Metak asmoa du Instagram eta Facebook ordainpeko egiteko EBn

Informazio pertsonalean oinarritutako publizitatea ez jasotzearen truke hamahiru eurotik gora ordaintzera behartu nahi dituzte erabiltzaileak

Meta enpresaren aplikazioak, telefono baten pantailan: Facebook, Instagram, Threads. CRISTOBAL HERRERA-ULASHKEVICH / EFE.
inaut matauko rada
2023ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Instagram, Facebook eta bestelako sare sozialak erabiltzaileak irabaziz doazen heinean, plataformetako publizitatearen kopuruak ere gora egin du. Aplikazio horiek betidanik izan dira doakoak, eta hein batean horrek erakarri du jendea, aurrerapen handia baita musu truk beste batzuekin etengabe konektatuta egotea. Bada, Meta taldearen aplikazioak jendeari ordainarazteko prestatzen ari dira Europako Batasunean, betiere publizitate pertsonalizaturik ez jasotzearen truke.

The Wall Street Journal AEBetako egunkariak aurreratu zuen informazioa, eta Financial Times-ek osatu egin zuen atzo, konpainiako iturriak aipatuz. Haren arabera, erabiltzaileek hilabetean hamalau dolar ordaindu beharko dituzte zerbitzu horrengatik; hamahiru euro pasatxo.

Sakelakoetan bakarrik ez, ordenagailuetan ere erabili eta kudeatu daitezke Instagram eta Facebook, batera gainera, eta hor publizitaterik ez izatearen truke hamazazpi dolar ordaindu beharko dira: 16,2 euro egun.

Ordainpeko zerbitzu bat eskaintzeko proba batzuk egiten ari direla jakinarazi zuen atzo Txinako Tiktok-ek ere, eta horretarako asmoa du X sare sozialarekin (Twitter zenak) haren jabe Elon Muskek ere: hileroko kuota «txiki» bat jartzea aztertzen ari da, bot-ei aurre egiteko.

Sare sozialek doakoak badirudite ere, ez dira guztiz hala. Izan ere, teknologia enpresa handiek kudeatzen dituzte Whatsapp, Twitter, Facebook, Instagram eta antzekoak, eta dirua irabaztea da haien xedea. Publizitate pertsonalizatua da aplikazio horien diru iturri nagusia.

Metaren arabera, 2023ko bigarren hiruhilekoan 32.000 milioi dolarren diru sarrerak izan zituen(30.500 milioi euro); horietako 31.500 milioi, publizitateagatik. Europako Batasunean 7.200 milioi dolar fakturatu zituen; Ipar Amerikaren ostean, merkaturik handiena da.

Aplikazio horiek kudeatzen dituzten enpresek erabiltzaileen milaka milioi datu pertsonal dituzte sortu zirenetik, eta beste enpresa eta erakundeei saltzen dizkiete. Hala, horiek publizitatea pertsonalizatzen diete erabiltzaileei sare sozial horietan.

Baina datu horiek ez dira publizitatea egiteko soilik saltzen. Facebookek hainbat polemika eta epaiketa izan ditu, lehiakideei kalte egiteagatik eta AEBetako 2016ko hauteskundeetan Cambridge Analyticari hautesleen datuak emateagatik. Horregatik, AEBetako Merkataritza Batzorde Federalak 5.000 milioi dolarreko zigorra jarri zion Facebooki.

Brusela vs Meta

Europako Batasunak AEBetako teknologia enpresa handiekin duen guda ez da berria. Metak epaiketa bat galdu zuen uztailean Europako Batasuneko Justizia Auzitegian, Luxenburgon, epaileek ebatzi baitzuten enpresak ezin duela justifikatu publizitate pertsonalizatua egiteko datu pertsonalak erabiltzea, eta ordainpeko zerbitzu bat eskaintzea gomendatu zion. Metak azaroaren amaierara arteko tartea dauka erabaki bat hartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.