Mercedesek ez ditu langileak hartuko uda sasoian

xabier martin
2019ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Gasteizko fabrikan beste ekoizpen murrizketa bat egiteko erabakia hartu du Mercedes konpainiak. Planak jasotakoa baino 4.000 ibilgailu gutxiago ekoitziko ditu plantak, eta jarduera txikitzeak beharginen egutegi aldaketa ekarri du berriro. Beste ondorio bat ere izango du: uda honetan Mercedesek ez ditu behin-behineko langileak hartuko.

Vito furgoneten eskaria behera doa, eta Mercedesek ekoizpena txikitzen erantzun du azken urtean. Otsailean, 152.000 ibilgailuko ekoizpena erabakia zuen, eta hura 148.000 ibilgailura jaistea deliberatu du. Ez dira albiste onak, Arabako ekonomiaren motor nagusia erregulazio baten atarian egon daitekeelako. Autogintzaren merkatua ezegonkortasun handi batean sartu da Europan, eta ez da baztertu behar 148.000 furgoneta ekoizteko erabaki hori berriro aldatzea datozen hilabeteetan.

Horiek horrela, Mercedesek ez ditu kontratazioak egingo ikasleen artean uda honetan. 200 eta 300 langile arteko kopuru bat hartu ohi du, urteko helburuei eusteko, langile finkoek euren oporrak egiten dituzten bitartean. Asteon jakin du albistea langile batzordeak. Aste Santuko egunetan ez dago jarduera Gasteizko lantegian, baina zuzendaritzak batzarrera deitu ditu langileen ordezkariak, garbi utzita egoera ez dela nolanahikoa.

Bigarrenez aurten

2019. urtea 154.000 ibilgailuren ekoizpen helburuarekin hasi zuen Mercedesek, baina otsailerako 152.000ra jaitsi zuen helburua, eta orain 148.000ra. 2018ari, berriz, 160.000 auto ekoizteko planarekin ekin zion, eta 154.000rekin bukatu zuen. Vito furgoneten %85 gasolio motorraz ekoizten ditu Gasteizek, eta diesela baztertzeko joera areagotuz doa Europako merkatuetan. «Merkatuen eskari berriak derrigortuta» murriztu ei du Gasteizko ekoizpena zuzendaritzak. Sindikatuek, ordea, uste dute Alemaniako zuzendaritza estrategia nagusia aldatzen ari dela, eta Gasteiz galtzaile ateratzen ari dela aldaketa horrekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.