Merkataritza libreko itunerako akordioa egin dute Europako Batasunak eta Mercosurrek

780 milioi kontsumitzaileko merkatu berrian ondasunen %90ek ez dute muga zergarik izango. Europako nekazariak eta abeltzainak kontra ditu itunak, eta Frantziak borrokan segituko du ituna berrets ez dadin.

Ursula Von der Leyen, Argentinako, Uruguaiko, Brasilgo eta Paraguaiko presidenteekin. SOFIA TORRES
Ursula Von der Leyen, Argentinako, Uruguaiko, Brasilgo eta Paraguaiko presidenteekin. SOFIA TORRES
Irune Lasa.
2024ko abenduaren 6a
16:35
Entzun

Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidentea pozarren agertu da gaur Montevideon, Europako Batasunaren eta Mercosurren arteko merkataritza librerako akordioa aurkeztean. Bigarren agintaldia hasi berritan, lorpen ukigarria da Von der Leyenentzat, baina ikusteko dago azken bururaino eramatea erdietsiko duen.

EB-Mercosur itunaren asmoa da Hego Amerikako merkatua zabaltzea Europako industriarentzako, eta berdin gertatuko da Europako merkatuarekin Mercosurreko nekazaritza industrial sektore handiarentzat. Guztira 780 milioi kontsumitzaileko merkatua eratuko da harekin.

25 urteko negoziazioen ostean, 2019an hitzartutako akordio berretsi gabearen ondoren, oraingoan bultzada handia hartu du akordioak, noiz eta haren kontrako etsairik indartsuena, Frantzia, ekaitzaldi politiko larrian dagoen honetan.

Edonola ere, Emmanuel Macronen gobernuak adierazi du EBren eta Mercosurren —Argentina, Bolivia, Brasil, Paraguai eta Uruguai— arteko ituna berrestearen kontra borrokatuko dela.

DATUak

25

Mende laurden negoziatzen. Europako Batasunak eta Mercosurreko herrialdeek 25 urte daramatzate merkataritza libreko itun bat negoziatzen. 2019. urtean jada lotu zuten akordio bat, baina ez zuten berretsi. Austriak, Frantziak, Herbehereek eta Irlandak zalantzan jarri zituzten hegoamerikarrek ingurumenari buruz hartutako konpromisoak, eta negoziazio gehiago behartu zituzten.

%90

Muga zergarik gabeko ondasunak. Akordioaren arabera, Europako Batasunaren eta Mercosurreko herrialdeen artean salerosiko diren ondasunen %90etik gora geldituko dira muga zergarik gabe. Adibidez, Europako manufakturak eta Mercosurreko elikagaiak. 

Izan ere, Frantzian eragin politiko eta kultural handia duten nekazariak izututa daude Hego Amerikatik etor daitekeen lehiarekin; bidegabea izango dela uste dute, besteak beste, Atlantikoaren beste aldean arinagoak direlako nekazariek eta abeltzainek bete beharreko arauak eta kalitate zein kantitate baldintzak.

Frantzia ez da bakarrik egongo borrokan. Berekin ditu Polonia handia, Austria, Irlanda eta Herbehereak, zeintzuetan guztietan eragin nabarmena duen nekazaritzak. Akordioaren kontrako blokeak, ordea, pisu handiagoa behar du bere asmoa lortu nahi badu.

Akordioa atzera botatzeko, berretsi gabe geratzeko, bi momentu edo modu daude. Bat Europako Parlamentuaren babesa lortzeko unea da, baina benetan erabakigarria Europar Kontseiluaren berrespena izango da. Hor, itunaren kontrakoek beharrezkoa dute guztien artean EBko biztanleen %35 gaindituko dituen herrialde talde bat biltzea.

Horrek esan nahi du 20 milioitik gora biztanleko beste herrialde bat bereganatu beharko luketela. Errumania eta Italia izan daitezke aukerak, baina Errumanian barne politikarekin duten saltsarekin, begiak Giorgia Meloniren gobernuaren gainean jarri dira.

«Alde bien onurarako akordioa da, eta onura nabarmenak ekarriko dizkie bi aldeetako kontsumitzaileei eta negozioei. Bidezkotasunean eta elkarrekiko onuran oinarritu gara»

URSULA VON DER LEYENEuropako Batzordeko presidentea

Beste aldean, akordioaren aldekoa da Alemania —Europako Batasuneko biztanleen bostenak dituena—, Espainia handiarekin eta Portugalekin batera. Hiru herrialde esportatzaileek uste dute onuragarria izango zaiela.

Von der Leyenek azaldu duenez, akordio horretan bilduak dituzte Europako nekazariei ez kalte egiteko baldintzak, ingurumenari lotutako eta deforestazioa eragozteko konpromisopean.

«Alde bien onurarako akordioa da, eta onura nabarmenak ekarriko dizkie bi aldeetako kontsumitzaileei eta negozioei. Bidezkotasunean eta elkarrekiko onuran oinarritu gara», esan du Batzordeko presidenteak. «Europarentzako garaipen bat da. Negozio aukera itzelak sortuko ditu».

Von der Leyenen aburuz, «egiazko mugarri historikoa da gaurkoa. Hasi nahi dut eskerrak emanez negoziazioburuei, haien dedikazioarengatik eta asmo sendoarengatik. Etsi gabe lan egin dute hainbat eta hainbat urtez, akordio orekatu eta handinahi baten alde; eta arrakasta izan dute».

Brasilen bultzada

Uruguaiko presidente Luis Lacallek ere azpimarratu egin ditu akordioa lortzeko beharrezko izan diren negoziazio guztiak. Hala ere, akordioaren bultzatzailerik handiena Brasilgo presidentea izan da, Luiz Inacio da Silva Lula. Jair Bolsonarorekin ez bezala, Lularekin, Brasilek onartu ditu ingurumen baldintza batzuk, eta, gainera, lortu du herrialdeko auto industriarentzako babes neurri batzuk. Trukean, Europan, 450 milioi kontsumitzaileko merkatua zabaltzen zaio Brasilgo nekazaritza eta abeltzaintza industria handiari.

Mercosurren aldean, ituna berresteko nahikoa da herrialdeetako parlamentuen oniritzia, eta, haietakoren bat kontra azaltzen bada, herrialdea kanpo geldituko da, baina ez du atzera botatzen itun osoa.

mezu politikoa trumpen aro berrirako

Alderdi ekonomikoaz gain, EB-Mercosur akordioak badu beste alderdi bat ere, politikoa, Donald Trumpen muga zergen mehatxua dela eta. Von der Leyenek hori ere izan du gogoan gaur: «Munduari mezu argi eta boteretsua ematen ari gara. Konfrontazioa handituz doan munduan, erakutsi dugu demokraziek konfiantza izan dezaketela elkarren artean. Akordio hau ez da soilik aukera ekonomiko bat; behar politiko bat ere bada».

Ez da bakarra izan, Luis Lacalle Uruguaiko presidenteak ere antzera hitz egin du: «Ez da soilik merkataritza truke bat, hori ere baden arren. Gure herrialdeentzat inportantea da munduak zabaltzera egitea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.