Mexikok eta AEBek merkataritza ganberen baikortasuna hauspotu dute

Iragarri dute 2025ean %2,2 haziko dela BPGa, industria eta eraikuntza suspertzea espero baitute. Talgo deslokalizatzeko arriskua onartu arren, Sidenorren ultimatumak ez ditu urduritu.

Eusko Ganberak osatzen duten merkataritza ganberetako presidenteak, gaur, Bilbon. BERRIA
Eusko Ganberak osatzen duten merkataritza ganberetako presidenteak, gaur, Bilbon. BERRIA
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2024ko abenduaren 16a
13:20
Entzun

Bilboko, Gipuzkoako eta Arabako merkataritza ganberen arabera, EAEko BPGa %2,2 handituko da hurrengo urtean. Eusko Jaurlaritzaren aurreikuspena baino baikorragoa da, eta industria eta eraikuntza sektoreek susperraldi txiki bat izango duten itxaropena dago oinarrian, batez ere Mexikoko, AEBetako eta Indiako merkatuetan. Halaber, aurreratu dute enplegua sortzen jarraituko dela.

Gabonak aurreikuspen eta iragarpen garaiak izaten dira ekonomia erakundeentzat. Inkesta, datu eta mota guztietako baloreak kristalezko bolan sartu, eta ekonomiaren nondik norakoak zeintzuk izango diren iragartzen dute. Historikoki merkataritza ganberak izan ohi dira baikorrenak, eta aurten ere tradizioari eutsi diote. Alemania eta Frantzia euskal industriaren bezerorik onenak dira, eta, haien gainean laino beltzak egon arren, ganberek baikortasun printzak aurkitu dituzte.

«Langile berezitu gutxi daude, eta lortu nahi dituenak beste enpresa batzuetan lortu behar ditu. Horrek handitu egiten ditu kostuak»

SANTIAGO BARRUECOArabako Merkataritza Ganberako presidentea

«Baikor gaude, baina zuhur. Euskal enpresek Mexikon, AEBetan eta Indian aurkitu dituzte Frantzian eta Alemanian galdutako bezeroak», azaldu du Santiago Barrueco Arabako ganberako idazkari nagusiak. Zehaztu du iragarpen hauek 779 enpresari eginiko inkesten emaitza dela, eta horien %10,9k bakarrik uste dutela 2025ean aurten baino gutxiago esportatuko dutela. Hori bai, sektoreka begiratuz gero, autogintzan eta paper sektorean ez daude hain baikor.

Enplegua sortzeko asmoz

Enpresak, izan ere, baikor daude, edo hori diote behintzat. Egoera ekonomikoari dagokionez, erdiek uste dute antzera mantenduko direla, eta %29,1ek hobera egingo dutela. Enpleguari erreparatuz gero, %77k egonkor mantentzea espero dute, eta %13,8k, langile gehiago kontratatzea. Alde horretatik, Barruecok azaldu du langileen kostuak direla enpresen buruhauste nagusia: %81,8.

Hamar enpresatik zortzirentzat, langileen kostuen handitzea buruhaustea da; duela urtebete, berriz, %69k zuten kezka hori. Zergatik handitu da hainbeste kezka hori? Langile fitxaketengatik. Barrueco: «Langile berezitu gutxi daude, eta lortu nahi dituenak beste enpresa batzuetan lortu behar ditu. Horrek handitu egiten ditu kostuak». Aldiz, asko murriztu dira energiaren kostuarekin, finantzaketa baldintzekin eta hornikuntza kateekin lotutako beldurrak.

«Talgo deslokalizatzeko arriskua badago, baina baikor nago. Ez dugu despistatu behar Jainaga; aurretik ere negoziatzeko ahal handia erakutsi izan du»

GREGORIO ROJOEusko Ganberak-eko presidentea

Ez, ordea, araudien zamen ingurukoak: %19,8tik %28,5era igo dira. Ignacio Zudaire Bilboko ganberako presidenteak azaldu du deskarbonizazio prozesua dagoela horren atzean. «Europa bidegurutze batean dago; araudiek kalte egiten diote lehiakortasunari. Gainera, agerikoa da mugetako mekanismo kontrolak ez direla eraginkorrak, eta deskarbonizazio arauak betetzen ez dituzten herrialdeetako salgaiak etengabe sartzen direla».

Talgori begira

Sidenorren eta Talgoren arteko negoziazioak ustez hoztu izanaren albisteak pisu handia izan du ganberen agerraldian. Zabaldu denez, Trilantic funtsak ez du onartu Sidenorrek Talgo tren egilearen bere zatia erosteko (%29,9) eginiko eskaintza. Jose Antonio Jainaga buru duen enpresak lau euro eskaini ditu akzioko, eta Trilanticek bost nahi ditu, prezio hori eskaini zuelako Magyar Vagon Hungariako taldeak. Pesa Poloniako enpresak bere interesa onartu du. Poloniako Gobernua Pesaren akziodunen artean dago.

Talgok Erriberabeitian duen planta
Talgok Erriberabeitian (Araba) duen planta. A. R. HIERRO / FOKU

Talgok zazpiehun langileko planta du Araban, Erriberabeitian, eta Barruecok bere ardura onartu du, baina alarmismoan erori gabe. Esan duen baino gehiago zekiela zirudien behintzat: «Ikusteko dago negozio mugimendu estrategiko bat den edo behin betiko pauso bat. Baina tira, ultimatum bat ematea logikoa da. Gertatzen dena ikusi beharko».

Gregorio Rojo Eusko Ganberen presidenteak ere eman du iritzia, eta Jainagarengan fede handia duela onartu du: «Ez dugu despistatu behar; aurretik ere negoziatzeko ahal handia erakutsi izan du». Barruecok bezala, zerbait ezkutatzen zuela zirudien: «Deslokalizazio arriskua badago, baina baikor nago. Garaia da Talgo Euskal Herrira itzul dadin. Espainiako Gobernuak, Jaurlaritzak eta Arabako Aldundiak beren esku dagoen guztia egingo dute hala izan dadin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.