Mercosurreko herrialdeek eta Europak sinaturiko merkataritza libre akordioaren xehetasunak ezagutzen ari dira egunez egun, eta, arau eta lege hari mataza desegin ahala, aldeko eta aurkako iritziak agertzen ari dira. Aurkakoenak, nabarmen, lehen sektoreko eragileak dira, Brasil eta Argentinako etxalde eta landa eremu zabalen beldur. Merkataritzarekin loturiko eragileentzat, aldiz, albiste ona da, protekzionismo hotsak zabaltzen ari diren garai honetan 268 milioi pertsonako merkatu bateko atea irekiko zaielako.
Ikusi gehiago
«Sinpleki esanda, uste dugu akordio hau zera dela, hango haragia hemengo auto eta gerra hegazkinen truk. Hango eta hemengo nekazariak elkarren aurka jarriko gaituzte, eta biok gutxi dugu irabazteko. Multinazionalek dute benetako interesa». Esaldi argigarria hori Panpi Sainte Marie ELB laborarien sindikatuko idazkari nagusiarena da.
«Akordioa ona da Nafarroako enpresentzat. Orain arte txikia zen merkatu bat zabaltzeko aukera dago»
FERNANDO SAN MIGUELNafarroako merkataritza Ganbera
Sainte Mariek azaldu du laborariak ez daudela nazioarteko itunen aurka, baina zehaztu du ez direla ezinbestekoak lehengaiak esportatzeko, eta ardoaren eredua jarri du: «Frantziak ardo anitz ekoizten du, eta nazioarteko bezero nagusiak Txina eta AEBak dira. Haiekin ez dago merkatu libreko akordiorik, eta horrek ez du eragozten haiekin tratua egitea. Alegia, argudio eskasa da esatea halako akordiorik gabe ezin dela Hego Amerikara esportatu».
ELBk, Confederation Paysanne elkarteko kide den heinean, gogora ekarri du lortu zutela bertan behera uztea EBren eta Marokoren arteko akordioa epaitegietan, eta kasu honetan ere berriz saiatuko direla. Aldiz, ez zuten lortu Zeelanda Berriarekin sinaturikoa baliogabetzea. Hala ere, haren «zentzugabekeria» azaldu du: «Hego eta Ipar Euskal Herrian dagoen ardi kopuruarekin, zer zentzu du ardikia planetako beste puntatik ekartzeak?».
Merkataritza balantza, alde
Merkataritza ganberek, aldiz, beste modu batera ikusten dute egoera. Nekazarien kezka ulertzen dute, baina uste dute akordioa oso mesedegarria izan daitekeela beste sektore batzuentzat. Fernando San Miguel Nafarroako Ganberako analista da: «Akordioa nola garatzen den ikusi behar da. Oso garrantzitsua izango da baldintza zehatzak jakitea, baina, oro har, Nafarroako ekonomiarentzat mesedegarria da akordioa. Orain arte txikia zen merkatu baten ateak irekiko dira, eta gure enpresek bidea egin dezakete han».
«Akordio honen muina hau da: hango haragia hemengo auto eta gerra hegazkinen truke»
PANPI SAINTE MARIEELBko idazkari nagusia
Ganberak aztertua du Nafarroak Mercosurreko herrialdeekin —Brasil, Argentina, Uruguai, Paraguai eta Bolivia— duen salerosketa harremana, eta iaz erosi baino askoz gehiago saldu zuen han. 99 milioi euroren balioa zuten salgaiak esportatu zituen, esportazio guztien %1 baino ez; eta 23 milioi inportatu, guztien %0,3. Eta elikagaietan? Bada, Nafarroak inportaturiko baino hiru aldiz gehiago esportatu zuen, batez ere Brasilera. «Nafarroak nekazaritza elikagai industria oso garatua du: kontserbak, barazki izoztuak…». Horren erakusgarri, Virto barazki izoztuen enpresak Brasilen duen egoitza.
Elikagaiak, dena den, salmenta horren zati txiki bat dira, San Miguelek azaldu baitu Nafarroatik batez ere ekipo ondasunak, autogintzararako osagaiak, eta manufaktura erdiko gaiak esportatu zituztela: energia berriztagarrietarako —Acciona bereziki—, haize errotetarako… «Sektore horietan Nafarroa erreferentzia da munduan, ez du zertan beldur izan handik etor daitekeen konpetentziaz. Enpresek gehiago dute irabazteko, Brasilen bereziki».
Brasil da gozokia
Brasilgo merkatua da euskal ekonomiarentzako gozokia. «Berezitasun asko dituen merkatu bat da, eta akordioak dena erraztu dezake», argitu du Mikel Arieta-Araunabeña Bilboko Merkataritza Ganberako idazkari nagusiak. Hark ere «inpaktu ekonomikoa sortzeko aukera» gisa ikusten du akordioa: «Ikusi beharko da nola planteatzen diren bi aldeen arteko lehen neurriak. Europan, handik irits daitezkeen nekazaritza eta abeltzaintza produktuei begira, eta Mercosurren, Brasilen bereziki, Europako industria salgaientzat».
«Akordio hau munduko beste potentzia batzuek bultzatzen duten protekzionismoaren aurkako antidoto bat da»
MIKEL ARIETA-ARAUNABEÑA Bilboko Merkataritza Ganbera
Arieta-Araunabeñak beste bi abantaila erantsi ditu bere analisian. Aurrenekoa, lehengaiak: «Amerikak dituen lehengai ugariak lortzea errazagoa izango da. Enpresen hazkunderako osatu dugun bide orrian funtsezkoak dira; are gehiago egun munduan bizi dugun egoera nahaspilatsuan, zeinak zaildu egiten duen lehengaiak lortzea».
Bigarren aldagaia «egoera geopolitiko nahaspilatsu» hori da, edo, beste modu batera esanda, protekzionismoaren zabalkundea. «Sinadura hau beste potentzia batzuek sustatzen ari den protekzionismoaren aurkako antidoto bat da», goratu du ganberako idazkariak. Era berean, akordio estrategikotzat jo du, muinean muga zergen biguntze orokor bat eragingo duelako bi norabideetan.