'Brexit'-a. Akordioa

Martxan da 'brexit'-aren akordioa indarrean jartzeko prozedura

Urtarrilaren hirugarren astean ezarriko dute osorik, Europako Parlamentuak babestean. Laboristek alde bozkatuko dute, eta Eskozian Sturgeonek esan du independentzia erreferenduma egingo duela

Europako Batasuneko negoziazio taldeko buru Michel Barnier, atzo, estatuetako enbaxadoreekin, akordioaren testua azaltzeko eginiko bileran. OLIVIER HOSLET / EFE.
jokin sagarzazu
2020ko abenduaren 26a
00:00
Entzun
Alde bateko zein besteko herritarrek aste honetan kamioilariek pairatu dutena biziko dute urtarrilaren 1etik aurrera. Egun horretan gauzatuko da brexit-a eta berrezarriko dira mugak eta aduanak Mantxako kanalaren alde bietan. Lau urte luze iraun duten negoziazioen ostean, herenegun itxi zuten akordioa Londresek eta Bruselak. Eta hori indarrean jartzeko prozesua martxan jarri dute.

Dena den, ituna ez da osorik aplikatuko denbora batez, Europako Parlamentuak onartu arte, gutxienez. Aurreikusita dago bozketa hori urtarrilaren 18ko astean egitea. Erresuma Batuko Komunen Ganberan, berriz, datorren asteazkenean egingo dute. Zalantzarik ez dago batean zein bestean baiezkoa gailenduko dela. Europako Batasuneko (EB) bozeramaile Sebastian Fischerrek adierazi duenez, akordioa «pixkanaka» ezarriko da, EBren eta Erresuma Batuaren arteko harreman ekonomikoetan «etenaldi esanguratsurik» izan ez dadin. «Horrela egingo ez balitz, ondorioak larriak izango lirateke herritarrentzat eta enpresentzat». Horri esker, halaber, berrespen prozesua modu «demokratiko, egoki eta osoan» egin ahalko delaazpimarratu du.

Batasuneko enbaxadoreek atzo jaso zuten akordioa, negoziazio taldeko buru Michel Barnierren eskutik. Fischerrek azaldu duenez, estatuek «denbora pixka bat» eskatu dute testua aztertzeko. Zerrenda bat galdegin dute, prest egoteko urtarrilaren 1etik aurrera hartu beharko dituzten neurri nagusiekin. Horrekin batera, EBko aurrekontuan brexit-erako aurreikusitako diru funtsa aktibatzeko eskatu dute: 5.000 milioi eurokoa, hausturak kalterik handiena egingo dien herrialde eta sektore ekonomikoak laguntzeko.

Atzoko bileraren ostean, gobernuek egun batzuk izango dituzte akordioa aztertzeko, eta, egun batzuk barru, Kontseiluan bilduko dira, bozketarako. Ez dirudi traba handirik planteatuko dutenik, orain arteko erreakzioak ikusita. Oro har, azpimarratu dute akordioak ziurtasuna ekarriko duela Erresuma Batuarekiko harreman ekonomikoetan. Angela Merkel Alemaniako kantzilerraren esanetan, positiboa da lotura erabat hautsi ez izana. «Erresuma Batua aliatu garrantzitsua izango da aurrerantzean ere Alemaniarentzat eta EBrentzat».

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak negoziazio prozesuan EBko kideek agertu duten «batasuna eta irmotasuna» nabarmendu ditu, eta azpimarratu du itunak modua emango duela Batasuneko «herritarrak eta ekoizleak babesteko». «Hemendik aurrera, Europa aurrera doa, eta etorkizun batu, burujabe eta indartsu bati begira diezaioke».

Akordioari buruzko iritzia emateko orduan, Paris soilik mintzatu da garaile eta galtzaile terminoetan, azken egunetan bi hiriburuen artean izan den tentsioaren erakusle. Atzo, Clement Beaune Europako Gaietarako estatu idazkariak adierazi zuen Boris Johnsonen gobernuak «amore eman» duela bere asmo gehienetan. Abenduaren 4an, negoziazioak erabat blokeatuta zeudela, Beaunek berak ohartarazi zuen Frantziak ez zuela akordiorik babestuko beretzat ona ez bazen. «Munduan ez da egongo herrialderik Erresuma Batua adina esportazio arauren mende egongo denik. Hori izan zen ezinbesteko baldintza guretzat». Frantzia da Erresuma Batuko ondasunen sarrera nagusia: merkataritzaren %70 Calaisko eta Dunquerqueko portuetatik igarotzen da, eta eurotuneletik. Eta Paris izan da, hain zuzen ere, azken egunotako protagonista. Izan ere, Erresuma Batuan agertu den COVID-19aren aldaera berria dela-eta, muga itxi eta kaosa sortu du Mantxako kanalaren bi aldeetan. Akordioa egin bezperan ireki zituen bideak.

Johnsonen «oparia»

Bestaldean, Boris Johnson pozarren azaldu zen atzo komunikabideen aurrean. «Opari bat daukat Gabonetako bazkariaren ondoren zerbait irakurri nahi dutenentzat», adierazi zuen, itunaren ehunka orrialdeak astinduz. Txantxa egin zuen, halaber, esanez orain artekoa «aperitiboa» izan dela eta ituna «arrainez betetako oturuntza» dela. Arrantza kuotak izan dira negoziazioko gai korapilatsuenetariko bat, bereziki Frantziaren presioagatik —interes ekonomiko handiak ditu Ingalaterrako eta Eskoziako uretan—, eta Johnsonek garaipen moduan aurkeztu du alor horretan lortutakoa. Dena den, ez zuen interpretazio sakonik ez horri buruz, ez akordioaren gainerako edukiez.

Testua datorren asteazkenean bozkatuko dute Komunen Ganberan. Johnsonek gehiengoa du bere alderdi politikoaren babesarekin soilik, eta, gainera, laboristen babesa ere jasoko du, «hobe hau ezer baino» kontsignapean, Keir Starmer buruzagiak aurreratu duenez. Zalantza bakarra tory euroeszeptikoenen botoa izango da. Erresuma Batuko enpresarien elkarteek, berriz, «ongietorria» eman diote akordioari, baina laguntza ekonomikoak eskatu dituzte, neurri eta araudi berrietara egokitzeko.

Kritikak Edinburgotik

Eskoziako Gobernua oso kritiko agertu da akordioarekin eta banantze prozesu osoarekin oro har. Nicola Sturgeon ministro nagusiak gogorarazi du eskoziarren gehiengoak brexit-aren aurka bozkatu zuela, eta azpimarratu zuen haientzat «txarra» dela akordioa. Hori dela eta, hitzeman du independentziaren aldeko beste erreferendum bat bultzatuko duela, «independentzia lortu ondoren Eskozia berriz ere Europako Batasunean sar dadin, orain galdutako eskubide guztiekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.