Ermuko (Bizkaia) Microdeco enpresa hartzekodunen konkurtsoarekin hasi zen duela bi urte, eta, ordutik, egoerak ez du hobera egin, LAB sindikatuaren esanetan. Sindikatuak adierazi du enpresaren zuzendaritzak, Rodas aholkulari enpresak eta konkurtso administrazioak egoera «okertu» baino ez dutela egin, eta, hala, greba mugagabera deitzea erabaki dute.
Izan ere, orain enpresan lan egiten duten 88 langileetatik 36 kaleratu nahi dituzte. LABek emandako datuen arabera, duela urte gutxi 160 langile zituen lantegiak. Enpleguak galtzea da grebara deitzeko arrazoi nagusia.
Kaleratzeak «arbitrarioak» direla ere salatu du LABek. Antza, egun enpresan lan egiten duten emakume guztiak kaleratuko dituzte enplegua erregulatzeko espedientearekin. Erabakia «onartezina eta diskriminatzailea» da, LABen hitzetan.
Azkenik, sindikatuak esan du enpresan jarraituko duten 52 langileen lan baldintzak okertu nahi dituztela.