Mihi urdinaren gaitzaren kasu bat antzeman dute Oiartzungo artalde batean

Gipuzkoako Foru Aldundiak martxan jarri ditu gaixotasuna kontrolatzeko neurriak. Hiru hilabetetik gorako behi eta ardi guztiek gaitzaren kontrako txertoa hartu behar dute; ia 150.000 buru dira denera.

Artalde bat Lazkaomendiko larreetan. IÑIGO URIZ / FOKU
Artalde bat Lazkaomendiko larreetan. IÑIGO URIZ / FOKU
aitor biain
2024ko urriaren 31
11:45
Entzun

Gipuzkoako Foru Aldundiak indarrean jarri ditu mihi urdinaren gaixotasuna kontrolatzeko neurriak, albaitaritza zerbitzuek Oiartzungo (Gipuzkoa) artalde batean kasu bat antzeman dutelako. Horiek hala, aldundiak ustiategien jabeei ohartarazi die hiru hilabetetik gorako behi eta ardi guztiek gaitzaren kontrako txertoa «nahitaez» hartu behar dutela. Aldundiaren aurreikuspenen arabera, 105.000 ardi buru eta 41.300 behi inguru dira.  

Mihi urdina birus batek eragindako animalia gaixotasun bat da. Eltxoen bidez transmititzen da, eta animalia hausnarkariei eragiten die, ardiei, ahuntzei eta behiei batez ere. Egun 24 aldaera ditu, baina behi eta ardientzat arriskutsuenak 1 eta 8 mutazio motak dira. Bi aldaera horientzat badira txertoak, eta aldundiak iragarri du bera arduratuko dela horiek eskuratzeaz; gastu guztiak ere bere gain hartuko ditu. Kanpainarekin «berehala» hasiko dela adierazi du, gaitza zabaldu ez dadin.

Gaixotasunak animaliei bakarrik eragiten die, eta gaitza eragiten duen birusa ez da gizakientzat kutsakorra, ez baita transmititzen ez animaliekin edo artilearekin kontaktuan egoteagatik, ez elikagaiak kontsumitzeagatik, aldundiak gogorarazi duenez. Hogei urte baino gehiago dira lehen lehen kasua agertu zenetik, baina Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez da kasurik egon azken bi urteetan. Espainian eta Frantzian, berriz, hainbat kasu antzeman dituzte azkenaldian. Duela gutxi, esaterako, Biarnoko artalde batean detektatu zuten kasu bat, Okzitanian, Euskal Herritik 40 kilometrora. 

Txertoa hartzeaz gain, aldundiak adierazi du animalien jabeek hainbat neurri hartu beharko dituztela: muga batzuk izango dituzte animaliak Gipuzkoan bertan nahiz EAEn edo bertatik kanpora mugitzerakoan. Halaber, baldintza jakin batzuk bete beharko dituzte animalia azoka eta txapelketetan.

Aldundiak esan du sektorearekin etengabeko harremana duela, eta baserritarrei laguntzeko konpromisoa duela. Ustiategien jabeei eta albaitariei adi egoteko eskatu die, beste kasuren bat agertuko balitz ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.