«Fruta jaten ez duena ez da jabetzen horrek zer dakarkion osasunari»

Ikastetxeetan eta gurasoen artean nutrizio hezkuntza falta dela esan du Lopezek, eta horrek eta prezioek ekarri dutela jende askok fruta baztertzea jaki prestatuen mesedetan.

Mayra Lopez, Errenterian duen Nutrigune zentroan. ANDONI CANELLADA / FOKU
Mayra Lopez, Errenterian duen Nutrigune zentroan. ANDONI CANELLADA / FOKU
Estibaliz Navarro Argaz
2024ko uztailaren 26a
05:00
Entzun

Mayra Lopezek (Guayaquil, Ekuador, 1989) Nutrigune dietetika kontsulta sortu zuen 2019an, Errenterian (Gipuzkoa). Elikaduraren hainbat arlotan trebatu da: kirol nutrizioa, errendimendurako eta lehiarako nutrizioa, pisu galera eta digestio patologietarako nutrizioa. Irakastea eta komunikatzea atsegin du, eta horregatik esan ohi du egiten dituen saioek zerikusi gehiago dutela klase pertsonal batekin osasun profesional baten kontsultarekin baino.

Azken hamar urteetan frutaren kontsumoak behera egin du. Zergatik?

Fruta kontsumoaren beherakadaren arrazoi nagusia prezioak direla uste dut. Prezioek gora egin dute, batez ere pandemiatik orain arte. Horrez gain, nutrizio hezkuntza apala izateak eragina izan du jaitsiera horretan. Kontsultara batez ere sagarraz, udareaz eta platanoaz gain beste frutarik ezagutzen ez duen jende gaztea etortzen da.

Zein dira fruta nahikoa ez jateak osasunean dituen ondorio nagusiak?

Berez, asko dira. Izan ere, fruta jaten ez dugunean, osasunarentzat kaltegarriak diren elikagai prozesatuak eta ultraprozesatuak jaten ditugu. Fruta ez da jaten, baina opila bai, baita zukuak eta edari energetikoak ere, eta horien kontsumoa gehiegizkoa da gazteen artean. Frutek bitamina eta mineral asko izaten dituzte, eta nahikoa ez jateak dakarren urritasun bat, adibidez, C bitamina falta izatea da. 

«Etxeko heziketa oso garrantzitsua da. Ikastetxeetan ere lanketa handia egin beharra dago. Elikagai mota asko daudela erakutsi behar da»

Beraz, ez da gauza bera fruta osoa edo zukuan hartzea?

Ez. Frutarekin zukua egiten duzunean, zuntz guztia kentzen diozu, justu frutaren zati interesgarriena. Zuntz hori kentzen diozunean, azukrea baino ez da geratzen. Munduko Osasun Erakundearen arabera, freskagarri bat edatea bezala katalogatuta dago. Jakina, frutarekin egindako zuku horrek aurretik aipatutako C bitamina hori izango du; hori horrela, ez dut esaten zuku moduan ez dela hartu behar, baina fruta osoa jatea lehenesten saiatu behar da. 

Uste duzu janari prestatuak hartzeak fruta kontsumoa murrizten duela?

Bai, eragin handia du, janari lasterra direlako. Hau da, supermerkatura joaten zara, jaki prestatua erosten duzu, eta horrekin bete egiten zara; beraz, ez duzu pentsatzen postrerako fruta erostea. Jaki prestatu horrekin ase, eta horrekin bazkaria egina duzu. Gainera, askoz ekonomikoagoa izan daiteke.

Zer garrantzi du hezkuntzak frutaren kontsumoari dagokionez? 

Nutrizio hezkuntza falta da, bai ikastetxeetan eta bai gurasoen artean. Azkenean, gurasoak dira seme-alabak hezten dituztenak. Haiek dira askotan esaten dutenak fruta ez dutela gustuko, eta seme-alabek ez dute ikusten gurasoek fruta jaten dutenik. Ikastetxeetan ere nutrizio hezkuntza behar da. Jantokietan, adibidez, postreetan batzuetan beste gauza batzuk eskaintzen dituzte, jogurt azukredunak edo beste postre mota batzuk, eta hori aldatu egin behar da.

Nola eragiten du fruta gutxiago jateak jendearen bizimoduan?

Ikusi besterik ez dago pandemiatik jende gehienak gehiegizko pisua eta gizentasuna duela.

Uste duzu fruta jaten ez duenak ez dakiela ondo zer ondorio duen horrek bere osasunean? Edo badaki eta hala ere ez du jaten? 

Fruta jaten ez duena ez da erabat jabetzen horrek zer dakarkion osasunari. Osasuna dugunean, ziurtzat jotzen dugu; galtzen dugunean baloratzen dugu benetan. Eta elikadurarekin gertatzen da 40-55 urtez ongi egon zaitezkeela, ohitura berak izanda, ez osasungarrienak, ezta kaltegarrienak ere, eta 50 urte egiten dituzunean dena erabat aldatzen dela. Hor esaten duzu: zergatik ez nintzen lehenago hasi?

«Kontsultara batez ere sagarraz, udareaz eta platanoaz gain beste frutarik ezagutzen ez duen jende gaztea etortzen da»

2020. urtean, frutaren kontsumoa igo egin zen.

Pandemia garaian, kontsultan ikusten dudanagatik, jendeak jaitsi egin zuen estresa, etxean sartuta egonda gehienak babestuta sentitu zirelako. Estres hori desagertzen hasi zenean, herritarrak bere buruarengan pentsatzen hasi ziren, eta osasuna zaintzea erabaki zuten. Sare sozialetan, nutrizionisten, entrenatzaile profesionalen eta abarren boom bat egon zen, eta horrek guztiak eragina izan zuen.

Zer gomendatuko zenuke herritarren artean fruta kontsumoa sustatzeko, bereziki haur eta nerabeen artean?

Goitik beherako heziketa ezinbestekoa da frutaren kontsumoa sustatzeko. Gurasoei esango nieke seme-alabak fruta jaten ohitzeko eta modu desberdinetan jartzeko platerean, haiek ikusten dutenean jateko gogoa izan dezaten. Etxeko heziketa oso garrantzitsua da. Ikastetxeetan, berriz, lanketa handia egin beharra dago. Elikagai mota asko daudela erakutsi behar da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.