Telekomunikazioak

Masmovilek eta Orangek batzeko prozesua hasi dute

Biek erdibana kontrolatuko duten enpresa bat sortuko dute. Orangeren esku geratzen da aurrera begirako salmenta. Iaz, Masmovilek Euskaltel erosi zuen.

Meinrad Spenger Masmovileko kontseilari ordezkaria, enpresa burtsaratu zutenean, 2017ko uztailean. JUAN CARLOS HIDALGO (EFE)
jokin sagarzazu
2022ko martxoaren 8a
12:15
Entzun

Orange eta Masmovil negoziatzen hasi dira Espainian dituzten negozioak batzeko; helburua litzateke bi operadoreen artean %50ean kontrolatutako joint venture —epe luzerako enpresa bateratu bat— sortzea. Biak batuta, Espainiako lehen telefonia operadorea bihurtuko lirateke.

Azken bi hamarkadetan Espainiako telekomunikazioen sektorean egin den fusiorik handiena izango litzateke: Vodafonek 2014an Ono erosi zuen, 7.200 milioi euroren truke; 2015ean, Orangek Jazztel erosi zuen, 3.300 milioirengatik; eta iaz Masmovilek gauza bera egin zuen Euskaltelekin, 2.000 milioiren truke. Bi enpresek espero dute prozesua 2023ko bigarren hiruhilekoan bukatzea, behin administrazioaren, konpetentziaren eta erregulazio agintarien baimena lortuta.

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko sailburuak ontzat jo du operazioa, gauzatzen bada «Euskaltel enpresa handi bateko kide» izango delako, eta horren eskutik teknologia berrienak eskurago izango omen dituelako. Tapiak ziurtatu duenez, Masmovilek agindu dio Euskaltel markari eta enpresaren egiturari eutsiko dietela. Konpromiso horien artean daude egoitzak eta lantaldea Bizkaian jarraitzea eta enplegua erregulatzeko espedienterik ez egitea gutxienez 2026. urtera arte.

Erakunde berriak 19.600 milioi euroko balorazioa izango luke; Orangerena 8.100 milioi eurokoa da, eta Masmovilena, 11.500 milioikoa, Euskaltel barne. Masmovilen balorazioa handiagoa den arren, akordioak jasotzen du ea Orangeren kontrolpean egongo litzatekeen salmenta eskaintza publiko bat egiteko aukera.

Operadore handien artean Masmovil da gazteena, eta bera da azken urteetan mugimendu gehien egin duena. Apirilean, zenbait iturrik ia egintzat eman zuten Vodafoneren eta Masmovilen arteko fusioa, baina azkenean Orangerekin egin du akordioa. Orain arte, lehiari buruzko Europako legedi gogorrak oztopatu egin ditu bat egiteak, baina Europako Batasuneko Auzitegi Orokorrak iaz emandako ebazpen batek erraztu egin ditu.

Aldaketa handiak sektorean

Masmovil Andoainen (Gipuzkoa) sortu zen, baina egun Madrilen du egoitza, eta Jersey uharteko paradisu fiskaleko bi inbertsio funtsek kontrolatzen dute. Iaz, Euskaltel erosita, Hego Euskal Herriko lehen telefonia operadorea bihurtu zen, Movistar, Vodafone eta Orangeren gainetik. Euskaltelez gain, Hego Euskal Herrian soilik aritzen den Guuk operadorearen jabea ere bada. Legez, gehienez lau operadore handiek gehi Euskaltelek (zuntzean) jardun dezakete Hego Euskal Herriko sarean. Aritzen diren besteek —operadore birtual edo alternatiboek— konpainia nagusien sareak araututako prezioan alokatuz funtzionatzen dute.

Azken urteetako joera merkatuaren dibertsifikazioa izan da, konpetentzia handiagatik. Kalkulatzen da azken hamarkadan diru sarreren heren bat inguru galdu dutela konpainia handiek. Gainera, zerbitzuaren kalitatearen ikuspegitik, denbora asko zeramaten ezer bereizgarririk eskaini gabe, eta bezeroak erakartzeko modu bakarra prezio politika oldarkorrera batzea izan da. Azken urteetan, operadore alternatiboekin lehiatzeko konpainia handiek kostu apaleko markak sortu dituzte edo konpainia txiki horietako batzuk erosi.

Adituen arabera, sakoneko mugimendu bat gertatzen ari da sektorean. Kontzentraziorako joera nagusitzen ari da, 5G teknologia dela eta. Operadoreak behartuta sentitzen dira inbertsio handiak egitera. Era berean, bestelako negozio esparru batzuetan hasiak dira: txikizkako bankan, aseguruetan, energietan... Zerbitzu anitzeko enpresa bihurtzea da telefono operadoreen helburua. Baina, haiena bezala, baita beste sektore batzuena ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.