Lan hitzarmen gehienen indargabetzearen beste zehar kalte bat dira pentsio osagarriak. Duela bi aste, Adegik eskatu zien enpresei ekarpenik ez egitea Geroari, horretara behartzen zituen lan ituna bertan behera geratu zenez, ez zutelako horretarako beharrik. Oraindik ere uste du ez daudela behartuta, baina martxora arte beren langileei dagokien zatia ordaintzeko galdegin die patronalak Gipuzkoako enpresei.
BGAE Borondatezko Gizarte Aurreikuspenerako Erakundeetan bazkide gehien dituena da Geroa. BGAEn federazioaren 2013ko lehen hiruhileko datuen arabera, Geroak 240.000 bazkide ditu, eta 1.241 milioi euroko ondarea. Gipuzkoako metalgintzan sortu zuten 1996an, eta lan hitzarmen horri lotuta dagoen arren, beste sektoreetara eta lurraldeetara ere hedatu da. Kudeatu, baina, Gipuzkoako metalgintzako aktoreek kudeatzen dute: botoen erdiak Adegik ditu, eta beste erdiak lau sindikatu nagusiek dute, bakoitzak dagokion proportzioan.
Hilaren 11n argi gorriak piztu ziren Geroan, Adegik eskatu zuenean ekarpenik ez egiteko. Metalgintzako kasuan, soldataren %2,3 sartzen dute Geroan enpresak zein langileak. Diru gehiago ez sartzeak arriskuan jarriko luke BGAEa, hilero osatu behar dituelako erretiroa hartu duten milaka langileren pentsioak. Federazioaren azken datuek diotenez, hiruhileko horretan 21 milioi sartu ziren Geroaren kutxan, eta 10,4 milioi atera.
Azterketa juridiko berria
Geroaren gobernu batzordea atzo bildu zen berriro, Adegik eskatuta. Azken asteotan, haren enkarguz, Cuatrecasas abokatu bufeteak Geroaren estatutuak aztertu ditu, ekarpen gehiago ez egiteko oinarri juridikorik ote zegoen ebazteko —aurretik zeuden txosten juridikoek ez zuten aukera hori ematen—. Adegik agiri batean esan duenez, azterketa berriak ere ez du afera guztiz argitu. «Ez dago zalantzan jarri ezin daitekeen ondoriorik, ez alde batera, ezta bestera ere», dio patronalak.
Hori dela eta, enpresaburuen elkarteak proposatu du batzorde bat sortzea ekarpenen derrigortasunari buruz ez ezik, baita «Geroaren etorkizuna berriro definitzeko ere». Patronalak uste du «malgutasuna eman behar zaiola eta langileen eskaeretatik gertu» egon behar duela.
Adegiren proposamena ontzat hartu zuen atzo, haren eta CCOOren eta UGTren botoekin. Proposamen horri beste batekin erantzun zion ELAk, eta LABen babesa jaso zuen. Sindikatu aber- tzaleek ez dute gaizki ikusten Geroaren etorkizuna aztertzeko batzorde bat sortzea, baina talde horrek martxoko muga izatea salatu dute. «Datari garrantzi handiagoa ematen zaio negoziazioari baino», salatu du Joseba Villarreeal ELAko negoziazio kolektiboko arduradunak. Haren ustez, muga horrek aukera ematen dio Adegiri haren amaieran nahi duena egiteko. Patronalak txosten juridiko berria eskatzea «arraroa» iruditu zaio, «ez baita ohikoa aurrekoa bezain txosten argiari sakoneko zuzenketak egitea». Cuatrecasasek patronalarekin lotura oso zuzena duela dio.
Martxora arte Geroari ekarpenak egiteko eskatu du Adegik
Patronalaren ekinbidez, pentsio osagarrien plan handienak bere etorkizuna aztertzeko batzorde bat osatuko du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu