegitik, berriz, Banca Civicaren zuzendaritzak «kudeaketa ezin okerragoa egin du», eta Nafarroako Kutxako Administrazio Kontseiluak «hegalak eman zizkien eta amets megalomanoei ez zien inolako oztoporik jarri». Salmentaren prezioa «irrigarria» izan dela iritzi diote, eta horregatik, UPNri eta PSNri erantzun politikoak eskatu dizkie: «Erakunde honen kontura aberastu diren politikarien erantzukizuna exijitzen dugu, eta salatzen dugu aurpegia zuritzeko saiakera».
LABen arabera, Nafarroako Kutxak bere epitafioa idatzi du: «CAN likidatua». Kutxako afiliatuei ohartarazi die Caixaren aukerarekin bulego sarean «doikuntzak jasateko arriskua handiagoa» dela. Langileak batzera deitu ditu.
Mirandak «konponbide onena» dela esan, eta erantzukizunari izkin egin dio
Nafarroako Kutxaren salmentagatik, alderdi abertzaleek dimisioa aurkezteko exijitu diete UPNko eta PSNko burueiEkonomia kontseilariak dio albiste ona dela Espainiako talde sendoenaren parte izatea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu