Mileik martxan jarri du motozerra

Pesoaren balioa erdira jaitsi du, energia eta garraio laguntzak txikituko ditu, eta probintzien finantzaketa gutxituko.

JAVIER MILEI
Javier Milei Argentinako lehendakaritza hartzeko ekitaldian, igandean. JUAN IGNACIO RONCORONI / EFE
Iker Aranburu.
2023ko abenduaren 13a
14:45
Entzun

Argentinako gobernu berriak ez du denbora asko itxaron agindu bezala motozerra martxan jartzeko. Igandean hartu zuen kargua Javier Milei ultraeskuineko presidenteak, eta bi egun geroago, astearte arratsaldean, lehen murrizketen berri eman du haren Finantza ministroak, Luis Caputok.

«Ez dago dirurik» esaldia behin eta berriro erabili zuen Caputok, hainbat orduz atzeratu zen mezu grabatu batean. Ministroak defendatu egin zuen gastu publikoa modu bortitzean murrizteko politika, haren esanetan horixe baita bide bakarra inflazio handia itotzeko (%140) eta herrialdea onbideratzeko. «Orain arte bezala jarraituz gero, hiperinflazioa izango dugu», ziurtatu zuen Caputok, «%15.000koa». 20.000 milioi dolar gutxitu nahi du gastu publikoa (18.500 milioi euro), hau da, BPGaren %5. 

Gobernuak aitortu du bere neurriek krisi ekonomiko gogor bat eragingo dutela. «Hilabete batzuetan okerrago izango gara, batez ere inflazioari dagokionez; presidenteak esaten duen moduan, hobe da egia deserosoa esatea, gezur erosoa baino». Gaineratu zuen hartutako neurriak ezinbestez irentsi beharreko pilula mingotsa direla.

Agian eskertuko ez duen babes bat jaso du dagoeneko Buenos Airesko gobernu berriak, Nazioarteko Diru Funtsarena (NDF). «Hasierako ekintza ausart horien helburua da finantza publikoak nabarmen hobetzea, gizarteko ahulenak babesteko», esan du, agiri baten bidez. NDFk oso ospe txarra du Argentinan, herritar gehienek XX. mendearen hasierako krisiaren erantzuletzat jotzen baitute, baina hura da gaur egun herrialdearen finantzatzaile nagusia, 43.000 milioi dolarren mailegu bat eman zionez gero; Caputo izan zen, hain zuzen ere, mailegu hori negoziatu zutenetako bat.

Hauek dira Caputok iragarritako neurri nagusiak:

Pesoaren debaluazioa

Oraingoz, Mileik alde batera utzi du Argentinako pesoa desagerrarazteko eta haren ordez AEBetako dolarra diru ofiziala izendatzeko promesa. Horren ordez, pesoa %54 debaluatuko du: gaur egungo truke tasa ofizialak ezartzen du dolar batek ia 400 peso balio dituela, eta 800 peso izango dira aurrerantzean. Merkatu beltzeko prezioetara gehiago hurbilduko da horrela, 1.050 pesoren bueltakoak baitira horiek. Argentinako aurreko gobernua, Alberto Fernandez peronistarena, modu artifizialean aritu da pesoaren balioari eusten, baina, horretarako, herrialdean sartzen diren dibisen parte handi bat xahutu du.

Pesoaren debaluazioak batez ere mesede egingo die esportazioan aritzen diren nekazariei eta abeltzainei, baina kalte egingo die herritar gehienei, prezioak are gehiago garestitzea ekarriko baitu, hasieran bederen.

Hurrengo hilabeteetan dibisen eskasia handia izango dela aitortu du gobernu berriak, eta martxoan hasiko direla iristen, ordurako bilduko baitira uzta nagusiak eta horrekin batera ailegatuko direlako esportazioek emandako dolarrak. Aurten oso uzta kaskarra izan da, baina 2024koa ona izatea espero da, euri asko egin baitu. Esportazioari lotutako dolarrak iritsi bitartean, Mileik espero du aurreko gobernuak Txinarekin sinatu zuen akordioaren bitartez finantzatu ahal izatea.

