Mercedes-Benzen Gasteizko lantegiak badu auto elektrikoa: VLS izango du izena, eta monobolumen itxurako ibilgailu elektrikoa izango da. Alemaniako autogileak Shanghain (Txina) egin den auto azoka batean aurkeztu du gaur ibilgailu elektriko berria. Datorren urtean hasiko dira ekoizten, eta gaur egungo Vito furgonetak ordezkatuko ditu.
Mercedesen ibilgailu elektriko berrien lehen aleak 2026ko udarako espero dira. Bidaiarientzako furgonetak izango dira merkaturatzen lehenak, VLS izenekoak, eta ondoren etorriko dira zama garraiatzekoak —VLE izenekoak—, limusinak eta errekuntza motorreko furgoneta berriak. Modelo horiek guztiek Vission V izeneko gamaren barruan bilduko dira; hain justu ere, horien luxuzko prototipo bat da gaur aurkeztu dutena.
Autogileak ez du ezaugarri teknikoen berri eman, ordea, ez eta salneurriak iragarri ere. Itxura aldetik, hala ere, antzekoak izango dira modelo guztiak, eta erabat desberdinak dira Mercedesek orain arte egin dituen furgonetekin alderatuta: estetika «berritzailea» izango dute kanpotik, «futurista eta aerodinamikoa», eta ibilgailuaren aurreko nahiz atzeko aldeak argiztatuta izango dituzte.
Barrutik ere aldaketak izango dituzte: «zabalak eta irekiak» izango dira, eta pantailez nahiz bozgorailuz josita egongo dira. Modu horretan, «aurrekaririk gabeko murgiltze esperientzia digitala» eskainiko die bidaiariei, entretenimendurako ez ezik, lanerako ere baliagarriak izango zaizkielako, Mercedesek azaldu duenez.

«Aro berria»
Thomas Klein Mercedeseko furgoneten arloko arduradunak adierazi du Vision V modeloa «aro berri baten hasiera» izango dela. Autogileak Van.Ea (Van Electric Architecture) izeneko plataforma modularra jarriko du martxan horiek ekoizteko. Mila milioi euroko inbertsioa egin du Gasteizko lantegian instalazioak handitzeko eta behar berrietara egokitzeko.
Multinazionalak eredu «bakanak» ekoitzi nahi ditu, merkatuan aurki daitezkeen gainerako autoekin alderatuta desberdinak izango direnak. Luxuaren aldeko hautua egin du horretarako, goi gamako furgonetak izango baitira gehienak, premium bezeroei zuzendutakoak. Enpresa autogileak zehaztu du, dena den, ez dituela alboratuko familientzako modelo xumeagoak, Vito furgoneten modukoak.
Hain justu ere, lehen urteetan ekoizpena partekatuko dute. Gaur egun, V, EQV, Vito eta Vito Tourer modeloak egiten dituzte. Hasieran 2024an eten nahi zuen eredu horien ekoizpena Mercedesek, baina beste lau edo bost urtez luzatuko du, errekuntza motorreko auto berrien salmentak 2035ean etetea erabaki baitzuen Europako Batasunak.