Michelinek errelebo kontratuen eta adostutako kaleratzeen bidez txikituko du Gasteizko lantaldea

Enpresaren beste lantegi batzuetara joateko aukerak erraztuko ditu zuzendaritzak.

Michelineko langile bat, pneumatiko erraldoi bat aztertzen, artxiboko irudi batean. MICHELIN
Michelineko langile bat, pneumatiko erraldoi bat aztertzen, artxiboko irudi batean. MICHELIN
Iker Aranburu.
2023ko abenduaren 1a
14:00
Entzun

Michelinek dagoeneko azaldu die sindikatuei nola txikitu nahi duen Gasteizko fabrikako lantaldea. 3.500 langile ari dira orain Arabako hiriburuan, autoetarako eta ingeniaritza zibileko ibilgailuetarako pneumatikoak egiten, baina Frantziako multinazionalak dio 150 sobran dituela, bere produktuen eskaria txikitzen ari delako.

Kaleratzeak «modu ez-traumatikoan» egingo zituela agindu zuen Michelinek, eta, ildo horretan, hiru aukera proposatu dizkie sindikatuei.

Lehenik, 1962. urtean jaiotakoei errelebo kontratu bat eskainiko die; %20ko lanaldia egingo lukete erretiroa hartu arte. 

Bigarrenik, Gasteizko fabrikako langileak taldearen Espainiako eta Portugalgo lantegietara bidali nahi ditu, ikusten baitu horietako batzuetan badela lantaldea handitzeko aukera. Pentsa daitekeenez, Lasarte-Oriako lantegia (Gipuzkoa) ez dute aukeren artean izango, han 26 lanpostu kendu nahi dituela iragarri baitu multinazionalak.

Hirugarren aukera adostutako kaleratzeena da. Hau da, kalte ordain baten truke enpresa uzteko prest dauden langileak aurkitu nahi ditu Michelinek. Lan egindako urte bakoitzeko 33 eguneko soldata eskaini die Michelinek aukera hori hartzen dutenei, baina bi muga jarri ditu: gehienez hemezortzi hileko soldata edo 75.000 euro ordainduko dizkie.

Kaleratze gehiago ez

Beren borondatez enpresa utzi nahi dutenek edo beste fabrika batera joateko prest direnek urtarrilaren 7 arte izango dute jakinarazteko.

Gainera, Michelinek agindu du lantaldea 150 langile arintzen bada ez duela beste inor kaleratuko gutxienez sei hilabetez.

Michelinek hiru lantegi itxiko ditu alemanian

Euskal Herrian ez ezik, beste leku batzuetan ere guraizeak atera ditu Michelinek. Guraize are zorrotzagoak, Frantziako multinazionalak iragarri baitu Alemanian dituen hiru lantegiak itxi egingo dituela, ez direlako errentagarriak. 1.500 langiletik gora kalean geratuko dira. Karlsruhe, Trier eta Homburg hirietako fabriketan ekoizpena txikitzen hasiko da aurki, eta 2025. urterako itxiko ditu. Gainera, Karlsruhen bezeroenganako arreta ematen duen bulegoa Poloniara eramango du. Alemanian ere, Michelinek Bamberg hiriko lantegia itxi zuen, 2019. urtean. AEBetan, berriz, 1.400 lanpostu kenduko dituela iragarri berri du. 

Michelineko zuzendaritzan eta enpresan ordezkaritza duten sindikatuak datorren asteartean bilduko dira berriro, eta orduan ikusiko da neurriei buruzko negoziazioa hasiko den ala gatazka pizten den.

Gasteizko Michelinen duela urtebete berritu zuten enpresa batzordea. CCOOk lortu zituen berriro kide gehien (sei), nahiz eta bi ordezkari galdu zituen. Launa ordezkari dituzte CGTk eta UGTk; hiruna CSIFek, ELAk eta ESK-k; eta bina CCMk eta LABek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.