Asteburua luzea izango da Mercedesek Gasteizen duen lantegian. Ondo bidean, ez da bilerarik faltako, eta sakelako telefonoek askotan joko dute. Izan ere, sindikatuek eta enpresak gaur ezin izan dute adostu zuzendaritzak hurrengo hilabeteetarako eskainitako aldi baterako lan erregulazioa. Hasieran jarritako negoziazio epea gaur bukatzen zen, baina, erabakiaren garrantzia ikusita, enpresak asteartera arte luzatu du epe hori. Egoera bideratzeko itxaropena hauspotu nahi du.
5.000 operarik egiten dute lan Mercedesen faktorian. Langile gehien batzen dituen Euskal Herriko lantegia da, eta zeharka beste askoren bezero nagusi ere badena. Azken hilabeteetan osagaien gabezia nozitzen ari da, eta, txanda guztietako lanik ez duenez, 30 eguneko lan erregulazio bat egin nahi du ekainera arte. Ez da horrelako neurri bat hartzen duen lehen aldia. Urrunago joan gabe, abenduaren 17tik urtarrilaren 3ra geldirik egon zen, erdieroaleak pilatuz joateko.
Lan erregulazio berria, baina, luzeagoa da, eta enpresak sindikatuekin adostu nahi du. Azken asteetan negoziatzen aritu dira, eta zuzendaritzaren azken eskaintza soldata osagarria %70tik %80ra igotzea izan da. Era berean, oporrei eta aparteko soldatei eutsiko lieke. Abenduko lan erregulazioko baldintzetara asko gerturatu da. Enpresak, berez, ez du akordiorik behar: aldi baterako lan erregulazioa aldebakarrez onar dezake, eta osagarririk gabe, baina batzordearen baietzak berme handiagoa emango lioke auzibiderik balego.
VWen, aurrera
Gaur egin dute ustez azken bilera beharko zukeena, eta langile batzordeko hamahiru kideetatik zazpik enpresaren eskaintza babestu zuten (UGT, CCOO, Ekintza eta PIM). UGTk, baina, ordezkaritza handiena duen sindikatuak, iritzi dio babes horrek zabalagoa behar duela, eta gutxienez zortziren baietza beharko litzakeela esan zuen bileran. Horrek zer esan nahi zuen? Bada, ELAren, LABen edo ESKren babesa nahi zuela, eta ez zen iritsi. Puntu horretan altxatu ziren mahaitik, eta hurrengo astean berriz eseriko dira. Ikusteko dago eskaintza edo jarreraren bat aldatuko den.
Mercedeseko negoziazio malkartsuek ez dute zerikusirik Nafarroako VWekoekin. Landabengo zuzendaritzak antzeko neurriak planteatu ditu ekain amaierara arte, han ere osagai gabezia nozitu dutelako, eta langile batzordearen bi herenek babestu zuten eskaintza herenegun (%67,8). VWen, UGTk eta CCOOk ordezkaritza handiagoa dute, eta haien babesa aski izan zen aldi baterako erregulazioa atera zedin. ELAk, berriz, publikoki kritikatu zuen, langile «zaurgarrienek» kalte handiagoa izango dutelako. 4.500 langilek dihardute guztira VWen.
Ez dira bakarrak
Mercedes eta VW ez dira aldi baterako erregulazioan dauden autogintzako enpresa bakarrak. Gestampek ere (735 langile), esaterako, antzeko neurriak hartu behar izan ditu. Urtarrilean ugaritu egin dira Hego Euskal Herrian aldi baterako erregulazioan dauden langileak: urtarrilaren 31n 5.532 ziren, hilabete lehenago baino 1.139 gehiago. Osagaien gabeziak gogor jo du autogintza, baina beste sektore batzuetan ere kosta egiten ari zaie urteari ekitea. Esaterako, Arcelorrek Sestaon (Bizkaia) duen altzairutegiak ere aldi baterako erregulazioan sartu ditu 278 langile finkoak.