Merkatu elektrikoa berritzeko akordioa lortu dute EBko kideek

Frantziak eta Alemaniak tirabirak zituzten zentral nuklearrengatik, baina azken orduko proposamena onartu dute biek. Hungaria izan da onartu ez duen bakarra.

Teresa Ribera Espainiako Trantsizio Ekologikorako ministroa Europako beste mandatari batzuekin. JULIEN WARNAND / EFE
inaut matauko rada
2023ko urriaren 17a
19:30
Entzun

Europako Batasuneko herrialdeak ados jarri dira: merkatu elektrikoaren erreforma onartu dute. Frantziaren eta Alemaniaren arteko tirabirek hozkailuan sarrarazi zuten akordioa, baina Europako Batasuneko Kontseiluaren Espainiako presidentziak azken orduko proposamen bat egin du, eta biek onartu dute. Hungaria da akordioa babestu ez duen estatu kide bakarra.

Hala, azken urteetako joera bermatu du Bruselak, energia iturri berriztagarriak ekoizteko azpiegiturak gehitzea erraztuko baitu erreformak. Hala, Europako Batasunak ezarriak dituen karbono isurien murrizteak betetzea errazteaz gain, Errusiako gasarekiko menpekotasuna apaltzea ere lortu nahi dute 27ek. Ia herrialde guztien onespena lortuta, Europako Parlamentuaren txanda da, eta urtea amaitu aurretik onartua egotea espero du kontseiluak.

Parisen eta Berlinen arteko desadostasunek izan dute akordioa ez aurrera ez atzera. Europako Batasuneko potentzia industrial nagusiak dira biak, eta lehia handia dago bien artean. Hala, energiaren prezioak rol garrantzitsua du, argindarraren kontsumitzaile nagusia baita industria, eta prezio merkeek enpresak lekualdatzea ekar dezakete.

Argindar kontratu bereziak

Alemaniaren eta Frantziaren arteko xextra 19.b artikuluan egon da. Izan ere, Alemaniaren beldurra da Frantziak energia merkea eskaintzea industriari CFD diferentzia bidezko kontratuei esker. Kontratu horien bidez, estatu batek epe jakin batean argindarraren prezio egonkor bat adostu dezake energia ekoizle batekin, eta argindarraren azken prezioaren arabera diferentzia itzuli edo ordaindu egiten da.

Industriarentzako ezkutuko estatu laguntzak dira horiek Alemaniarentzat. Gainera, jakinda Frantziak zentral nuklear asko dituela, eta horiek amortizatuta daudela, argindar faktura merkeagoak lortu ditzake Frantziako industriak.

Xextren ostean, adostu dute kontratu horiek energia ekoizpen instalazio berrietan aplikatu daitezkeela, baita ekoizpen ahalmena handitzen duten instalazio zaharretan ere, baina kontratuak ez dira automatikoki sinatuko, Europako Batzordearen onespena beharko baitute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.