Martxan dago jadanik N-1eko kamioientzako bidesari sistema berritua

Justiziak sistema bertan behera utzi eta gero, Gipuzkoako Aldundiak proiektua zuzendu behar izan du, eta bidesari berria martxan da gaurtik

N-1eko bidesari sistemaren AT arku bat Andoainen. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
xabier martin
2019ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Gipuzkoako kamioientzako bidesari sistema bertan behera uzteko agindua eman zuen iazko apirilean; ordutik, Foru Aldundia erlojuaren aurka aritu da bidesari sistema berritu eta atzera martxan jartzeko, auzitegiak jarritako eragozpenei izkin eginez. Tarifak aldatu dira, eta arku batzuen kokapena ere bai. Alderik handiena da A-15eko zatia zergapetuko duen arkua Astigarragan dagoela orain, eta hark kudeatuko duela tarte hori, ez Irungo arkuak. Andoaingo zatiaren truke orain arte pagatu duten kopurua halako bi ordainduko dute kamioilariek aurrerantzean. Aldaketa guztiak egin dituzte justiziak bere ebazpenean nabarmendutako bidesariaren izaera baztertzailea saihesteko; alegia, kamioilari atzerritarrek eta bertakoek, hau da, Gipuzkoa barruan ibiltzen direnek, ekarpen orekatuagoak egin ditzaten N-1 errepidea erabiltzearen truke.

Hamasei hilabete iraun du Gipuzkoak kamioilarientzat martxan jarritako lehen bidesari sistemak. Espainiako Auzitegi Gorenak haren legezkotasunaren inguruan ebatzi behar du oraindik, baina iragana da jadanik, Foru Aldundiak sistema berritu baitu legezkoa izan dadin. Gaurdanik, lau dira kamioilariek pagatuko dituzten tarteak N-1ean eta A-15ean, eta bi arku berri izango ditu sistemak; Astigarragan bat, eta Andoainen bestea (bigarrena). Ordainketa berri horiekin, sistemaren aurkako edozein salaketak aurrera egin dezan eragotzi nahi du aldundiak.

Hiru arku nagusi

Atzo arte indarrean egon den bidesarien sistemaren %75 aldatu da. 10,8 milioi euroko bilketa egin du sistemak azken urtean, eta erakundea ez dago prest diru sarrera horiek galtzeko, errepide sare bera mantentzeko ekarpen garrantzitsua baita.

Bidesari egokituak lau arkuizango ditu: Etzegaraten, Andoainen (bi) eta Astigarragan. Hala,Andoain-Andoain (2,2 km) eta Idiazabal-Etzegarate (7,4) tarteak ordainduko dira, batetik; 0,48 edo 0,62 zentimo pagatuko dituzte kamioilariek Andoaingo tarte txikiaren truke —hamabi tonatik beherako edo gorako kamioiak diren—. Astigarragatik Etzegaratera joateagatik, berriz, 4,24 eta 5,32 euro ordainduko dira. Horrek esan nahi du Gipuzkoa gurutzatzen duten atzerriko kamioilariek 1,3 eta 1,5 euro arteko kopurua aurreztuko dutela sistema zaharrarekin alderatuta.

Sistema egokituan tarte berri bat dago, gainera, Astigarragako arkutik (A-15) AP8ko lotunera artekoa, Astigarragan bertan. Hala, ordainpeko barneko tarteak luzatu egin dira, 2,2 kilometrotik 5,37ra, Andoaingo arkuak kobratzen duenaren kasuan. Baina Gipuzkoa zeharkatu ahal izango da 4,24 euroren truke, edo 5,32ren truke, kamioi handienekin bada. Atzo arte, 5,56 eta 6,89 euro ziren. Aldundiak kalkulatu du egunero 30.000 kamioi pasatzen direla batez beste arkuetatik.

Europako Batzordearen oniritzia dauka AT bidesari sistema berriak, baina Espainiako Auzitegi Gorenarena beharko du, sistema berria ere salatu baitute garraiolarien patronalek. Sistema zaharraren eta berriaren inguruan erabaki behar du auzitegiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.