Mercedes Benzek mila milioi eurotik gora inbertituko ditu 2026tik aurrera furgoneta elektriko berriak ekoizteko. Bi urte iraungo dute instalazioak handitzeko obrek, eta, behin amaituta, taldeko erreferente bihurtuko da fabrika. «Gasteizen ekoitziko dira Van.EA arkitektura elektrikoko plataforman oinarritutako lehen ibilgailuak». Hala baieztatu du Mathias Geisen multinazionalaren furgoneten alorreko zuzendariak. Bernd Krottmayer Gasteizko lantokiko zuzendariak, berriz, erronka handia dela nabarmendu du: «Zaila izango da, bai, baina baita erakargarria ere».
Ez dute halabeharrez aukeratu albistea emateko eguna. 1954ko martxoan ekoitzi zen lehen aldiz auto bat Gasteizko Hueto etorbideko lantokian. 70 urte geroago,«mugarri historikotzat» jo dute inbertsioa, modua emango baitio fabrikari etorkizunean bideragarri izateko. «70. urteurrena aukera paregabea da beste aro bat abiarazteko. Niretzat ohorea da eraikin berri horiek iragartzeko ekitaldia zuekin batera egitea», adierazi du Mathias Geisenek.
«Gasteizen ekoitziko dira Van.EA arkitektura elektrikoko plataforman oinarritutako lehen ibilgailuak».
MATHIAS GEISEN Mercedes Benzen furgoneten saileko zuzendaria
Aurkezpen eta urteurren ekitaldi berezi horretan izan dira Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea, besteak beste.
Obrak iaz hasi ziren, eta jada 70 milioi euro inbertitu ditu taldeak. Dena den, inbertsiorik eta lanik handiena egiteko dago. Datozen bi urteetan erritmo betean egingo dute lan. Egun 696.505 metro koadro ditu lantokiak, eta 800.000 izango ditu lanak amaitzean. Gainera, pintura nabe berritu bat eta landu gabeko ibilgailuak muntatzeko beste bat izango ditu. Gainera, azken muntatzea egiteko nabea handitu egingo da.
Lan horien gidaritza Krottmayer zuzendariak hartu du. Urtebete darama karguan, eta, haren hitzetan, mila milioi euroko inbertsioari esker «etorkizuneko fabrika» izango du Mercedesek Gasteizen. Izan ere, Krottmeyerren hitzetan,«urte askotarako lana ziurtatuko dio». 2026tik aurrera, batetik, errekuntzako VS20 furgonetak ekoitziko dituzte, orain bezala, eta, bestetik, furgoneta elektriko ertainak.
Ez dute argitu zer modelo elektriko egingo diren. Soilik azaldu dute erabilera pribaturako eta lanerako ibilgailuak izango direla. Van.EA izeneko plataformatik aterako dira furgoneta elektrikoak, eta Mercedesen helburua da 2026tik aurrera ibilgailu ertain eta handiak ekoizteko erabiltzea.
Hain zuzen ere, plataforma berritzailearen abantaila nagusia da haren arkitektura elektrikoa askotariko tamainetara egokitzeko modukoa dela. Plataformari esker, aurrerantzean hainbat modeloren ekoizpena bateratu ahal izango dute. Ekitaldian, Mercedes Benzeko arduradunek azpimarratu dute malgutasuna emango diola fabrikari. «Malgutasuna behar dugu, fabrika etorkizunerako prest egon dadin», gaineratu du Geisenek.
Iraunkortasunari begira, 2026ko abiapuntuarekin batera, beste bi mugarri handi ditu. 2030erako fabrikaren CO2 emisioak %80 apaldu nahi dituzte, 2018ko datuekin alderatuta; 2029rako, berriz, ekoizpen prozesuaren karbono lorratza neutroa izatea dute helburu. Eraldaketa elektrikoa da auto industriak aurrean duen «erronkarik handiena» Geisenen arabera.
«Autogintza industriaren aldeko apustua eta bidea egin dugu elkarrekin, eta lankidetza publiko-pribatuaren adibide da hau».
IÑIGO URKULLU Eusko Jaurlaritzako lehendakaria
Ekitaldian, asmo arranditsuak aipatu badituzte ere, ez dute azaldu bi urteotako lanek nola eragingo duten produkzioan —157.000 furgoneta ekoitzi ziren iaz—. Aurrean dituen erronka zailekin batera, egungo zailtasunei aurre egin behar die fabrikak, autogintzako gainerako lehiakideekin betera. Izan ere, oraindik ez dira amaitu hornidura kateko arazoak, eta urtea hasi denetik 11 egunez eten behar izan ditu lanak Gasteizko lantokiak. Urte osoan gehienez 18 egunez etetea zen muga, baina, aldi baterako lan erregulazio espedienterik ez ezartzeko, langile batzordeak akordioa egin berri du, eta beste hamabost egunez eteteko baldintzak arautu.
Zeharka, 30.000 lanpostu
Mercedesek pisu handia du Arabako ekonomian eta euskal auto industriaren motor nagusia da, Iruñeko Volkswagenekin batera. 5.000 langileri ematen die lana zuzenean, eta hornidura kate osoan beste 30.000 lanpostu ziurtatzen ditu.
Hauteskunde kanpaina ate joka izanik, azken ekitaldi instituzionaletako bat izan du Iñigo Urkulluk. Hitza hartu duenean, Jaurlaritzako lehendakariak adierazi du aspalditik elkarrekin egindako bidean beste urrats garrantzitsu bat dela inbertsioa. «Autogintza industriaren aldeko apustua egin dugu, eta lankidetza publiko-pribatuaren adibide da hau».
Inbertsioa jada errealitatea bada ere, gogora ekarri du 2015ean eta 2022an zalantzan zegoela multinazionalak apustu hori egingo ote zuen, eta Urkulluk azpimarratu du Jaurlaritzak bere ekarpena egin duela enpresari konfiantza emateko moduko ingurunea eta baldintzak sortzeko: «Euskal instituzioek ere konpromisoa adierazi zuten, eta horrek bermatu du enpresa hemen errotzea. Bide horretatik jarraitu behar dugu».
Pedro Sanchezek gogora ekarri du gaur-gaurkoz 3.600 milioi euro mobilizatu direla ESEPE autogintzako ekonomia suspertzeko eta eraldatzeko proiektu estrategikoaren bidez, eta aurten beste 1.400 milioi euroren deialdia ateratzeko asmoa dutela. Mercedesi 130 milioi euro emango zaizkio.