Euskadiko Parke Teknologikoak eta Donostiako Udalak gaur goizean sinatu dute Illunben 28.500 metro koadroko partzela bat erosteko hitzarmena. Horrek modua emango du enpresa gehiago hartzeko lekurik gabe geratu den. Hitzarmena Eneko Goia alkateak eta Jaione Ganzarain Euskadiko Parke Teknologikoko presidenteak sinatu dute. Haiekin batera, ekitaldian parte hartu dute Eusko Jaurlaritzako Industria sailburu Mikel Jauregik eta Gipuzkoako ahaldun nagusi Eider Mendozak.
Javier Garcia Cogorro ere izan da ekitaldian. Illunbeko lurzoru horretan egingo den proiektuaren sustatzailea da Cogorrok sortu eta zuzentzen duen Columbus Venture Partners inbertsio funtsa. Viralgen bioteknologia enpresako presidentea ere bada —enpresa horrek Miramonen du egoitza—. Cogorrok bioteknologiarekin lotutako enpresak jarri nahi ditu, eta Illunbeko lurzoru horretan egingo du. Horrek lagunduko du, agintarien iritziz, «Donostia nazioarteko erreferente gisa finkatzen biozientzien eta biomedikuntzaren arloan».
Guztira 80 milioi inbertituko ditu Columbus Venture Partners funtsak. Lehen fasean lurzoruaren %40an eraikiko dituzte enpresa berrien egoitzak, eta 2026rako amaitzea espero dute. Urtebete geroago bukatuko dute proiektu osoa.
Lurzoru gabezia
Illunbeko partzela erosteko hitzarmena Euskadiko Parke Teknologikoaren estrategia globalaren parte da, eta helburutzat dauka Gipuzkoako Parke Teknologikoko okupazioari eta eskaera handiari erantzutea. Duela bi aste eskas egin zen Euskadiko Parke Teknologikoaren eraikin nagusiaren lehen harria jartzeko ekitaldia, Hernaniko campusean, Galarretan. Espero dute eraikin hori 2026aren amaierarako bukatuta egotea, eta 10.000 metro koadro jarriko ditu enpresa teknologikoen eskura.