Materialen kontsumoa zortzi tona murriztu da biztanleko EAEn

2018az geroztik %54 murriztu da zabortegietara iristen diren hondakinen kantitatea. Apirilaren 2tik 4ra bitartean, Basque Circular Summit jardunaldiak egingo dituzte, Bilboko Euskalduna jauregian.

Beira birziklatua berriro erabiltzeko prest, Vidralaren Laudioko lantegian. JON HERNAEZ / FOKU
Beira birziklatua berriro erabiltzeko prest, Vidralaren Laudioko lantegian. JON HERNAEZ / FOKU
Bilbo
2025eko martxoaren 26a
15:45
Entzun 00:00:0000:00:00

«Gure industriaren lehiakortasuna bermatzeko, kanpoko lehengaiekiko dugun mendekotasuna murriztea ezinbestekoa» da, Eusko Jaurlaritzaren ustez. Helburu hori lortzeko, «ekonomia zirkularra ezinbesteko tresnatzat» jo du Irantzu Allende Eusko Jaurlaritzako Trantsizio Energetikoko sailburuordeak. Azpimarratu duenez, 2005. urteaz geroztik, materialen kontsumoa zortzi tona murriztu da biztanleko Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Horrek ingurumenari dakarzkion onurak ahaztu gabe. «Gure ekonomia haztea lortzen ari gara, baliabideak gutxiago erabiliz», Allendek azpimarratu duenez.

Eusko Jaurlaritzak eta Ihobe sozietate publikoak antolatutako Basque Circular Summit jardunaldien aurkezpenean egin ditu adierazpen horiek Trantsizio Energetikoko sailburuordeak. Apirilaren 2tik 4ra bitartean izango da bilkura, eta mila parte hartzaile eta nazioarteko 140 aditu baino gehiago elkartuko dira, Bilboko Euskalduna Jauregian.

Bada, gaurko aurkezpenean, ekonomia zirkularraren alorrean azken urteetan emandako aurrerapausoak aipatu dituzte Eusko Jaurlaritzako eta Ihobeko arduradunek. Gogoratu dutenez, bost urte igaro dira Europako Itun Berdea onartu zenetik. Ekonomia zirkularraren aldeko apustu horri esker, «eredu ekonomikoa aldatzeko beharrezko oinarriak finkatu ditu Europak». «Hori guztia, egungo ingurumen erronka hauei aurre egiteko, eta lehiakortasuna eta jasangarritasuna uztarri berean eramango dituen eredu ekonomiko bateranzko urratsa egiteko», azaldu dutenez.

Basque Circular Summit
Basque Circular Summiten aurkezpena, gaur, Bilbon.

EAEn ere eragina izan dute jardunbide horiek.Orain bi aste argitaratutako Euskadi 2024 Ingurumen Koiuntura txostenak jasotzen duenez, «BPG barne produktu gordinaren eta materialen etxeko kontsumoaren arteko erlazioa neurtzen duen produktibitate materialaren indizea 1,49tik 3,79ra igo da». Horrek erakusten du «lehengai gutxiago erabilita gehiago ekoizteak duen garrantzia».

Zabortegietara ere material gutxiago iristen ari da. 2018tik 2024ra %54 txikitu da zabortegietara bidalitakoa. 2030erako 2018an botatakoaren %15 besterik ez iristea da Eusko Jaurlaritzaren helburua, Josu Bilbao Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordeak azaldu duenez. «Hori guztia posible izan da politika publiko handinahiak aplikatu direlako eta 31,2 milioi euro inbertitu direlako isurketak minimizatzeko eta haien berrerabilera material sekundario gisa sustatzeko», ziurtatu du, eta dei egin die herritarrei bakoitzak bere etxean zaborraren kudeaketa egokia egitera.

Lehiakortasuna eta enplegua

Bilbaoren hitzetan, EAE «erreferentea» da ekonomia zirkularrean, «bai Europan, bai Espainiako batez bestekoari dagokionez». Emaitza horiek lortzeko, «erakunde publikoek horren alde egindako apustua ezinbestekoa» izan da, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordeak dioenez; baita «erakunde publiko eta pribatuen arteko elkarlana» ere. Ildo berean, «azpiegituren garapena eta hondakinak baliabide bihurtzeko egindako ahalegina» nabarmendu ditu.

Ekonomia zirkularrak enpresen «lehiakortasuna areagotzeko eta negozio aukera berriak sortzeko» duen garrantzia azpimarratu du Allende sailburuordeak. Bi kopuru aipatu ditu tesi hori berresteko. Bata, Europan 1,8 bilioi euroko onura ekar lezakeela 2030erako. Bestea, «ekonomia zirkularreko estrategiak ezartzearen aldeko apustua egin duten Euskadiko enpresen fakturazioa batez beste %12 handitu» dela.

Enpleguaren sorrerari dagokionez, Europan, 2030erako, ekonomia zirkularrak 700.000 lanpostu sortzea espero da. EAEn «zuzeneko bost mila lanpostu gehiago dago» jadanik hari esker, Allendek adierazi duenez.

Lehengai kritikoak

Gaur egungo egoera geopolitikoa ere izan dute hizpide Basque Circular Summit jardunaldien gaurko aurkezpenean. Azken aste hauetan, hedabideen ahotan izan dira litioa, kobaltoa, nikela, titanioa eta beste lehengai kritikoak, funtsezkoak direlako automobilgintzarako, energia berriztagarrietarako eta beste industria batzuetarako. Allendek esan duenez, «Europako Batasunak material horien %80 baino gehiago inportatu behar izaten ditu, eta Euskadiko industriak lehengai horien prezioen gorabeherak eta eskasia sufritzen ditu». Gauzak horrela, «ekonomia zirkularra ezinbesteko tresnatzat» jo du kanpoko lehengaiekiko mendekotasuna murrizteko.

Europako Batzordeak atzo aurkeztu zituen lehengai kritiko horiek EBn bertan eskuratzeko aukeratutako 47 proiektu estrategikoak, eta horietatik zazpi Espainian daudela jakinarazi du Alexander Boto Ihobeko zuzendari nagusiak.

HIRU BILKURA BATEAN

Mila parte hartzaile baino gehiago izango dira apirilaren 2tik 4ra Bilboko Euskalduna jauregian egingo duten Basque Circular Summit jardunaldietan. Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak eta Ihobek antolatuta, nazioarteko 140 adituk baino gehiagok parte hartuko dute antolatutako mintegietan. Gainera, ehun enpresak baino gehiagok 150 produktu erakutsiko dituzte. Horietatik %70 berrikuntzak dira. Horrekin lotuta, Basque Circular Best 2025 sariak banatuko dituzte. Azkenik, ekonomia zirkularraren alde lan egiten duten hogei eragile eta erakundek beren esperientzien berri emango dute Basque Circular Village izeneko gunean.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.