Trapagarango (Bizkaia) MFS Sintering enpresa bere 104 langileei eragingo dien lan erregulazioko txosten bat prestatzen ari da. Enpresak urtebete darama ordainketak etenda, eta PKF Attest konkurtso kudeatzaileak hartu du erabakia. Sindikatuek —ELAk sei ordezkari ditu batzordean, eta LABek, hiru— gaur izan dute haien asmoen berri, eta greba mugagabea hasiko dute kudeatzaileak iritziz aldatu ezean.
Balenciaga ontziolaren krisia kudeatzen ari den bulego berak du MFSren lema. Enpresa kinka larrian dago, eta horixe adierazi zuen Bizkaiko merkataritza arloko epaitegiak. Urtebete da soldatak ordaintzen ez dituela, eta likidazio fasean sartuta dago ekainaz geroztik. Cronica vasca agerkariaren arabera, MFSk 24 milioi euroko zorra zuen hartzekodunen zerrendan sartu zenean.
MFSren lantegia Amazonen biltegitik gertu dago, eta enpresak eraikina saltzeko interesa izan zezakeela ohartarazi zuen LAB sindikatuak iazko otsailean
MFS autogintzako enpresa bat da. Piezak egin eta ingeniaritza zerbitzuak eskaintzen ditu, eta Hidrogenoaren Euskal Korridorearen proiektuetako bateko kide da. Sindikatuek gogoratu dute bertako langileek erregulazio bati aurre egin behar izan diotela lehenago ere. 2023an, enpresa aldi baterako erregulazio bat onartzen saiatu zen, eta «mobilizazioei esker» egin zuen atzera. Ordukoan 106 langile sartu zituen erregulazioan: guztiak, zuzendaritzako bost kideak izan ezik.
LABek, bere aldetik, MFSren etorkizunaren inguruko bere susmoak plazaratu zituen iazko otsailean eginiko agerraldi batean. Enpresak ordainketak etenda zituen ordurako, eta sindikatuak esan zuen inbertsio funtsen bat lantegia erosteko asmotan zebilela. Amazonen biltegi handia dagoen zuzengune berean dago MFS, eta sindikatuak uste du oso erakargarria izan daitekeela logistika arloko enpresentzat.
MFS Trapaga 2012an sortu zen, eta Eusko Jaurlaritzak 3,2 milioi euroren laguntza eman zion 2018az geroztik. 2022an 14,3 milioi euroren fakturazioa izan zuen, eta hiru milioi galdu zituen.