Mecanerreko langileek enpresa bideragarria dela azaldu diote gaur Eusko Jaurlaritzari. Stellantis autogintza multinazionalak itxi asmo duen Urdulizko (Bizkaia) trokel fabrikako langile batzordea enplegu saileko ordezkariekin bildu da, eta enpresaren azken urteetako zenbakiak erakutsi dizkio. Mecanerrek iaz 606.000 euroren irabaziak izan zituela esan diote, eta planta ixteko arrazoi bakarra errentagarritasun are handiagoa lortzea dela.
Mecanerreko 148 langileek bigarren greba eguna egin dute gaur, eta manifestazioa egin dute Bilboko Kale Nagusian. Sinetsita daude enpresaren itxiera saihestu daitekeela, eta inplikazioa eskatu diete erakunde publikoei –bileran Bizkaiko Aldundiko Industria Saila ere agertu da--, haien ustez «deslokalizazio kasu argia» dena eragozteko. Stellantis trokelgintza lanak soldata txikiagoak ordaintzen diren herrialdeetara bideratzen ari da (Indiara, Txinara...), eta argi dute Mecanerrekoa joera horren beste kasu bat dela.
Stellantisek (Opel, Peugeot, Citroen...) iragan astean eman zuen bere asmoen berri. Erregulazio espediente bat jarri du martxan, eta prozesu osoak sei hilabete iraun dezakeela uste dute langileek. Bitartean, lanean jarraitzen dute, lan enkargurik ez baita falta. Mecanerreko ordezkariak multinazionalarekin negoziatzen saiatu dira, baina oraindik ez dute erantzunik jaso. Stellantisek iaz 16.800 milioi euroren etekinak izan zituen.
Trokelgintza eta matrizerien sektorea ez dago garai onean Euskal Herrian. Autoen karrozeria piezak ekoizteko moldeak egiten dituzte. Deslokalizazioak, baina, gogor astindu du jarduna. Orain, Mecaner dago kinka larrian, baina azken urteetan ateak itxi dituzten trokelgintza enpresen zerrenda luzea da: Araluce, Matriceria Deusto, Troquenor... Egun Gestamp da sektorea kontrolatzen duen enpresa.