Merkataritza gerra piztea erabaki du Trumpek

Indarrean ezarri ditu Mexikoren eta Kanadaren kontrako %25eko muga zerga orokorrak, eta Txinakoak %20ra handitu. Ottawak eta Pekinek jada iragarri dute zer neurri hartuko dituzten horri erantzuteko. Mexikok, berriz, igandean jakinaraziko ditu.

Donald Trump, bart Etxe Zurian.  SAMUEL CORUM / EFE
Donald Trump, bart, Etxe Zurian. SAMUEL CORUM / EFE
Irune Lasa.
2025eko martxoaren 4a
10:20
Entzun

Donald Trumpek azken ordura arte itxaron du arre edo so egingo zuen argitzeko, baina, azkenean, berak bere buruari ezarritako epea gainera zetorkiola, arre egitea erabaki du bart Estatu Batuetako presidenteak.

Zer erabaki du?

%25eko muga zerga orokorrak ezartzea Mexikotik eta Kanadatik AEBetara datozen produktuei, eta beste %10eko muga zerga gehigarriak Txinako inportazioei. Txinako gaiek jada %10eko tasak zituzten otsailaren 5az geroztik, eta, beraz, orain Txinatik iristen diren ondasunek %20eko muga zerga izango dute AEBetan.

Bada salbuespen bat neurrietan: Kanadatik inportatutako energia produktuentzako muga zergak txikiagoak izango dira, %10enak, AEBek Albertako petrolio gordin astunaren behar handia duelako.

Zergatik?

Trumpek fentanilo drogaren trafikoa jartzen du oraindik argudio gisa, baina arrazoi hori instrumentala da batez ere: muga zergak ezartzeko legeak erabili ahal izateko eskumena lortzeko larrialdiko bidea.

Nola erantzun dute herrialde horiek?

Trumpek zer egingo prest zeuden, eta Kanadak eta Txinak berehala erantzun diote, haiek ere iragarri baitute muga zergak jarriko dizkietela AEBetako inportazioei. Trumpenak ez bezala, ez dira muga zerga orokorrak; esan daiteke neurri kirurgikoagoa direla, AEBetako eskualde eta ekoizpen zaurgarrienetan min egiteko asmoz ezarri baitituzte. Mexikok oraindik ez du neurririk zehaztu, baina prest dituela adierazi izan du aurretik.

Kanadaren erantzuna.

Kanadak guztira 20.000 milioi dolarren produktuak zergapetuko ditu aduanetan, haiei %25eko muga zerga ezarriz. Tartean daude: laranja zukua, kakahuete gurina, ardoa, kafea, autoak, kamioiak, altzairua eta aluminioa. Horrez gain, Justin Trudeauren gobernuak adierazi du prest dagoela AEBetako merkantzien gainean beste 155.000 milioi dolarren muga zergak ezartzeko.

Txinaren erantzuna.

Txinak, muga zergez gain, beste neurri batzuk ere iragarri ditu, baina, itxura guztien arabera, erabaki du oraingoz ez jartzea Trumpen mailan. Hortaz, kontraneurriak ez dira AEBek hartutakoen maila berekoak.

AEBetatik inportatzen dituen nekazaritza gai jakin batzuei %15en muga zerga ezarriko die, besteak beste oilaskoari, kotoiari, sojari, artoari, basartoari, behi haragiari eta fruituei.

Kalkulu batzuen arabera, Trumpek bere lehen agintaldian Txinari jarritako muga zergetatik bildutako diru ia guztia erabili zuen Txinaren kontraerasoak kalte egindako nekazari estatubatuarrei laguntzak emateko.

Muga zergak ezartzeaz gain, Txinak Merkataritza Ministerioaren zerrenda beltzean sartu ditu hamar enpresa, eta abagunea baliatu du sekuentziazio genomikoan aritzen den Illumina konpainiari Txinan saltzea debekatzeko, Txina bertako lehiakideen mesederako. Pekingo gobernuak beste 15 enpresari debekatu egin die «erabilera bikoitzeko» —erabilera zibil eta militarreko— produktu txinatarrak erostea.

