Europako autogintza ez dago bere onenean, eta horren eragina ekoizpen prozesuaren kate osoan ari da antzematen jada. Joan den astean, Volkswagenek iragarri zuen gutxienez hiru fabrika itxiko zituela Alemanian. Gaur, Michelin gurpil ekoizleak egin du iragarpena: 2026 baino lehen bi fabrika itxiko dituela, Bretainian bata eta Frantzian bestea.
Zuzendaritzak argudiatu du autogintzaren sektorearen ahultasun garaiaren ondorioz hartu duela erabakia. Izan ere, garai zailean dago sektorea, autoen salmentak nabarmen apaldu direlako, eta Txinako auto elektrikoek berebiziko lehia egiten diotelako. Eta horrek Europako autogile nagusiei ez ezik beste osagai batzuk ekoizten dituzten fabrikei ere eragiten die, Michelini kasurako.
Bada, zuzendaritzak kostuak murriztu nahi ditu, eta, hala, lehiakortasuna hobetu. Izan ere, multinazionalaren zuzendaritzak azaldu du Europan ekoiztearen kostua Txinan ekoiztearena halako bi dela gaur egun. Argindarra garestitzearen ondorioz lau bider handiagoa ere izan zela esan du, azken hilabeteetan apaldu egin bada ere. Michelinek azaldu du, gainera, Europako merkatuaren %10 galdu duela, orain arte bertan ekoitzitako goi gamako produktuak erosten zituztenek orain Asian egindako produktu merkeagoak erosten dituztelako; eta horrek bereziki Michelini egin diola kalte, eta bereziki Europan dituen lantegiei, multinazionalak bertan ekoizten dituelako Europarako pneumatikoak.
«Bila aritu gara, baina ez dugu alternatibarik aurkitu bi fabrika horiendako», adierazi dio Florent Menegaux Michelineko presidenteak Le Monde egunkariari. Gwenedeko lantegian (Vannes, Bretainia) 299 beharginek egiten dute lan, eta Choleteko plantan (Maine eta Loira, Frantzia), 955ek. Enpresak esan du langile horientzako irtenbideak bilatuko dituela.
Furgoneta eta orotariko ibilgailuentzako pneumatikoak ekoizten dituzte Choleteko lantegian, eta esportazioei esker eutsi dio orain arte jardunari. Zuzendaritzaren arabera, baina, azken bost urteetan lehiakortasuna galdu du, eta ezinezkoa da bertan produkzioari eustea. Gwenedeko plantan, berriz, kamioientzako gurpilak egiten dituzte, eta eskaerak gutxitu egin zaizkiela onartu du zuzendaritzak. Hain justu, kamioi arinentzako eta ibilgailu astunentzako gurpilak ekoizten dituzten bi lantegi itxi zituen iaz Alemanian, eta beste bat Polonian.
Gasteizen, adi
Ikusteko dago erabakiak zer ondorio izango duen Gasteizen. Litekeena da Bretainiako plantako ekoizpenaren zati bat bertara lekualdatzea; izan ere, Gwenedeko plantan bezala, kamioientzako gurpilen kableak ekoizten dituzte Gasteizen ere. Ekoizpenaren beste zati bat Frantzia ekialdeko Epinaleko lantegira eramango dute. Choleteko ekoizpena, berriz, Italiara eta Poloniara eramango dute.
Zuzendaritzak eguerdian eman dio horren berri langile batzordeari, Unai Arregi LABeko kideak BERRIAri baieztatu dionez. «Esan digute baietz, bi lantegi itxiko dituztela Frantzian, eta posible dela RM kableen tailerra Gasteizera ekartzea». Albistea baieztatuko balitz, Gasteizen ekoizpena handitzea ekarriko luke horrek, eta lanpostuak egonkortzea.
Izan ere, iaz 150 langile kaleratzeko asmoa iragarri zuen zuzendaritzak, haientzako lanik ez zuela argudiatuta. Sindikatuei proposatu zien neurri «ez-traumatikoen» bidez txikitzea lantaldea, errelebo kontratuen eta kaleratze adostuen bidez, baina soilik erdiek onartu zuten proposamena —dozena batek hartu zuten erretiro aurreratua—. «Horren ondoren, lanpostuei eusteko konpromisoa hartu zuen zuzendaritzak, eta hala eutsi diogu orain arte. Beraz, pentsatzen dut orain inor ez dela sobran egongo», adierazi du Arregik.
Edonola ere, ohartarazi du Gasteizera ekarriko luketen ekoizpena oso txikia izango dela, eta zalantza egin du onurarik ekarriko duen enpleguari dagokionez. Eta Michelin azken urteetan ekoizpena berregituratzeko egiten ari den doikuntzarekin lotu du mugimendua. «Argi utzi nahi dugu guretzat ez dela pozgarria lana lortzea beste leku batean lantegi bat itxi dutelako. Zeren hurrengo batean gu izan gaitezke egoera horretan egon gaitezkeenak», adierazi du Arregik.
Hain zuzen ere, atzo, LAB sindikatuak salatu zuen Michelin kaleratzen eta Gasteiztik urruntzen ari dela eszedentziatik itzuli nahi duten zenbait langile.