Mecaner Herriarentzat ekinbideak amaitutzat eman du bere ibilbidea

«Prozesu berriei bultzada emateko», txosten batean bildu dituzte enpresaren itxierak utzitako irakaspenak. Gizarte eragileen esku utzi dute dokumentua.

Mecaner ixtearen aurkako manifestazio bat Bilbon, iazko apirilean. OSKAR MATXIN EDESA / EFE
Mecaner ixtearen aurkako manifestazio bat Bilbon, iazko apirilean. OSKAR MATXIN EDESA / EFE
Paulo Ostolaza.
2025eko apirilaren 9a
11:35
Entzun 00:00:0000:00:00

Balantzea «gazi-gozoa» da, baina irakaspenak baliagarriak izan daitezke etorkizuneko gatazketarako. Amaitu da Mecaner Herriarentzat dinamikaren bidea, eta txosten batean bildu dute prozesuan ikasi dutena. Ez dute lortu jarritako helburua betetzea —Stellantisek Urdulizko lantegiko langileak kaleratu zituen, eta instalazioak saldu—, baina balioa eman diote, besteak beste, lehen aldiz trantsizio ekosozialeko plan bat erabili izanari itxiera prozesu baten harira. «Aitzindaria izan da».

Atzo aurkeztu zuten dokumentua eragile ekologisten, sindikalen, politikoen eta sozialen esku utzi dute, «etorriko diren prozesuei bultzada emateko». Ikasi dituzten lezioen artean, hauek nabarmendu dituzte: «Krisi ekosozialaren eta industria eraldaketaren arteko nahitaezko konbergentzia, gatazkak piztu aurretik eztabaidak hastearen garrantzia, langile taldearen parte hartzea ahalik eta handiena izateko beharra, eta askotariko gizarte eragileen artean gutxieneko akordioak lortzeko premia».

Horretaz guztiaz gain, txostenean adierazi dute mobilizazioa indartzeko tresna erabilgarria izatea dela trantsizio ekosozialeko plan baten alderdirik garrantzitsuena. Udalen babesa izateaz hitz egin dute, eta «Eusko Jaurlaritzaren gaitzespenak ekarri zuen blokeoaz» ere bai. Ondorio modura, baieztatu dute itxiera prozesuetan langileak eta eragile ekologistak protagonismoa edukitzea eta prozesuaren lidergoa publikoa izatea dela «trantsizio justu eta jasangarri bat» bermatzeko modu «bakarra».

Mecaner Herriarentzat dinamikak atzo egindako agerraldia. LAB SINDIKATUA
Mecaner Herriarentzat dinamikak atzo egindako agerraldia. LAB SINDIKATUA

Stellantis multinazionalak (Peugeot, Fiat, Citroen, Opel...) ekainean itxi zuen Urdulizko trokelgintza lantegi historikoa (Bizkaia), eta 144 langile kaleratu. Mecaner Herriarentzat ekinbideak, ordea, borrokan jarraitu du fabrikari beste bizialdi bat emango zion proposamen baten alde. Azpimarratu dute enpresa bideragarria zela.

Gainera, sindikatuek eta eragile ekologistek Jaurlaritzari eskatu zioten instalazioak erosteko, baina, otsailean, alboan dagoen Lointek enpresa egin zen azpiegituren jabe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.