Zein dira zerrenda beltzeko enpresak? Txinaren arabera, Taiwani armak saltzen aritu diren konpainiak dira: TCOM, Stick Rudder Enterprises LLC, S3 AeroDefense, Cubic Corporation, TextOre, ACT1 Federal, Exovera, Planate Management Group, Huntington Ingalls Industries Inc. eta Teledyne Brown Engineering, Inc.

Txinak aurreko muga zergei emandako erantzunean, mineral jakin batzuen esportazioa mugatu zuen —tungstenoa, molibdenoa, germanioa, galioa eta antimonioa—, eta hala ari da oraindik ere.

Mexikoren erantzuna.

Mexikok ez dio berehalako erantzunik eman Trumpen erabakiari. Nahiago izan du denbora irabazi. Claudia Sheinbaum presidenteak gaur goizean (Euskal Herriko arratsaldean) ohar bat irakurri du, eta adierazi du igandean jakinaraziko dituela neurriak. Etxe Zuriak iragarritako muga zergak «iraingarriak eta oinarririk gabeak» direla salatu du.

Trumpek droga trafikoa aipatu duenez, Sheinbaumek arrazoitu du %50 murriztu dela AEBetan atzemandako eta Mexikotik etorritako fentanilo kopurua. Sheinbaumek berak urriaren 1ean presidente kargu hartu zuenetik, droga kartelen aurka hartutako neurrien emaitzak zerrendatu ditu. «Argi diogu. Ez dago arrazoirik erabaki hori hartzeko». Bere ustez, merkaritza gerra batekin «ez du inork irabaziko», eta kalte handia eragingo du mugaren bi aldeetan.   

Nola eragingo diete muga zergek AEBen kontsumoari?

Prezioak igotzea eta inflazioa handitzea litzateke ondorio nagusia.

Kanadako energia produktuen gaineko %10eko muga zergak eragin zabala izatea espero da, AEBen eta Kanadaren arteko sare eta merkatu energetikoa erabat lotuta daudelako. Adibidez, Mid Westeko findegiek Kanadako petrolioa erabiltzen dute, petrolio horretarako daude prestatuak, eta, beraz, orain garestiago erosiko dutenez, pentsa daiteke erregaiak garestitu egingo direla auto jabeentzat.

Hainbat ikerketaren arabera, Ipar Amerikan ekoitzi eta AEBetan saltzen den auto batek Kanadako eta Mexikoko mugak guztira zortzi-bederatzi aldiz zeharkatzen ditu ekoizpen prozesuan. Trumpek ezarritako muga zerga berriekin, Anderson Economic Groupen aholkularitza etxearen arabera, auto modelo jakin batzuen kostua 12.000 dolarretik gora (12.000 euro gutxi gorabehera) garestituko da orain.

Zer dator hurrengo?

Bi data daude ikusmiran. Martxoaren 12an dira ezartzekoak altzairuaren eta aluminioaren gaineko %25eko zergak. Gerta daiteke kobrea ere sartzea tasa sorta horretan, hori aztertzen hasi baitzen AEBetako Merkataritza Departamendua.

Gero, elkarrekiko muga zergak deiturikoak daude, Trumpek herrialde guztiei ezarri nahi dizkienak, haiek produktu estatubatuarrei ezartzen dizkietenak parekatzeko. Horiei buruz, eta autoei, sendagaiei eta txipei %25eko muga zergak jartzeko aukeraz ere, txosten bat da apirilaren 1ean ezagutzekoa. Badirudi orain nekazaritza gaiak ere sartuko liratekeela multzo horretan. Teorian, muga zerga horiek apirilaren 2an ezarriko lirateke.

Hala ere, bitarte honetan zuzenean Europako Batasuna jotzeko muga zergak iritsi daitezke, bereizita. Halako zerbait aipatu zuen Donald Trumpek joan den astean, EB AEBak «izorratzeko» eratu zela esan zuenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.