Europako autogintza ez dago bere onenean, eta horren eragina antzematen da ekoizpen prozesuaren kate osoan. Eskarien jaitsiera argudiatuta, Bridgestonek joan den astean iragarri zuen aldi baterako erregulazio bat indarrean jarriko zuela Basauriko eta Usansoloko lantegietan (Bizkaia), eta orain Michelinek iragarri du murrizketen bidetik abiatuko duela: 350 lanpostu kendu nahi ditu Gasteizko lantegian, eta beste 26 Lasarte-Oriakoan (Gipuzkoa).
Enpresako zuzendaritzak ez ditu erregulazio eta kaleratze hitzak aipatu langileen ordezkariekin gaur goizean egindako bileran, eta, horregatik, sindikatuek espero dute lantaldea gutxitzeko neurri ez hain traumatikoak negoziatu ahal izango dituztela, hala nola erretiro aurreratuak eta enpresa norbere borondatez utzi ahal izatea. «Ahal den neurrian» bide horretatik joko duela azaldu diote Michelineko iturriek Efe agentziari. Astelehenean dira biltzekoak berriro enpresako ordezkariak eta sindikatuak.
Joan den astean iragarri zuen Michelinek ekoizpena jaitsi egin beharko zuela salmentak uste baino okerrago zihoazelako, eta gaurko bileran lehen xehetasunak eman dizkie sindikatuei: aurten baino %5 gutxiago ekoiztea espero du, eta baliteke ekoizpena azken hogei urteetako txikiena izatea. 2023. urtea, gainera, ez da «ona» izan konpainiarentzat, hainbat aldiz murriztu egin baitu produkzioa.
Lanaldi laburtua beste batzuentzat
Lan karga jaisten denerako malgutasun neurriak indarrean izan dira Michelinen, baina Michelineko zuzendaritzak, kaleratzeak justifikatzeko, azaldu du irtenbide horiek «bere mugara» iritsi direla. Neurriek indarrean jarraituko dute: Gasteizko 650 langileri eta Lasarte-Oriako 240ri lanaldia txikitu nahi die hurrengo hilabeteotan.
Zenbakiak
3.500Gasteiz. Euskal Herrian bi lantegi ditu Michelinek, eta horien artean Gasteizkoa da handiena. 3.500 langile inguru ditu. Autoentzako pneumatikoak egiten dituzte batez ere, baina baita ingeniaritza zibileko ibilgailuetarako ere (meatzaritzarako eta eraikuntzarako kamioiak, esaterako).
500Lasarte-Oria. Michelinek Euskal Herrian jarritako lehen lantegia da, 1934. urtean irekitakoa. Gaur egun 500 langile ditu, eta errepiderako eta lasterketetarako motorrentzako pneumatikoak egiten ditu.
Lantaldean ez ezik, inbertsioetan ere egingo dituzte murrizketak. Zuzendaritzak azaldu du bertan behera utzi duela Gasteizen 75 milioi euroren inbertsioak egiteko asmoa, gutxienez hiru urtez. Ekoizpenari lotutako inbertsioak dira etendakoak, Acoustic proiektuari lotutakoak. Haren bitartez, ibilgailu elektrikoetarako pneumatiko bereziak egiteko ekoizpen kate bat jarri nahi zuen Michelinek.
Gasteizko langileen erabakia
Kaleratzeak iragarri aurretik ere, urte gatazkatsua izaten ari zen Gasteizko lantegian. Udaberrian, lan hitzarmena negoziatzen ari zirela, hainbat greba egun egin zituzten langileek, ELA, LAB, ESK eta CGT sindikatuek deituta. Nahiz eta sindikatu horiek enpresa batzordean gutxiengoan izan, deialdiek arrakasta izan zuten, eta fabrika geratzea lortu zuten.
Lan hitzarmena ez zuten Gasteizen negoziatu, orduan Arabako lantegia Espainiako lantokien arteko enpresa batzordean ordezkatuta zegoelako, Aranda de Dueroko, Valladolideko eta Almeriako fabrikekin batera. Lasarte-Oriako lantegiak, berriz, bere lan hitzarmen propioa du.
Lantokien arteko batzorde horretan gehiengoa zuten sindikatuek —CCOO, UGT eta CSIFek hamahiru aulkitik bederatzi zituzten— ontzat hartu zuten enpresak ituna berritzeko egindako proposamena, eta bozketara eraman zuten. Baiezkoak aise irabazi zuen Espainiako lantegietan, baina ezezkoa izan zen garaile Gasteizkoan, botoen %65ekin.
Horiek horrela, duela hilabete, Gasteizko langileek beste bozketa bat egin zuten, eta hor erabaki zuten Espainiako lantokien arteko batzordetik ateratzea eta beren enpresa batzorde propioa sortzea. Horri esker, aurrerantzean multinazionalaren zuzendaritzarekin negoziatu ahal izango dituzte beren baldintzak.
Ikusi gehiago
Sindikatuen salaketa
Gasteizko bozketa ez zuen ongi hartu zuzendaritzak, eta jakinarazi zuen langileengan konfiantza galdu zuela. Hain zuzen ere, LABek Gasteizko langileen erabakiarekin lotu du zuzendaritzaren iragarpena. «Langileek egin duten gauza bakarra da beren eskubide demokratiko oinarrizkoenak defendatzea: lan baldintzen alde mobilizatzea eta erreferenduma antolatzea langileei galdetzeko non negoziatu behar den. Badirudi hori ez zaiola gustatu bere balioak eta pertsonak erdigunean jartzea hainbeste aldarrikatzen dituen zuzendaritzari».
LABek oso gaizki hartu du enpresaren iragarpena hedabide batean agertzea sindikatuei jakinarazi aurretik, eta zuzendaritzari egotzi dio filtrazioa egin izana. «Errespetu falta izugarria da, bai langileenganako, eta bai ordezkatzen dituen batzordearekiko».
Gasteizko lan batzordean ordezkaritza handiena duen sindikatuak, CCOOk (sei ordezkari), salatu du zuzendaritzak «ziurgabetasun mezu bat» zabaldu diela langileei. Haren arabera, «ez dago inor sobran», ez Gasteizen, ez Lasarte-Orian. «Enpresaren emaitzek eta gure etorkizuna bermatzen duten inbertsioek geure argudioa indartzen dute», azaldu du CCOOk, agiri baten bidez.
Sindikatu horrek negoziazioak eta akordioak eskatu ditu «egoera salbatzeko neurri traumatikoak indarrean jarri behar izan gabe».