Makinak geratu egin dituzte Mercedes Benzek Gasteizen duen fabrikan. Hamahiru egunez egongo dira horrela, maiatzaren 6ra arte, «lantegiaren ekoizpen ahalmena merkatuen eskarietara egokitzeko». Euskal Herriko lantegirik handiena da Mercedesena, 5.000 langile inguru baititu.
Maiatzeko gainerako ostiraletan ere —10ean, 17an, 24an eta 31n— ez da furgonetarik egingo, eta aste horietan astelehenetik ostegunera baino ez da lan egingo muntatze eta pintura ataletan.
Lan hitzarmenak lanaldia malgutzeko ematen dituen neurrien bitartez konpentsatuko dituzte langileek geldialdi horietako gehienak, baina malgutasun poltsa hori bukatu egingo da maiatzaren 10eko geldialditik aurrera, eta berriki adostutako neurriak aplikatuko dituzte.
Joan den martxoan, lantegiko zuzendaritzak eta sindikatuen gehiengo batek akordio bat sinatu zuten malgutasun neurri berriak biltzen dituena, eta, horren ondorioz, enpresak ez du aplikatuko aldi baterako enplegu erregulaziorik (ABLE).
Alemaniako multinazionalak Gasteizko lantegiaren aldeko «epe luzerako» apustua egin eta hilabete eskasera eten du ekoizpena. Martxoaren amaieran, lantegiaren 70. urteurreneko ekitaldian, enpresak baieztatu zuen 1.000 milioi euro inbertituko dituela 2026tik aurrera Gasteizen, furgoneta elektrikoak ekoizteko.
Ikusi gehiago