AEBetan Donald Trump bultzatzen ari den protekzionismoaren aurkako norabidean jarraitu nahi duela erakutsi du Europako Batasunak. Atzo jakinarazi zuen merkataritza liberalizatzeko akordioa lortu duela Mercosurrekin. Haren bidez, muga zerga gehienak desagertu edo txikitu egingo dira, eta Atlantikoaren alde bateko zein besteko enpresek sarbide errazagoa izango dute beste aldean.
Hegoaldeko Merkatu Komuna da Mercosur, eta Brasilek, Argentinak, Uruguaik eta Paraguaik osatu zuten 1990eko hamarkadaren hasieran. Harekin elkartuta daude Hego Amerikako gainontzeko estatuak ere: Bolivia, Txile, Kolonbia, Ekuador, Guyana, Peru eta Surinam. Venezuela 2012an sartu zen, baina 2016an bota zuten, ez zituelako blokearen arau batzuk bete.
Luze jo dute EBren eta Mercosurren arteko merkataritza akordioaren negoziazioek, duela hogei urte hasi baitziren. Europako Batzordearen ikuspuntutik, une egokian itxi dute ituna, haren bidez esan baitezake Jean Claude Juncker presidenteak gai izan dela merkataritza liberalizatzeko akordioak egiteko EBren bazkide nagusietako batzuekin: Kanadarekin, Japoniarekin eta Mercosurrekin. Porrot egin zuen, ordea, AEBekin saiatutakoa akordioa, TTIP izenekoa.
Hego amerikarrekin sinatutakoa «akordiorik handiena» dela aldarrikatu du Junckerrek, eta hala da parametro batzuen arabera. Batetik, bien artean 773 milioi biztanle dituzte, EBk eta Japoniak batera (639 milioi) eta Kanadarekin dituenak (550 milioi), baino gehiago. Bestetik, Mercosurrekiko akordioak ezabatuko du muga zerga gehien: 4.000 milioi euro aurreztuko dituzte urtero Europako enpresek, Japoniarekin (1.000 milioi) eta Kanadarekin (600 milioi) aurreztutakoak baino askoz gehiago.
Hori hala da gaur egun muga zerga handiak ezartzen dizkiotelako elkarri. Esaterako, EBko autoek %35eko tarifa ordaintzen dute, autoen osagaiek %14 eta %18 artean, jantziek eta oinetakoek %35, ardoek %27, edariek %20 eta %35 artean...
Muga zergek ez dute eragotzi bi blokeen arteko merkataritza harreman sakona eta kopuruetan orekatua. Berez, Europako Batasuna da Mercosurren bazkide komertzial handiena; Mercosur, berriz, EBren bazkide handienetan bigarrena da ondasunetan (%20, 2018an).
Europako Batzordearen arabera, iaz 88.000 milioi euroren salerosketak egiten dira bi blokeen artean: EBk 45.000 milioi euroren ondasunak esportatu zituen Mercosurreko herrialdeetara, eta 42.600 milioirenak inportatu.
EBk batez ere makinak (%28,6), produktu kimikoak eta botikak (%23,6) eta garraiorako materiala (%13,3) esportatzen ditu Mercosurreko herrialdeetara. Handik, berriz, batez ere nekazaritza produktuak iristen dira: edariak eta tabakoa (%20,5), soja eta kafea (%16,3) eta haragia (%6,1).
Nekazaritza, zailena
Hain zuzen ere, nekazaritza produktuei buruzko desadostasunek atzeratu dute akordioa gehien, Phil Hogan Nekazaritza komisarioak onartu zuenez. «Ezin dugu ukatu gauza askotan amore eman behar izan dugula, baina itun orekatua egin dugu». Pentsatzekoa denez, itunaren ondorioz Hego Amerikako elikagai gehiago iritsiko direla Europara, baina batzordeak nabarmendu du bere osasun «estandar zorrotzak» bete beharko dituztela aurrerantzean ere. Trukean, EBk lortu du jatorri izena duten 357 produktu babestea.
Zerbitzuei dagokienez, EBk 23.000 milioi euroren esportazioak egin zituen, eta 11.000 milioi inportatu. Arlo horretan, zerbitzu publikoak eta interes publikoko arloak nahi duten eran antolatzeko eskubidea aitortu diote elkarri.
Merkataritza liberalizatzeko ituna egin dute EBk eta Mercosurrek
Europako enpresek urtean 4.000 milioi euroren muga zergak aurreztuko dituzte akordioari esker
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu