Michelin langile beteranoak kentzen ari dela salatu du LABek

Eszedentziatik itzultzen diren langileak kaleratzen edo Gasteiztik urruntzen dituela ziurtatu du sindikatuak.

Michelineko langileen protesta, irailean. L. RICO / EFE
Michelineko langileen protesta, irailean. L. RICO / EFE
Iker Aranburu.
2024ko azaroaren 4a
16:50
Entzun

Ez ditu bere garairik onenak bizi Gasteizko Michelinek. Duela urtebete lantaldean 150 langile kentzeko asmoa adierazi zuen, Arabako fabrikan egiten diren produktuen eskaria  —autoetarako eta ingeniaritza zibileko ibilgailuetarako pneumatikoak— behera zihoala argudiatuta. Espero baino langile gutxiagok onartu zuten enpresa beren kabuz uzteko eskaintza, baina, LABek salatu duenez, enpresak aurkitu du beste bide bat lantaldea arintzeko: eszedentzian dauden langile beteranoen itzulera oztopatzea. 

Agiri baten bidez, «dinamika anker bat» abian jarri izana aurpegiratu dio LABek Frantziako multinazionalari. Azaldu duenez, ia 40 urtez Gasteizen lanean aritu izan den langile batek urtebeteko eszedentzia hartu zuen, bere ama alarguna zaintzeko —seme bakarra da—. Orain zen itzultzekoa, baina zuzendaritzak Aranda de Dueroko plantara (Burgos, Espainia) bidali nahi du, Gasteiztik 200 kilometro baino gehiagora. Gainera, LABek salatu du langile horrek ekainean jakinarazi zuela itzuli nahi zuela, baina itzultzeko eguna iritsi baino lau egun lehenago erantzun diola Michelinek lekuz aldatu zuela. «Hori da enpresan hamarkadak lanean daramatzan pertsona batek merezi duena?», galdetu du sindikatuak.

Auzitegietara

LABen arabera, kasu hori ez da bakana. Ziurtatu duenez, eszedentzian egon eta lanera itzultzeko asmoa adierazi duten beste langile «esperientziadun» batzuei oso berandu erantzuten ari da Michelin, «horrek sortzen duen segurtasun faltarekin». Gainera, batzuek jaso duten erantzuna da haien lanpostua jada ez dela existitzen, eta, hortaz, jada ez dutela harremanik enpresarekin. Kasu horietan auzitara jotzen ari dira.

Lantaldea txikitzeko beste modu bat zigorrak dira. LABek ziurtatu du azkenaldian ugaritu egin direla langileen aurkako zigorrak eta salaketak larriagoak direla, eta horien eskutik kaleratzeak izan direla.

«Michelin enpresa eredugarriaren irudia ematen saiatzen da», azaldu du LABek. «Baina horren guztiaren atzean multinazional bat dago, bere aberastasuna sortzen duten pertsonak zaintzen ez dituena, zenbaki huts gisa tratatzen dituena, erabili eta botatzeko trapu gisa».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.