Masorange taldeak bere lantaldearen %10 kaleratu nahi du

Borondatezko 750 kaleratze iragarri ditu Orangeren eta MasMovilen bat egitearen ondorioz sortutako enpresak. Euskalteleko enpresa batzordeak uste du ez dagoela justifikatuta.

Orangeko eta Masmovileko buruak, konpainia berria aurkeztu zutenean, martxoan. RODRIGO JIMENEZ / EFE
Orangeko eta Masmovileko buruak, konpainia berria aurkeztu zutenean, martxoan. RODRIGO JIMENEZ / EFE
Iker Aranburu.
2024ko irailaren 3a
13:00
Entzun

Joan den martxoan, Orange eta Masmovil telefono konpainien bat egitea onartu zuenean, baldintza bat jarri zion Espainiako Gobernuak konpainia berriari: fusioak eragin txikia izatea enpleguan. Bost hilabete geroago, konpainia berriak, Masorangek, kopuruak jarri dizkio promesa horri: 795 langile kaleratzeko enplegu erregulazio espediente bat aurkeztu du, lan asko bikoiztuak dituela argudiatuta. Hau da, enpresa berriaren langileen %10.

Enpresak azaldu duenez, ez du kaleratze traumatikorik egin nahi, eta konpainia uzteko prest leudekeenak kaleratuko dituzte, orain negoziatu behar duten kalte-ordain batekin.

Erregulazioak eragina izango du Euskal Herrian ere, baina oraindik ez dago garbi zer eragin izango duen. Izan ere, lantaldeari sei atal kendu nahi dizkio Masorangek, eta horien artean daude Euskaltel eta harekin batera konpainia berrian sartu zen R-Telecable Galiziako eta Asturiasko adarra —2021ean Euskaltel taldea irentsi zuen MasMovilek—.

Euskalteleko langileentzat, «onartezina»

Europa Press agentziari adierazi dionez, erregulazioari «erabateko arbuioa» dio Euskalteleko langile batzordeko presidenteak, Javier del Blancok (CCOO). Haren iritziz, «onartezina da» lantaldea txikitu nahi izatea, enpresak «jarduera handia» eta irabaziak dituelako. Haren esanetan, arlo batzuetan langileak falta dira, eta, hortaz, arlo batzuetan sobera egon daitezkeen beharginak arlo horietara bideratu behar dituzte.

Euskaltelek 280 langile inguru ditu orain, baina 600 ere izan zituen inoiz. Jabe berriek Euskaltel markari eutsi diote, eta talde horretakoak dira beste hainbat marka: Guuk, Orange, Mas Movil, Virgin Telco, Yoigo, Jazztel, Pepephone, Symio, Lebara...

Enplegu erregulazioa Madrilen negoziatuko dute, eta sindikatuen aldetik hamar ordezkari izango dira: CCOOk lau izango ditu, eta hiruna CCOOk eta Feticok. Negoziazioa hilaren 17an da hastekoa eta, hasieran, hilabete iraungo du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.