Mercosurrekin ere merkataritza ituna ixteko bidean da EB

Urtea bukatu aurretik egin nahiko luke Bruselak merkataritza libreko beste itun handi hori. Buenos Airesen ari dira negoziatzen

xabier martin
2017ko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Trumpek eragindako protekzionismo olatuari erantzuteko, Europako Batasunak merkataritza libreko itunen makinaren azeleragailua zapaldu du urtearen hondarrean. CETAren ondoren Japoniarekin lotutako akordioa iritsi da abenduan, eta, urtea amaitu aurretik, Mercosur osatzen duten herrialdeekin egindako beste bat ailega daiteke. EBko Merkataritza komisario Cecilia Malmstrom Buenos Airesen da atzodanik, MME Munduko Merkataritza Erakundearen biltzarrean; besteak beste, Argentina, Brasil, Paraguay eta Uruguayko goi agintariekin negoziatzen ari da. Abenduaren 8an, bi aldeek Bruselan egindako beste negoziazio errondaren segida da egunotakoa.

Atzo bezala, gaur ere bi blokeen goi ordezkariek batzarra egingo dute helburu batekin: adierazpen politiko bateratu bat egitea. Baliteke bien arteko merkataritza itunaren inguruko testu hori ez lortzea MMEko biltzarrean, Buenos Airesen, baina hala EBko nola Mercosurreko iturriek diote, horrela ez balitz, oso litekeena dela Mercosurren goi bilerarako iristea, Brasilian, abenduaren 21ean. Hori da asmoa, nahiz eta «ez dago ezer ofizialik helarazteko». Michel Temer Brasilgo presidentea izan da Barsiliako aukera aipatu duena.

Ia 20 urte negoziatzen

Mercosurreko herrialdeek eta EBk aspaldian ekin zioten merkataritza itun bat bilatzeari. 1999an hasi ziren lehen negoziazioak, baina proiektuak urteak eman ditu lozorroan. Harik eta duela hamar hilabete hauspo berria jaso duen arte. Bi aldeetako ordezkariak bat etorri dira esatean azken hamar hilabeteetan gehiago aurreratu dutela hamar urtean baino. Dena den, Malmstrom komisarioak garbi utzi du ez litzatekeela «inolako hondamendia» ituna ez sinatzea 2017an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.