Bizkaiko metalgintzako greba hornidura arazoak sortzen ari da hainbat enpresatan, Arabako Mercedesen esaterako. Material falta dela eta, enpresak produkzioaren sektore batzuk geratzeko erabakia hartu du, ostiralerako eta larunbaterako. Bihar, ostirala, muntaketa gordineko langileen hiru txandak —goizekoa, arratsaldekoa eta gauekoa— bertan behera geratuko dira, eta pintaketako eta amaierako muntaketako langileetan, berriz, arratsaldekoa eta gauekoa geratuko dira bertan behera.
Larunbatean, berriz, aipatutako hiru sektoreetan eguneko hiru txandak geratuko dira bertan behera. Prototipoetan jarduten duten langileak ez ditu geldiaraziko.