Mingain urdin gaitzaren kasu bat aurkitu dute Euskal Herritik 40 kilometrora, Biarnoko artalde batean

Klima baldintzak direla eta, mingain urdinaren gaitza azkar hedatzen ari da artaldeetan. Pirinioetan barna 8 serotipoa litzateke, eta ez 3, Belgikan eta Frantzia iparrean ikusi den bezala.

Artalde bat arditegian, Baigorrin, 2022ko udaberrian. GUILLAUME FAUVEAU
Artalde bat arditegian, Baigorrin, 2022ko udaberrian. GUILLAUME FAUVEAU
Iñaki Etxeleku.
2024ko abuztuaren 12a
16:40
Entzun

Europa iparraldean 3 serotipoko mingain urdinaren gaitzak kalte handiak eragin ditu azken asteetan. 8 motakoa ez da hain bortitza, baina, halere, kabalaren heriotza eragin dezake. Azken egunetan, Aude, Ariege eta Ekialdeko Prinioetako departamenduetan agertu da Okzitanian. Handik are mendebalderago heldua da, ezen Pirinio Atlantikoetako prefeturak jakinarazi du Biarnoko Louvie-Juzon herrian artalde batean kausitu dutela, Euskal Herritik gertu.

Mingain urdin gaitzaren kasuetan ez dituzte aziendak konfinatzen, ez eta hilarazten ere, eta, bizkitartean, artaldeetan kalte handiak egin ditzake eta hunkia den kabala ezin da saldu. Esne apaltze handiak eragiten dizkie ardiei, arkaltzeko arazoak eta kabalaren heriotzaraino joan daiteke. Behiak eta ahuntzak ere jo ditzake, nahiz gutxiago gertatzen den.

Prefeturak eskualdeko marexalei kasu berrien seinalatzea eskatu die, eta hazleak beren saldoen txertatzera akuilatu nahi ditu. Batzuek jada egina dute. Gaitzak joak diren ardiek hats hartzeko zailtasunak erakuts ditzakete, baita elderra eta mihi urdina ere. Izan daitezke sintomarik erakusten ez dutenak. Ulitxa batek transmititzen die gaitza ardiei, eta uda honetako aroak erraztu luke hedadura.

Bortuko tropak hunkiak izan daitezke, eta artzainen artean arrangura bada zabal dadin. Administrazioaren arabera, ez da berantegi ardien txertatzeko, baina kostu handia du, eta dena hazlearen gain da, oraingoz. Laura Irigarai ELB sindikatuko hazkuntza saileko laboraria da, eta baieztatu du hazleak kezkatuak diela mihi urdinaren hedatzearekin. «Ardietan biziki kaltegarria da; bada hiltze eta eritze anitz».

Hazleak ohartu dira administrazioak proposatu «desinfekzio kolektiboak ez direla martxan». Ulitxen kontra hedatu pozoiek ez dute erabateko eraginik, eta, gainera, beste bizidunei kalte egiten diete, besteak beste erlezainek seinalatu dutenez.

Irigaraik erran duenez, txertoa ere ez da luzera begirako aterabidea. Gehiago dena, administrazioak horretara bultzatu nahi duenez, ez dute ulertzen hazlearen bizkar ezartzea kostuaren zama. «Horien aterabidea hori bada, behar dute kitorik proposatu». Etorkizunari begira, halere, beste aterabideak aipatu ditu hazleak: «Nola behar diren kabalak azkartu, immunitatea landu eta holakoak. Txertoa hastapeneko aterabide bat izan daiteke, baina luzaroko eritasunak dira, ez dira berehala joanen».

Eritasun hemorragikoa berriro

Ulitxa batek zabaltzen duen beste eritasun bat aipu da berriz ere azken egun hauetan: behien eritasun hemorragiko epizootikoa. Hor ere kasu berriak agertu dira Baxenabarren eta Lapurdin. Euskal Irratiek zabaldu dutenez, hamabost bat infekzio gune balirateke agerturik Oztibarre, Iholdi, Amikuze eta Hazparneko eskualdeen artean.

Bixente Zozaia Donazaharreko (Baxenabarre) marexalak, haatik, ez du uste iaz bezain kaltegarria gertatuko denik aurtengoa, Euskal Irratiei erran dienez. «Ez dugu uste iazko izurritea izanen denik, aurten. Eskuin-ezker izanen ditugu kasu batzuk, baina arinago eta aise gutiago, kabalak anitz immunizatuak direlako».

Kasu bat agertzen bada etxalde batean, gomendatzen dute jakinaraztea. Horri esker, laguntza bat eskuratu dezakete hazleek artatzeen pagatzeko. Horretan ere, Irigaraik ez du ulertzen administrazioaren jokamoldea, abeltzain eta botika gastuen %90 baizik ez baitu ordaintzen. «Ez dugu ulertzen zergatik ez duten ordaintzen %100». Gainerat, administrazioak laguntza sistema horretatik kanpo utzi zituen etxalde batzuk baizik ez, odol analisiak ez zituztela aurkeztu. «Tarrapatan ariturik ez zuten odol analisirik egin, edo, marexalak lanpetuak izanik, ez zuten astirik izan egiteko», gogoratu du Irigaraik. ELBrentzat, aldi honetan ere badu munta, beraz, odol azterketen egiteak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.