Munduko pertsona dirudunenak geroz eta dirudunagoak dira. Joera ez da berria, baina datuak geroz eta harrigarriagoak dira: milamilioidunen ondarea bi bilioi euro handitu zen 2024an, hau da, egunean 5.500 milioi euro baino gehiago. 2023an handitu zen baino hiru aldiz gehiago da, eta datuak jasotzen direnetik izan diren hazkunderik handienetan bigarrena. Ondorioz, milamilioidun guztien aberastasunak bateratuta, hamabost bilioi euroko ondarea dute.
Oxfam elkarteak urtero Davosko foroaren (Suitza) aurretik argitaratzen duen txostenaren ondorio nagusietako batzuk dira horiek. Ultraaberatsen taldea geroz eta handiagoa dela ere erakutsi du ikerketak: milamilioidunak duela urtebete baino 204 gehiago dira orain, 2.769 alegia. Pobrezian bizi direnen kopurua —bizitzeko egunean 6,64 euro baino gutxiago dituztenena—, ordea, ez da ia batere aldatu 1990etik.
2.769Mila milioidun munduan. 2024. urtearen amaieran, mila milioi euro edo gehiagoko ondarea zuten 2.769 lagun zeuden munduan, urtebete lehenago baino 204 gehiago. Guztien artean 15 bilioi euroko ondarea dute.
Datuak are muturrekoagoak dira munduko hamar pertsona aberatsenei erreparatuz gero: guzti-guztiak gizonak dira, eta haien ondarea egunean ia 100 milioi euro handitu zen iaz. «Egun batetik bestera duten diru guztiaren %99 galduko balute ere, milamilioidunak izaten segituko lukete», dio Oxfamen txostenak. Joera ikusita, aurreikuspen bat ere egin dute: hamar urte barru, gutxienez bost izango dira bilioi bat euroko ondarea dutenak.
«Munduko ekonomia kontrolpean du pribilegiatuen elite txiki batek, eta, diruaz gain, boterea ere bereganatu du. Gaur Ameriketako Estatu Batuetan gertatzen ari denari begiratu besterik ez dago: presidente milamilioidun batek gidatuko du munduko ekonomiarik handiena, munduko gizonik aberatsenaren babesarekin», adierazi du Franc Cortadak, Oxfamen zuzendariak.
Txostenean ultraaberatsen ondarearen jatorria ere aztertu dute. Dioenez, milamilioidunen diruaren %60 oinordetzan jasotakoa da, klientelismoari esker lortutakoa edo monopolioei lotutakoa. «Ondare hori ez da derrigorrez lanari esker irabazitakoa», azpimarratu du Oxfamek. Zehazki, erakundearen kalkuluen arabera, ultraaberatsen ondarearen %36 da oinordetzan jasotakoa.
Desoreken isla geografikoa ere agerian utzi du ikerketak. «Sistemari esker, herritar aberatsenen mesederako, diru kopuru handiak mugitzen dira Hegoaldetik Iparraldera». Fenomeno horri kolonialismo modernoa deitzen dio Oxfamek. Iparraldean munduko biztanleriaren %21 bizi da, baina herrialde horietako ultraaberatsek kontrolatzen dituzte munduko aberastasunen %69.
Sistema okerra
2023koa da datua: sistema finantzarioaren bidez, Erresuma Batuko, AEBetako edo Frantziako %1 aberatsenak orduko 29 milioi euro jasotzen zituen Hegoaldeko herrialdeetatik. Hori gertatzen da, nagusiki, herrialde txiro askok zor publiko handiak dituztelako New Yorkeko eta Londresko hartzekodun pribatuekin. 1970 eta 2023 artean, Hegoaldeko gobernuek 3,2 bilioi euro ordaindu dizkiete Iparraldeko hartzekodunei interesetan.
Cortadaren iritziz, elite ekonomikoaren hazkundeak geroz eta zailagoa egiten du sistema justu eta berdinzale bat ezartzea. «Dirutza handi horietako asko oinordetzan jasotako pribilegioei eta boterearen kontzentrazioa betikotzen duten sistemei esker osatutakoak dira», esan du, eta salatu du sarritan ez dutela zergarik ordaintzen.
Ikusi gehiago
Horregatik, aberastasunen muturreko kontzentrazioa eragozteko neurriak hartzeko eskatu die Oxfamek gobernuei: desberdinkeria nabarmen murriztea, aberatsei zergak handitu eta muturreko pobrezia arintzea, eta Hegoaldetik Iparraldera egiten den aberastasun transferentzia amaitzea.
Xeheago, besteak beste, hau proposatu du: gizarteko %10 aberatsenen diru sarrerek ez gainditzea %40 pobreenenak; nazioarteko fiskalitatea NBE Nazio Batuen Erakundeak diseinatzea; paradisu fiskalak desegitea; eta monopolioak eragoztea.