«Maximalistak ez gara; inoiz baino pragmatikoagoak gara gu»

Ivan Santamaria.
Bilbo
2015eko apirilaren 25a
00:00
Entzun
ELA nagusi izan da hauteskunde sindikaletan, baina sindikatuak jomugan daudela ohartarazi du.

Duela gutxi jakin ditugu hauteskunde sindikalen emaitzak. ELAk bereari eutsi dio; zein da zuen interpretazioa?

Hauteskunde gogorrak izan dira, eta gure militantziak txalo bat merezi du. Gogoratu zein zen patronalaren desira duela urte eta erdi. Confebaskek zioen ELAk bost puntu galdu behar zituela estrategia aldatu behar izateko.

Patronalak eta Jaurlaritzak bat egin dute ELAren kritikan. Inoizko kritika gordinenak izan dira?

Gobernuek bat egin dute gure erakundearen estigmatizazioarekin. Eusko Jaurlaritzak ez du nahiiruditzea Euskal Herria gizarte gatazkatsua dela. Gizarte gatazkatsua da; injustiziak daude. Injustiziak dauden bitartean, gatazkak egongo dira. Astakeria da gobernuak esatea gu maximalistak garela. Inoiz baino pragmatikoagoak gara gu.

Aukeratutako ordezkari kopurua %17 apaldu da 2007. urtetik. Sindikatuen babes sarea ahultzen ari da?

Ezin da soilik horrela esan. Krisiak sektore guztietan gutxitu ditu ordezkariak. Zerikusia du botere orekak, askatasun sindikalak, gero eta gehiago dagoelako paperetan, baina ez errealitatean. Mundu osoan jazartzen ari zaizkie sindikatuei, eta hemen ere bai.

Hemen ere sindikatuen aurka egiten ari direla uste duzu?

Gatazka sozial eta sindikalekin gertatuko denari buruz kezka handia dugu. Bilera bat eskatu diogu Herrizaingo sailburuari. Herritarren Segurtasunerako Legea eta protestak kriminalizatzeko saioak ikusita, Ertzaintzak izango dituen protokoloei buruz hitz egin nahi dugu. Kezkatzen gaitu Ertzaintzak zer jarrera hartuko duen, ez baita atestatu bat epai bihurtu den lehen aldia.

Nola lortu lanpostu batetik bestera jauzika dabilen pertsona bat sindikatuan engaiatzea?

Zoritxarrez, enpresa itxita amaitu diren gatazka askotan egon gara, baina hor egon diren pertsonek balio handia eman diote sindikatuaren lanari. Ziur nago soldata galdu dutelako sindikatua uztea erabakitzen dutenak ere pozik daudela egindako lanarekin.

Langileen klase kontzientzia galdu bada, nor da erantzule?

Sistema, kapitalismoa dela esan behar da; baina geure erantzukizuna da, hori jakinda, ELAk zer egiten duen hori suspertzeko. Autonomia finantzarioaren balioa, kontrabotere izateko hautua, eta formakuntza. Baliteke nahikoa ez izatea, baina asko egiten ari gara formakuntzan. Ideologiarik gabe, ezin da ulertu gertatzen ari dena. Neoliberalismoa eta indibidualismoa irabazten ari dira.

Amaitzen ari da aldundietan agintaldia. Berrikuntza Bilduren gobernua zen. Gehiago espero zenuen gobernu horretaz?

Bai, gehiago espero nuen. Iritsi eta berehala, bankarizazioa gertatu zen. Okerra zela esan genuen, eta bakarrik geratu ginen. Eta gauza bat da edukia, eta beste bat nola kudeatzen den bestearen interpelazioa. ELAk autonomia osoz jokatu zuen, eta oso gauza gordinak esan zituzten geure aurka. Kultura politikoarekin zerikusia du horrek. Gero, zerga politika dago. Ez da parte hartzerik izan, eta opakutasunak jarraitu du. Hor ez du ekarpenik egin. Pedagogia ere ez da egin. Bestalde, gauza batzuk ere ondo egin ditu, egoitzen gatazkan, esaterako.

Pedagogian ere ez duzu alderik ikusten Hegoaldeko lau ogasunen artean?

Erretorikan bai, baina edukietan ez. Helburu bihurtu dute fortuna handien zerga. Horren bilketa ez dago lehen zegoen ondare zergaren gainetik. Elementu askoz gehiago daude: sozietate zergan ere ez da ezer egin.

Bilduk ere kritikatu zaituzte. EAJ, PSE-EE eta PPren zerga «kontrarreforma» gertatu zenean ezer ez egitea leporatu dio ELAri.

Baina gu kalean egon gara. Gizarte honetan ez dakit nork egin duen ELAk baino gehiago zerga politikan. Salatu dugu EAJren, PSEren eta PPren arteko akordioa. Opor fiskalen epaia ere geuk bakarrik eraman genuen auzitara. Gipuzkoan, Bilduk arrazoi du kontu batean: sistemak blindatze itzela duela aldaketen aurka. Baina zuk badakizu zeintzuk diren zure mugak hor sartzean. Ez bihurtu aurkari kanpotik interpelatzen zaituena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.