Mecaner Urdulizko trokelgintza historikoa mehatxatzen duen atzerako kontaketa fase berri batean sartuko da astelehenean. Sei hilabete beteko dira Stellantis autogintza multinazionalak (Fiat, Lancia, Citroen...) planta ixteko asmoa jakinarazi zuenetik, eta, horrenbestez, erregulazio espedientearen baldintzak negoziatzeari ekin ahalko dio 142 langileekin. Legez behartuta dago hori egitera, eta negoziazio prozesuak gutxienez hilabete iraun behar du. «Gu entzutera goaz, baina argi dugu planta bideragarria dela, eta hori aldarrikatuko dugu larunbateko mobilizazioan», azaldu du Juan Mari Cruz langile batzordeko kideak (ESK).
Langileek euren egoera jakinarazteko eta sei hilabete hauetan jasotako babesa eskertzeko manifestaziora deitu dute. 17:00ean irtengo da udaletxetik, eta, eguraldiak ahalbidetzen badu, Mecanerrera joango dira. Bestela pilotaleku itxi batean egingo dute amaiera ekitaldia. Eskertuko dute babesa, sei hilabete ez dira alferrik pasatu, lantaldea higatuta dago, eta, gainera, banatuta. ELA sindikatuak greba mugagabera deitu du —bi ordezkari ditu bederatziko batzorde batean— eta 50 langile inguruk babestu dute. ESK-k eta LABek, aldiz, —hiruna kide batzordean— beste borroka dinamika bat dute, greba egun solteetan oinarrituta.
«Langile gehienen itxaropena Stellantisek atzera egitea da, badakigu planta bideragarria dela, eta gure ekoizpena ona».
JUAN MARI CRUZMecanerreko langile batzordeko kidea
74 langile senda agiria hartuta daude, greban ia ez dauden guztiak, eta azken asteetan ia ez dago mugimendurik lantegian. Egun, trokeletan, Lancia Ypsilon berriko auto alboetako piezak egiteko trokelak egiten ari dira, baina badakite Stellantisek irailera arte atzeratu duela haren ekoizpena. Horrek presio egiteko duten ahalmena mugatzen du hein handi batean, aldi berean plantaren jabe eta bezero nagusi duenak ez duelako presarik Mecanerri eginiko azken enkargua jasotzeko.
Cruzek onartu du langileen itxaropenik handiena Stellantis erabakiz aldatzera behartzea dela, planta errentagarria delako: «Iaz 600.000 eurotik gorako irabaziak izan genituen. Beste urte batzuetan ez da hala izan, baina Stellantisek nahi bezala mugi ditzake zenbakiak. Baina badakigu bideragarriak garela eta gure ekoizpena ona dela. Erabakian atzera egin dezan nahi dugu». Hainbatetan aipatu dute haiena deslokalizazio kasu argia dela, eta ziurtzat ematen dute Mecaner ixten badu bertako jarduna Txinara edo Poloniara bideratuko duela Stellantisek.
Birmoldaketa egingarria da
Hori, baina, ez da aukera bakarra, lantaldeak, Urdulizko udalaren laguntzarekin, plantaren trantsizio posible baterako txosten bat eskatu baitzion Garua kooperatibari. 80 orrialdeko txosten mamitsuak zenbait aukera aztertu ditu. «Enpresako makineria, langileen ezagutza eta, era berean, diru laguntza publikoak jasotzen ari diren sektoreetako aukerak aztertu ditugu. Gehienek trantsizio energetikoarekin lotura dute», azaldu du Martin Lallana Garuako kideak. Autogintza elektrikoarekin edo energia sektorearekin lotuta dauden aukerak lirateke.
«Laguntza publikoak jasotzen ari diren sektoreetarantz eraldatzeko aukerak ikusten ditugu Mecanerren. Gehienek trantsizio energetikoarekin harremana dute».
MARTIN LALLANAGarua kooperatibako ikerlaria
Beste gako bat orubearen, azpiegituraren eta makineriaren transferentzia litzateke. Lau aukera posible leudeke: Stellantisek trantsiziorako planteaturiko aukeretako bat bultzatzea, beste inbertitzaile pribatu bat aurkitzea, kapital publiko hutsez bultzatzea eta kapital publiko eta pribatua nahastea. «Azken horretarako aukerak badaude», azaldu du Lallanak: «Arrisku kapitala mugitzen duten funtsak badaude, publikoak zein pribatuak. Jaurlaritzaren jarduna erabakigarria izan daiteke». Langileei kooperatiba gisa antolatzea eskaini zieten, baita aukerak aztertu ere, baina haiekin eginiko bileretan ez zuen arrakasta handirik izan.
Eusko Jaurlaritzak dagoeneko jaso du Garuaren txostena, eta aste honetan hura mahai gainean zuela bildu da langileekin. Aurretik saiatu zen inbertitzaile bat aurkitzen, baina ez zuen arrakastarik izan. Stellantisekin hitz egitea ere lortu zuen, eta ez zuen atzera egiterik lortu. Hori bada zerbait, ez langileek ezta sindikatuek ere, orain arte ez dutelako enpresarekin harreman zuzenik lortu. Are gehiago, azken egunetan egoera oso bitxiak bizi izan dituzten plantan. Cruz: «Oso oinarrizko gauzak galdetu, egunerokoak... materialen baten ingurukoak edo, eta esaten digu irailera arte ezin digula erantzun. Harrigarria da».
Horregatik langileek ez dakite nondik joko duen negoziazio prozesuak, baina, aurreko tramiteak tarteko, ez dute uste martxoaren 12ko astea baino lehenago hasiko direnik. Gogoratu dute Stellantisek bi planta dituela Espainian, Villaverden eta Figueruelasen; eta beste bat Galizian, Vigon. Multinazionala autogintza Perteko dirua Figuerelasekoa bultzatzeko eskatzen ari da, eta ez dute baztertzen beste lanpostu batean jartzeko eskaintzak jasotzea. Bien bitartean ESK-k eta LABek beste bi greba egun dituzte deituta hurrengo asterako; ELAk, aldiz, deialdi mugagabeari eutsiko dio.
Urdulizek ez du orubea birkalifikatuko
Mecanerrek ixten badu, Stellantisek, edo orubea erosten duen edonork, jarduera industrialerako erabili beharko du. Urdulizeko udaleko zinegotzi guztiek aho batez adostu zuen ez duela orubea berriz kalifikatuko eta ezingo dela harekin «espekulatu». Izan ere, herritarrak, eta udala oso arduratuta daude egoerarekin. Itziar Iratzagorria (EH Bildu) da alkatea: «Kezka handia dago herrian. Mecanerreko 40 langile dira herrikoak, eta besteak ingurukoak. Duela 20 urte Mecanicas La Peñarekin gertaturiko berriz bizitzen ari gara. Gure zonaldean zerbitzuak dira nagusi, baina ahalegin guztia egin behar dugu industriari eusteko».
Ahalegin horren zantzu da, udalak ordaindu zuela Garua kooperatibak eginiko trantsizio txostena. Iratzagorriak ezagutzen ditu haren ondorioak, eta bera itxaropentsu dago. «Lantegia bideragarria dela erakusten du, eta, beharko balira, badaudela eraldaketa aukerak. Orain, baina, funtsezkoa da Eusko Jaurlaritzak bultza egitea. Eskuduntzak baditu eta erabili egin beharko lituzke», nabarmendu du.
.