Zerbitzu publikoen garestitzea

Argentinako Estatuak diru laguntzen bitartez jaitsi ditu azken urteetan zerbitzu publikoen tarifak. Diru laguntza horietako batzuk  —garraio publikoari, argindarrari, gasari eta urari emandakoak—  gutxituko ditu gobernu berriak. «Argentinarrak ohartu dira laguntza horiek ez direla doakoak, baizik eta inflazioarekin ordaintzen direla. [Garraio] Txartelean oparitzen dizutena supermerkatuetako elikagaietan ordainarazten dizute», azaldu zuen ministroak.

Neurri horrek eragingo dituen kalteak pixka bat arintzeko, Caputok iragarri zuen seme-alabak dituzten familiek jasotzen duten laguntza orain halako bi izango dela, eta %50 igoko dituela behartsuei janaria erosteko ematen dizkien Alimentar programaren laguntzak. Azken urteetan handitu egin da pobrezia Argentinan, eta herritarren %40 pobreziaren muga ofizialetik behera bizi dira.

Zergak kanpo sektoreari

Barne ekoizpena handitzeko eta inportazioekin dibisa gutxiagok alde egiteko, produktu inportatuen gaineko zergak daude Argentinan. Handitu egingo dira orain, baina Caputok agindu du epe ertainean ezabatu egingo dituztela inportazioak egiteko eskatu behar diren baimenak. «Inportatu nahi duenak, inportatuko du, eta kito». Esportazioen gaineko tasak ere handituko ditu orain, baina ondoren kenduko dituela agindu du gobernuak, «larrialdia amaitzen denean».

Probintzien finantzaketa, behera

Argentina 23 probintziak eta hiri autonomo batek (Buenos Aires) osatzen dute. Haiek bildutako zergen bitartez finantzatzen dira, baina, gehientsuenetan, gobernu zentralak banatzen dizkien funtsak dira haien diru iturri nagusia. Iturri hori «ahal bezainbeste» itxiko dutela iragarri du Caputok.

Herri lan gehiagorik ez

Adjudikatuta baina hasi gabe dauden herri lan guztien eraikuntza etengo du gobernuak, eta ez du egingo proiektu gehiagorik. «Denok dakigunez, herri lanetako diruak askotan politikarien eta enpresaburuen patriketan bukatzen du. Herri lanak ustelkeria iturri izan dira beti, eta gurekin hori bukatu egingo da», justifikatu zuen Caputok. Asmoa da azpiegiturak aurrerantzean sektore pribatuak finantzatzea.

Funtzionarioak, kalera

Caputok iragarri zuen ez dizkietela kontratuak berrituko azken urtean postua lortu duten langile publikoei. Horren justifikazioa da Argentinan ohikoa dela agintariek senideei eta adiskideei administrazioan lanpostuak ematea hauteskundeen atarian. Gaur egun, Argentinako langileen %18 dira publikoak. Txilen, esaterako, %12 dira, eta Europako Batasunean %16, nahiz eta Eskandinavian, Frantzian eta beste askotan %20tik gora diren.

Publizitate instituzionalik ez

Urtebetez, Argentinako Gobernuak ez du publizitate instituzionalik egingo, uste baitu gastu hori ez dela «erabat derrigorrezkoa». 2023an 70 milioi euro baliatu zituen hedabideetan bere asmoen eta lanen berri emateko.

Ministerio gutxiago

Aurreko gobernuak hemezortzi ministerio zituen, eta berriak, berriz, bederatzi baizik ez. Agindutakoaren aurka, Mileik Osasun Ministerioari eutsi dio, baina hezkuntza, kultura, kirolak eta enplegua Giza Kapitaleko Ministerioan bildu ditu. Gobernuko idazkaritzak ere gutxitu ditu: 106 zeuden lehen, eta 54 izango dira orain.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.