Japoniako etxe merkatuan inoiz ez bezalako kontrasteak daude azken boladan. 1980ko hamarkadako burbuila ekonomikoaz geroztik, etxeak ez dira orain bezain garestiak izan Tokion. Neurri handi batean, inbertitzaile atzerritarrek eragin dute garestitze hori, tokiko enpresariekin lehiatzen baitira, eta eskaria ikaragarri handitu, luxuzko etxe gutxi dauden honetan. Hiri handietatik kanpo, ordea, bestelako fenomeno bat agertu da: hamar milioi etxe huts baino gehiago daude, akiya deiturikoak, eta ez da inor bizi han; nork erosiko zain daude.
Europako herrialde askotan, gero eta zailagoa da etxe baten jabe izatea; Japonian, berriz, akiya izenekoak harrigarriro merke eskaintzen dituzte, batzuk 3.500 euroan ere bai, eta askok nekazaritza lur zabalak ere badituzte. Hortaz, aukera paregabea dira herrialdeko landa eremuan bizimodu lasaiago eta merkeago baten bila dabiltzanentzat.
Tokyo Kantei aholkularitza enpresaren datuek erakusten dutenez, Tokioko 23 barrutietako bigarren eskuko apartamentuak %2,6 garestitu ziren abuztuan aurreko hilaren aldean, 78 milioi yen kostatzeraino batez beste (484.000 euro). Tokioko erdialdeko sei barrutietan, prezioak %3,9 igo ziren, 128 milioi yeneraino (800.000 euro): 100 milioi yenen langa gainditu zuten hirugarren hilabetez jarraian.
Prezioak oraindik ez dira beste metropoli batzuetakoak bezain garestiak, baina, nolanahi ere, hainbat analistak esan dute gaur egungo prezioak ordaintzerik ez daukatela hirian bizi diren gehienek. Antzeko eremua hartzen duten beste toki batzuetan, hala nola Hong Kongen, Singapurren eta New Yorken, bestelakoa da egoera. Etxebizitza arloko nazioarteko aholkularitza enpresa baten arabera, Tokioko etxe baten batez besteko prezioa nahiko neurrikoa da beste hiri handi batzuetako prezioekin konparatuz gero.
Balantzaren beste aldean, berriz, hiri kanpoaldeak eta landa eremuak daude. Familiak herri horietara gonbidatu nahian dabiltza, han bizi daitezen, eta, horretarako, etxeak doan eskaintzen dizkiete baldin eta ezaugarri jakin batzuk badituzte: adibidez, familiako kideek 40 urte baino gutxiago izatea, eta familian haur bat edo bi egotea, eremu horiek biziberritzeko. Japoniako tokiko gobernuek nahiago dute etxe abandonatu horiek eman, hutsik utzi baino.
Etxe horiek arrazoi batengatik edo bestearengatik abandonatzen dituzte, baina nagusiki etxearen jatorrizko jabea hil delako uzten dituzte. Batzuetan, oinordekoak uko egiten dio senitartekoek utzitako etxea onartzeari. Beste batzuetan, ez da oinordekorik izendatzen, edo etxea oinordetzan jaso duten senideek ez dute behar, baina ez dute familiaren lursaila saldu nahi, errespetua erakusteko. Edonola ere, emaitza beti bera izan ohi da: etxe bat hutsik, abandonatuta, gero eta hondatuagoa.
Bezero europarrei begira
Ekintzaile batzuek beren enpresa propioak sortu dituzte atzerriko bezeroei begira: Japonian etxe edo jabetza bat erosten laguntzen diete, arazorik izan ez dezaten. Enpresa horietako bat da Your House in Japan: Europa eta Japoniako partzuergo bat da, etxe enkanteetan espezializatua, eta atzerritarrei laguntza ematen die herrialdean etxeak erosteko.
Partzuergoak etxe enkanteen alorrean duen aditu Jose Miguel Ywasakiren arabera, bezero askorentzat hau izan ohi da lehen zalantza: ea atzerritarrek eros dezaketen jabetzarik Japonian. «Japonia oso herrialde egonkorra da, eta Europako estandarrik onenen pareko segurtasun juridikoa du», ziurtatu du.
Konpainia hori bezero europarrei begira aritzen da, eta nomada digital eta profesional autonomoentzat egiten du lan nagusiki, urtearen parte bat Japonian bizitzen eta etxetik online lan egiten pasatu nahi dutenentzat. «Gure bezero batzuek ondo konektatutako toki lasai batean erosten dute etxea, eta hiru eta sei hilabete artean pasatzen dituzte herrialdean, aprobetxatuz pasaporteak modua ematen diela bisa turistikoa edukitzeko urtean sei hilabetez», azaldu du Ywasakik. «Egunaren parte batean etxetik lan egiten dute, eta gainerako orduetan herrialdeaz gozatzen dute».
Urte erdia Japonian pasatzea zentzuzko aukera bilakatu da lanbide liberal batzuetan, baita erretiroa hartu eta urtearen parte handi bat sortaldeko herri horretan eman nahi dutenentzat ere. Beste herrialde batzuetan ez bezala, etxe bat jabetzan edukitzeak Japonian ez dakar berekin bisa edo egoiliar estatusa lortzea; hala ere, gero eta jende gehiagok erabakitzen du Japonian etxe merke bat erostea eta herrialdeak eskaintzen dituen abantailez eta aukera zoragarriez gozatzea.
«Yena inoizko merkeen dagoenez, atzerritarrentzat Japonian bizitzea nahiko merkea da beste zenbait herrialde garaturen aldean» JOSE MIGUEL IWASAKIYour House in Japan higiezin enpresako aholkularia
«Gure bezeroetako askok berritu egiten dituzte etxeak, ahalik eta erosoenak izan daitezen lanerako eta aisiarako, betiere herrialdeko arkitektura tradizioak errespetatuz. Gero, herrialdean bizi ez diren sasoietan, beste profesional liberal batzuei alokatzen diete etxea, edo Airbnb edo antzeko plataformaren batean jartzen dute; hartara, hilabete gutxian berreskuratu ohi dute etxearen truke egindako inbertsioa», kontatu du Ywasakik.
«Gaur egun, Japoniak abantaila asko ematen dizkie atzerritarrei: yena inoizko merkeen dagoenez, Japonian bizitzea nahiko merkea da beste zenbait herrialde garaturen aldean, eta, ondorioz, gure bezeroentzat errazagoa da dirua aurreztea eta eroso bizitzea», baieztatu du Ywasakik.
Baina boladaka Japonian bizitzea erakargarria da beste arrazoi batzuengatik ere: krimen tasa ia hutsaren hurrengoa da, oso toki segurua da, eta garraio azpiegiturak bikainak dira, baita arreta medikoa eta hezkuntza ere. Hala, gutxienez urtearen parte batean bizitzeko eta lan egiteko toki merke, seguru eta erakargarri baten bila dabiltzanentzat, aukera ezin hobea da Japonia.