Bi urte egin ditu Bizkaiak mihi urdin kasurik gabe, baina berriz agertu da gaitza, oraingo honetan Abantoko azienda batean. Gaitzaren sintomarik agertu ez duten bi txekorrek eman dute positibo PCR proban, zehazki 8 serotipoan. Bi abelburuen amak txertatu gabe zeuden.
Bi kasu horien ostean, martxan jarri dute Bizkaian ardi eta behi guztiak txertatzeko agindua. Azaro hasierarako Jaurlaritzak eta aldundiek ezarria zuten txertoaren derrigorrezkotasuna hiru hilabetetik gorako abereentzat, eta orain Bizkaiko Aldundiak derrigorrezko txertatze hori aktibatu du.
Ardi eta behi guztiak txertatzea bermatzeko, 100.000 dosi erosita dauzka Bizkaiko Aldundiak, eta, borondatezko txertatzearekin, 3.820 ardi eta 15.920 behi txertatu dituzte udaberritik hona.
Arantza Atutxa Bizkaiko Nekazaritza diputatuak zehaztu duenez, «8 serotipoak ez du sintomatologiarik agerrarazi, eta, berez, ez da horren oldarkorra». Hotza datorrenez, espero dute gaitza transmititzen duen eltxoa urritu egingo dela.
Arriskurik ez gizakiarentzat
Mihi urdina birus batek eragindako animalia gaixotasun bat da. Eltxoen bidez transmititzen da, eta animalia hausnarkariei eragiten die, ardiei, ahuntzei eta behiei batez ere. Gaur egun 24 aldaera ditu, baina 1 eta 8 mutazio motak dira arriskutsuenak behi eta ardientzat. Bi aldaera horientzat badira txertoak. Gizakiarentzat ez da gaixotasun arriskutsua.