Matrici kooperatiba likidazioan sartuko da

Hartzekodunen konkurtsoan zegoen 2022ko uztailetik. 79 langile ditu gaur egun.

Matrici kooperatibaren lantegia, Zamudion. MONDRAGON.
Matrici kooperatibaren lantegia, Zamudion. MONDRAGON
aitor biain
2024ko urriaren 24a
20:15
Entzun

Matrici Zamudioko (Bizkaia) trokelgintza kooperatibak ez du lortu kinka larritik onik ateratzea, eta likidazio fasean sartuko da. Mondragon taldeko kidea da, eta duela bi urte hartzekodunen zerrendan sartu zen. 

Autogintzaren krisiaren biktima izan da kooperatiba. Bideragarritasun planak kate motzean lotu zuen hainbat urtez, eta aeronautikaren atea ere jo zuen, dibertsifikatzeko. Baina trokelgintzaren egiturazko krisiak eta lan karga lortzeko zailtasunek ezerezean utzi dituzte kooperatibaren ahalegin guztiak.

«Kooperatibaren egoera asko ahuldu da, eta enpresa proiektuak etorkizuna bermatzeko behar diren bideragarritasun baldintzak betetzea eragozten du», adierazi du Mondragon taldeak TU Lankide agerkarian argitaratu duen oharrean.

Matricik 79 bazkide langile ditu gaur egun, eta horiei irtenbide bat ematen ahaleginduko da Mondragon. Aurrez, ehundik gora korporazioko beste kooperatiba batzuetan jarri dituzte, eta beste berrogeik erretiro aurreratua hartu dute.

Urte zailak dira trokelgintzarentzat. Europan autogintza zabalkunde betean zegoenean, nabarmen ugaldu ziren trokelgintzako eta matrizegintzako fabrikak Euskal Herrian, baina urte gutxiren buruan enpresa horietako batzuk itxi egin dira: Araluce 2019an, GTS Matriceria Deusto 2021ean, Troquenor 2013an, Troqueleria Irurak 2009an, Ayalar 2009an, Untror 2009an... 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.