Metalgintzako sindikatuen ustez, Jaurlaritzaren eskaintza «ez da nahikoa»

CCOOk, LABek eta UGTk berretsi egin dute negoziatzeko borondate osoa dutela, eta ostiralean bilduko dira berriz FVEM patronalarekin

Metalgintzako langile bat pieza handi bat lixatzen. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2023ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Bizkaiko metalgintzako lan hitzarmenaren korapiloa estu dago oraindik. Jaurlaritzako Lan Saila soka pixka bat lasaitzeko ahaleginean ari da, baina badu lana oraindik. Artekari rola hartu du, eta atzo bere proposamena jakinarazi zien sindikatuei eta FVEM patronalari. CCOOk, LABek eta UGTk osaturiko plataformak, baina, adierazi zuen haien ustez ez dela nahikoa; hala ere, nabarmendu zuten negoziatzeko borondatea dutela —ordezkaritzaren %59 dute—. Hiru aldeak ostiralean bilduko dira berriz ere.

Sindikatuak eta FVEM bigarrenez elkartu ziren, Jaurlaritza artekari zela. Atzo zortzi, beren jarreren berri eman zioten Lan Sailari, eta, atzo, Jaurlaritzaren txanda zen. Elena Perez Barredo Enplegu sailburuordea izan zen Jaurlaritzaren ordezkaria mahaian —Tubacexen gatazkan ere hura izan zen zen artekaria—, eta lan ituna berritzeko diseinaturiko proposamena eman zien bi aldeei. Sindikatuen lehen erantzuna aldekoa ez izan arren, Lan Sailak pozik amaitu zuen inork ez zuelako eskaintza baztertu, eta iritzi dio «akordioa lantzeko» oinarria izan daitekeela.

Diskrezio neurriak direla eta, ez da zabaldu zein den Jaurlaritzaren proposamen osoa, baina CCOOrentzat, LABentzat etaUGTrentzat, «motz» gelditzen da. Hala ere, begi onez ikusi dute artekaritza lana, eta ostiralean jarrerak gehiago gerturatzen saiatuko dira. «Negoziatzeko borondatea» dutela nabarmendu zuten. Sindikatuen ustez, FVEMen jarrera da arazoa. Patronalak ez du eskaintza berririk egin azaroaz geroztik; alabaina, gogoratu zuten haiek abenduaren 21ean egin zutela azken mugimendua, eta orduan ere esan zutela negoziatzerako tartea zegoela.

ELA sindikatuak balorazio zorrotzagoa egin zuen —ordezkaritzaren %41 du, eta ez dago plataforma bateratuan—. Salatu zuen Jaurlaritzaren eskaintzak ez duela bermatzen KPIaren araberako igoerarik, eta FVEMek azaroaren 25ean aurkezturikoaren oso antzekoa dela. Zehaztu zuen Jaurlaritzak %15eko soldata eguneraketa proposatu duela lau urterako, eta FVEMen azken eskaintza %14koa zen. Era berean, azaldu zuen Jaurlaritzak ez duela lanaldi murrizketarik aurreikusi. Horren harira, ELAk ezinbestekotzat jo du greba eta protesta dinamika aktibatzea, «horrela bakarrik lortuko delako patronalak eskaintza hobetzea». Iaz, 11 greba egun egin zituzten Bizkaiko metalgintzan.

FVEMek ez zuen egin bileraren balorazio publikorik. Bizkaiko metalgintzako ituna 56.000 langileren baldintzen oinarria da. Euskal Herriko langile kopuru handienari eragiten dion hitzarmena da, eta egun indarrean ez dagoen metalgintzako itun bakarra. Arabakoa eta Nafarroakoa iaz berritu zituzten; Gipuzkoakoa, berriz, abenduan amaitu zen, eta negoziazioak hasi berri dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.