Mendiaren azken egitasmoa: «kalitatezko enplegua» bultzatzeko itun bat

Agiriarekin bat egin dute 97 erakundek, tartean hiru unibertsitate eta zenbait enpresari elkarte. Konpromisoen artean, etengabeko prestakuntza eta kanpoko langileak erakartzeko neurriak daude.

IDOIA MENDIA
Idoia Mendia, egitasmoa aurkezteko ekitaldian, Bilbon. IREKIA
jokin sagarzazu
2024ko urtarrilaren 31
12:25
Entzun

«Euskal politika utzi» aurretiko azken egitasmoa aurkeztu du Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburuak: Enpleguaren aldeko Itun Soziala. 97 erakundek eta gizarte, ekonomia eta hezkuntza eragilek bat egin dute agiri horrekin, eta helburua da erakunde horiek eta aurrerantzean bat egin dezaketenek konpromisoa hartzea «kalitatezko lan baldintzak» bermatzeko.

Testuak hamar konpromiso ditu, oso orokorrak. Eta testuarekin bat egiten duten erakundeek «borondate irmoa» adierazten dute konpromiso horiek garatzeko. Funtsean, helburua da «lan duina eta inklusiboa» bultzatzea eta «erronka demografikoari» aurre egiteko estrategiak garatzea. Besteak beste, negoziazio kolektiboa bultzatzeko beharra azpimarratzen da dokumentuan; eta emakumeen, gazteen, zaharren, desgaitasunak dituztenen eta migratzaileen lan aukerak eta lan baldintzak hobetzea.

Langileen zein langabeen prestakuntzari garrantzi berezia ematen zaio, eta kanpoko langileak erakartzeko neurriei ere bai —adibidez, tituluak homologatzeko sistema arin baten beharra—; baita emakumeen eta gizonen arteko «benetako berdintasuna» lortzeko estrategiak garatzeari eta zaintza eta kontziliazio neurriei ere.

Elkarrizketa Sozialerako Mahaiko Enplegu Taldean parte hartzen duten eragileek egindako akordioaren emaitza da ituna, eta urriaren 6an aurkeztu zuen Mendiak Eusko Legebiltzarrean. «Partaidetza prozesu» baten ostean, 97 erakundeek bat egin dute. Horien artean daude, besteak beste, EHU, Deusto eta Mondragon unibertsitateak, Confebaskek enpresarien elkartea, Euskadiko Autonomoen Elkartea, Konfekoop, ASLE, hiru lurraldeetako merkataritza ganberak, garapenerako hamabi eskualde agentzia eta hamalau enpresa kluster. Baita hiru foru aldundiak eta 31 udal ere.

CCOO, UGT eta USO sindikatuek ere sinatu dute dokumentua, baina ez ELAk eta LABek. Bi sindikatu horiek ez daude Elkarrizketa Sozialerako Mahaian.

Mendiaren agurra

Asteazken honetan Bilbon egindako ekitaldi batean aurkeztu du ituna. «Gure herrialdearen» erronka handiei aurre egiteko «erantzun kolektibo» gisa definitu du egitasmoa. «Erakundeok ehun produktibo eta ekonomiko osoaren eta gizarte eragile guztien inplikazioa behar dugu, kontratatuko diren pertsonen enpleguarekiko lotura ondo ixteko edo enplegu hobeak eskaintzeko», azpimarratu du

Mendiak itunaren aurkezpen ekitaldia erabili du Enplegu Sailean egindako ibilbidea errepasatzeko. Mugarrien artean, Lanbideren erreforma eta Enpleguaren Euskal Legea aipatu ditu. Baita laneko osasunaren alorrean eta laneko ikuskaritzan hartutako neurriak ere. «Aurretik egin ez diren gauzak egin ditugu», adierazi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.