Instagram, Facebook eta bestelako sare sozialak erabiltzaileak irabaziz doazen heinean, plataformetako publizitatearen kopuruak ere gora egin du. Aplikazio horiek betidanik izan dira doakoak, eta hein batean horrek erakarri du jendea, aurrerapen handia izan baita musu truk beste batzuekin etengabe konektatuta egotea.
Bada, Meta taldearen aplikazioak jendeari ordainarazteko prestatzen ari dira Europako Batasunean, betiere publizitate pertsonalizaturik ez jasotzearen truke. The Wall Street Journal AEB Ameriketako Estatu Batuetako hedabideak aurreratu zuen informazioa, eta Financial Times-ek berretsi egin du gaur, konpainiako iturriak aipatuz. Haren arabera, erabiltzaileek hilabetean hamalau dolar ordaindu beharko dituzte zerbitzu horrengatik; hamahiru euro pasatxo.
Sakelakoetan bakarrik ez, ordenagailuetan ere erabili eta kudea daitezke Instagram eta Facebook, batera gainera, eta hor publizitaterik ez izatearen truke hamazazpi dolar ordaindu beharko dira: 16,2 euro egun.
Sare sozialen diru iturria
Sare sozialek doakoak badirudite ere, hori ez da guztiz egia. Izan ere, teknologia enpresa handiek kudeatzen dituzte Whatsapp, Twitter, Facebook, Instagram eta antzekoak, eta dirua irabaztea da haien xedea. Publizitate pertsonalizatua da aplikazio horien diru iturri nagusia.
Metaren arabera, 2023ko bigarren hiruhilekoan 32.000 milioi dolarren (30.500 milioi euro) diru sarrerak izan zituen; horietako 31.500 milioi, publizitateagatik. Europako Batasunean 7.200 milioi dolar fakturatu zituen; Ipar Amerikaren ostean, merkaturik handiena da.
Aplikazio horiek kudeatzen dituzten enpresek erabiltzaileen milaka milioi datu pertsonal dituzte sortu zirenetik, eta beste enpresa eta erakundeei saltzen dizkiete. Hala, horiek pertsonalizatutako publizitatea egiten diete erabiltzaileei sare sozial horietan.
Baina datu horiek ez dira publizitatea egiteko soilik saltzen. Facebookek hainbat polemika eta epaiketa izan ditu, lehiakideei kalte egiteagatik eta AEBetako 2016ko hauteskundeetan Cambridge Analyticari hautesleen datuak emateagatik. Horregatik, 5.000 milioi dolarreko zigorra jarri zion Facebooki AEBetako Merkataritza Batzorde Federalak.
Brusela vs Meta
Europako Batasunak AEBetako teknologia enpresa handiekin duen guda ez da berria. Metak uztailean epaiketa bat galdu zuen Europako Batasuneko Justizia Auzitegian, Luxenburgon, epaileek ebatzi baitzuten enpresak ezin duela justifikatu publizitate pertsonalizatua egiteko datu pertsonalen erabilera, eta ordainpeko zerbitzu bat eskaintzea gomendatu zion. Azaroaren amaierara arte dauka Metak erabaki bat hartzeko tartea.