Loaldi luze batetik esnatu zen bat-batean MME Munduko Merkataritza Erakundea orain dela bi urte. Liberalizazioan sakontzeko akordio bat atera zuen erakundeak Baliko (Indonesia) goi bileratik; lehena azken hogei urteetan. Adostasun hori praktikan jartzea ez da hain erraza izan, ordea, eta prozesu hori azkartzeko eskatu du Jose Azevedo MMEko buruak, 2014. urteko Munduko Merkataritza Txostenaren aurkezpenean.
Merkataritza Errazteko Akordioa (TFA, ingesezko sigletan) indarrean sartzeko, beharrezkoa da MMEko kideetatik bi herenek onartzea. Prozesua motel doa oraingoz. Bi urte geroago 50 herrialdek baino ez dute legedia egokitu. Horien artean daude Europako Batasuna osatzen duten 28 herrialdeak. Gutxienez 106 herrialderen onespena behar du hitzarmenak.
«Internet telefonotik banda zabalera pasatu zen garaiaren parekoa da munduko merkataritzarentzat, eta antzeko efektuak izango ditu», adierazi du Azevedok TFAri buruz. Muga zergak edo inportazio zergak murrizteko akordio global bat lortzeko ezintasunak jota, trukeak errazteko konpromiso bat nahi zuen MMEk. Alegia, aduanak gainditzeko prozedurak bizkortzea eta merkatzea, eta burokraziaren zama arintzea.
Etekin ekonomikoak
Herrialdeen interesa suspertzeko asmoz, akordioaren etekin ekonomikoak neurtzen saiatu da lehen aldiz Munduko Merkataritza Erakundea. Orain arte erabiltzen ziren kalkulu guztiak Peterson Institute think tank pribatutik hartuta zeuden. Esportazioak 680.000 eta 900.000 milioi euro bitarte handituko zirela ziurtatu du txostenak. Halaber, merkataritza egiteko kostuak, batez beste, %14,3 murriztuko lirateke. Munduko hazkundeari urtero puntu erdi bat gehituko zaiola ere kalkulatu dute.
Garatzeko bidean dauden herrialdeentzat edo herrialde txiroentzat aurreikusi gabeko etekinak ere badaudela ondorioztatu dute. Hala nola inbertsioaren igoera eta dibertsifikazio ekonomikoa. «Akordioa osorik eta ahalik eta lasterren ezartzeko garrantzia azpimarratzen du horrek», Azevedoren arabera.
Herrialde pobreentzako hobekuntza horiek zalantzak jarri dituzte akordioa kritikatzen duten taldeek. Haien aburuz, herrialdeek premia sozialetarako behar dituzten baliabideak desbideratzeko arriskua dago merkataritza errazteko helburua duten neurrietara. MMEk laguntza programak agindu ditu aduana prozesuak bizkortu nahi dituzten herrialde txiroentzat.
Datorren abenduaren 15etik 18ra Nairobin (Kenya) bilduko da MMEko organo gorena. Goi bilera hori erakundearen etorkizuna finkatzeko «mugarri» izatea nahi du Azevedok. Lehen bilera izango da AEBek, Japoniak eta beste hamar herrialdeek MMEtik kanpo TPP akordio komertziala sinatu zutenetik. Merkataritza liberalizatzeko akordio zabala da TPP, eta 800 milioi biztanle dituen eremuko arau komertzialak bateratuko ditu. Besteak beste, merkataritza trukeari ezarritako tarifak eta bidesariak murriztu edo kenduko dira. Munduko ekonomiaren %40 ordezkatzen dute akordioa sinatu duten herrialdeen artean. Askoren ustez, Txinak Asian duen itzalari muga jartzeko bitartekoa da hitzarmena.
Merkataritza errazteko hitzarmena bizkortu nahi du orain MMEk
Munduko Merkataritza Erakundeak argudiatu du akordioaren bidez posible dela ekonomia globalari puntu erdia gehitzea.Bi urte pasatu dira sinatu zenetik, baina motel doa indarrean jartzeko prozesua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu